Netflix Europara dator. Filmak alokatzen eta Interneten bidez zabaltzen AEBetan arrakasta handia lortu du enpresak, eta Kanadan zein Hego Amerikan hedatu ondoren, zerbitzua ematen hasiko da Espainian datorren urtean, eta Frantzian hurrengoan. Zergatik hasi Espainian? Batzuek pirateria deitzen duten horren aurkako sendagai eraginkorra dela frogatu duelako AEBetan.
Netflix bi gauza dira: alde batetik, DVDak alokatu eta postaren bidez helarazten dituen zerbitzua; bestalde, Interneten bidez filmak ikusteko sistema, streaming bidez, filma deskargatzeko eta norbere disko gogorrean gordetzeko beharrik gabe. Bi zerbitzuak, hileroko kuota finko baten truke eskaintzen dituzte, film kopurua mugatu gabe.
Arrakasta itzela AEBetan
Interneteko enpresen historiako arrakastarik handienetakoa izan du Netflixek. 1997. urtean sortu zuten, Kalifornian (AEB), eta2002.erako ia 200.000 disko bidaltzen zizkien 670.000 bazkideri. Denbora laburrean aurrea hartu zion Blockbuster konpainiari, hau da, film alokairuaren negozioan munduko lehena zenari. Iazko udazkenean porrot egin zuen Blockbusterrek.
AEBetan, honela funtzionatzen du zerbitzuak: izena ematean, zerbitzu mota eta kuota aukeratzen dituzu. Kuota tipikoa 10 dolar inguru kostatzen da (ia 7 euro). Horrek eskubidea ematen dizu nahi adina film jasotzeko etxean, posta arruntaren bidez. Baina hurrengo diskoa jaso aurretik, ikusitakoa itzuli egin behar duzu, diskoarekin datorrengutun-azalean.
Horrez gain, filmak Interneten bidez ikus ditzakezu, ordenagailuan. Aukeratu, play sakatu eta kito. Horrela ikusten diren filmen eraginez, Netflix AEBetako Interneteko trafikoaren ia %25 hartzen du. Izan ere, AEBetan 23 milioi bezero ditu Interneten bidezko zerbitzuak, eta dagoeneko beldurtuta dauzka HBO edo Showtime ordainpeko kateak.
Horrez gain, dagoeneko ari dira telesail bat Netflixerako propio ekoizten: House of cards.
AEBez kanpo, streaming bidezkoa baino ez dute eskaintzen, eta horixe zabalduko dute Europan datorren urtetik aurrera.
Pirateatzea baino errazago
Interneten bidez filmak trukatzeak eta Interneten leku alegal batean ikusteak arrakasta handia izan du, baina ez soilik filma doan lortzen delako, baita bide ofizialetatik eskuratzea baino errazagoa delako ere. Horri buelta eman nahi dio Netflixek: lortzen badugu gure sistema P2P sareak erabiltzea baino errazagoa izatea eta streamingguneek baino kalitate hobearekin eta legalki, jendea prest egongo da hilero kuota bat ordaintzeko. Ideiak funtzionatu egin du AEBetan: BitTorrenten edo YouTuberen trafikoa halako hiru ditu Netflixek.
Europan funtzionatuko duen zalantzan da, ordea. «Betiko arazoa du honek», dio foro bateko zinemazale batek: «Espainiara heltzen denean, 50-80 euro kostako da hilean». AEBetan ere, apustuaren arriskua ikusten hasi dira. Uztailaren 12an, kuota %60 garestitu zien Netflixek bezeroei. DVDen alokairua eta streaming-a elkarrekin kobratu beharrean azken urteotan bezala, bat-batean bi zerbitzu desberdin direla erabaki du konpainiak, eta bakoitzeko kuota bana kobratzen hasi zaie. Normala denez, haserrea piztu du neurriak: «Ezingo zuten halakorik egin, lehiakideak suntsitu ez balituzte», idatzi du erabiltzaile batek Interneteko foro batean. «Eskerrik asko, Nettflix, hilean 10 dolar aurrezten laguntzeagatik», dio beste batek ironiaz: «Oraintxe bertan hasiko naiz berriz filmak pirateatzen».
Komunikazioa
Bideokluba berpiztu egin da
Filmak Interneten bidez ikusteko, Netflix zerbitzua izango dugu eskura urtarriletik Hego Euskal Herrian eta 2013tik Iparraldean. Arrakasta handia lortu du AEBetan, baina oro ez da urre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu