Hainbat hilabetez zain egon behar izan dute Go!azen-en zaleek, baina, bihartik aurrera, zazpigarren denboraldiko atalez gozatu ahalko dute. Ohiko moduan, ETB1ek ostiraletan emango du haurrentzako telesaila, 21:00etan.
Aktore berrien artean, Downen sindromea duen aktore bat egongo da: Endika Zamalloa. Basakabiko mantentze lanez arduratuko den gaztearen rola jokatuko du: Aitor.
Izango dira aktore berri gehiago ere: Ander Lacalle, Nerea Elizalde eta Aiziber Errazkin. Ikasleak izango dira horiek. Ingeles irakaslearena, berriz, Maria Cruickshankek (Goenkale-n aritutakoa) egingo du. Gainera, Asier Burguete aktorea itzuliko da —Markelena egiten du, eta, urtebetez telesailean egon ez bada ere, Basakabira itzuliko da, bekadun gisa—.
Aurreko denboraldian parte hartu zuten aktore askok telesailean jarraituko dute: Lorea Intxausti, Esti Lopez, Danae Riaño, Maria Redondo, Markel Sanz, Xanti Korkostegi, Itziar Urretabizkaia eta Karmele Larrinaga.
Aplikazioa berritu dute
Bestetik, gailu eramangarrietarako aplikazioa berritu egin dute. Aurtengo berezitasun handienetako bat interaktibitatea izango da. Telesailaren aplikazioa dutenek pertsonaien argazkiak eta bideoak jaso ahalko dituzte. Gainera, telesailean abestiak entzuten direnean, karaokeko letra ere jasoko dute sakelakoan edo tabletan. Izan ere, telesailaren zuzeneko emisioak ikusten dituzten ikus-entzuleak saritu nahi ditu Go!azen-ek.
Kontzertuak
Koronabirusak sortutako egoeraren eraginez, aurten ezin izango dute telesaileko tramekin lotutako antzezlana egin, baina kontzertuak egingo dituzte. Telesaileko aktore gazteak oholtza gainean kantuan ikusi ahalko dituzte neska-mutikoek. Lehen kontzertua hilaren 29an emango dute, Azpeitian (Gipuzkoa). Hauek dira kontzertuen hurrengo datak: Andoainen (Gipuzkoa), abenduaren 23an; Zornotzan (Bizkaia), abenduaren 26an; Sestaon (Bizkaia), abenduaren 28an; Lazkaon (Gipuzkoa), abenduaren 29an; Mungian (Bizkaia), abenduaren 30ean; Ermuan (Bizkaia), urtarrilaren 4an; Tolosan (Gipuzkoa), urtarrilaren 9an; Oñatin (Gipuzkoa), urtarrilaren 10ean; Eibarren (Gipuzkoa), urtarrilaren 16an; Iruñean, urtarrilaren 17an; Arrigorriagan (Bizkaia), urtarrilaren 24an; Zallan (Bizkaia), urtarrilaren 30ean; Donostian, otsailaren 20an eta 21ean; Villabonan (Gipuzkoa), otsailaren 28an; Azkoitian (Gipuzkoa), martxoaren 13an; Elgoibarren (Gipuzkoa), apirilaren 18an; eta Basaurin (Bizkaia), apirilaren 25ean.