Erakin bat interesgarri zaio Asier Santas Torres arkitektoari (Santurtzi, 1972), baldin eta espazio publikoaren barnean txertatzen baldin bada. Hain zuzen, ideia hori Bilboko eremura eramanez, Historia de dos ciudades (Bi hiriren historia) hitzaldia eman du aste honetan, Alondegian. «Espazio publikoari erreferentzia egiten dion leku baten bidez ezagutzen dugu hastapeneko Bilbo: Zazpikaleak». Hiria asko aldatu da orduz geroztik, baina espazio publikoaren parte diren eraikinak egiten jarraitzen dute. Eta horren lekuko garbia Alondegia bera da santurtziarrarentzat: «Espazio publikoaren arteko uztarketa ezin hobea da, eraikina den heinean plaza ere badelako», dio. Hitzaldia ere bertan eskaini zuen, Bertan Bilbao erakusketaren harira.
Espazio publikoa hiriaren barruan, nola ulertzen duzu?
Hiria espazio publikoaren bidez azaldu daiteke, hiria eraikinen bidez azal daitekeen bezala. Bata bestea gabe ezin da ulertu: osagarriak dira. Hiri askotan, esaterako, historiaren parte diren espazio publikoak daude. Batzuetan protagonista nabarmenak dira, eta besteetan, isilduak. Izan ere, plaza espazio publikotzat har daitekeen bezala, lorategi txiki bat ere espazio publiko izan daiteke. Elementu horiek dira hiriaren historiari eta hiri bizitzari bizia ematen diotenak.
Bilbo bera asko aldatu da azken hogei urteetan, nola ikusi duzu aldaketa hori?
Azken hamabost urteetako aldaketa arkitektonikoa izan da. Baina aldaketa hori lehenagotik dator. 1980ko hamarkadan hasi ziren azpiegiturak aldatzen. Ez zion Bilbo hiriari bakarrik eragin, ibaialde guztiari baizik. Portua Bilbotik atera eta Abrara eraman zuten, eta aldaketa horiek egin gabe arkitekturaren garapen hori ez zen gauzatuko. Beraz, esan daiteke ezagutzen dugun Bilbo 1980ko hamarkadan egin zen aldaketaren ondorio dela. Bestela, nola uler daiteke Guggenheim bezalako museo bat ibai kutsatu baten ondoan eraikitzea? Duela 20 urte halaxe baitzegoen ibaia. Edo metrorik gabe?
Hala ere, aldaketa arkitektoniko hori askotan ez al da herritarrarentzat baino gehiago turismoa erakartzeko erabili?
Bai noski. Guggenheim marketin kanpaina handi bat izan zen. Eraiki berritan, munduko aldizkari guztietan agertu zen; beraz, jendea erakartzeko giltza izan da. Baina ez da eraikin hori bakarrik, babesa ematen dioten beste eraikin ugari ere altxatu baitira. Alde horretatik, esan daiteke Abandoibarra arkitekto famatuen mausoleo bat dela. Baina eraikin horietatik erdiak bakarrik interesatzen zaizkit. Espazio publikoari buruz ari garela, barrura sartu ahal garen eraikinak dira interesgarriak. Arkitektura pieza ikusgarriak dira, baina hiriarentzat ez da horrela izango ezin bada erabili. Sarrera publikoa den heinean, eraikina espazio publikoaren barruan sartzen da.
Beraz, herren ikusten duzu inguru hori guztia...
Bai. Esaterako, Iberdrola dorrera ezingo da nahi duen oro sartu,eta hori uler dezaket. Baina batzuetan faltan sumatzen dut espazio publikoaren parte bihurtzeko ahalegin hori.
Espazio publikoaren ikuspegitik, zer dago egiteko Bilboko berregituraketa prozesu horretan?
Oraindik asko dago egiteko, eta hori badaki Udalak, Bilbo handia baita. Eta Bilbo ez da Abandotik igarotzen den ibai puska bakarrik. Atxuri eta Zorrotza arteko auzoetan asko dago egiteko. Peña, Errekalde, Santutxu, San Adrian, San Frantzisko eta abar. Oraindik auzo asko daude Bilboren eraldaketarekin jarraitu behar dutenak. Horrela ez bada, Bilbo kanpotik datozenentzat bakarrik aldatuko da, eta hemen geratuko da bizi, jasan, sufritu edo gozatzen duen herritarra. Ildo horretan, auzo guztiak elkartuko lituzkeen tranbia bat eraikitzen ari dira, metroaren sarea ere handitzen ari dira, Bilboaldeko periferiak elkartu eta hiri handi bat egiteko. Oraindik asko dago egiteko, eta, batez ere, hiri esparruan.
Azpiegiturek auzoen garapen horretan lagundu dezakete?
Noski. Horrek distantziak erlatibo bihurtuko ditu, eta denok leku berean biziko gara. Esaterako, edozein egunetan nahi dugun lekura joan gaitezke. Baina eguneroko bizitza hori baino gehiago da. Auzoko bizitzak gaur egungoa baino duinagoa izan behar du, eta hori badaki udalak. Ildo horretan, udaltegien ideia garatzen ari dira. Hau da, gabezia sozialak beteko lituzketen proiektuak garatzen ari da bereizgarriak diren eraikinekin, erabilera ugari emateko. Hala nola haurtzaindegiak, eguneko zentroak, enpresa sorburuak… Aberastasuna sortzea eta kanpoko inbertsioa erakartzea litzateke helburua. Eta hori politika ona da, oraindik hasi ez baldin bada ere.
Auzoko biztanleek zeresana izango dute, ordea...
Noski. Eta datozen urteetan beste estrategia bat garatuko dute, interesgarria izan daitekeena. Hau da, herritarren parte hartzea. Orain arte, ekinbide politikoa zen garrantzitsuena. Esku pribatuak iristen ziren auzora, eta arkitekto, soziologo eta beste teknikari batzuek egindako ikerketa baten ondoren erabakitzen zuten hori edo hura egin behar zela. Baina bertan bizi den jendeak ere zeresana dauka. Eta 90eko hamarkadan egin diren inbertsio handiak finantza estrategia egokiagoekin egin beharko dira: herritarrentzat.
Bilboko auzoetan, beraz, herritarrek orain arte izan ez duten ahotsa izango dute?
Hala behar luke. Bilbo ederra eraikita dago; orain, duin bihurtu behar da herritarrentzat. Krisiari aurre egiten ari zaio, turistak etortzen dira, kongresuak egiten dira... Baina bigarren funtzio hori behar du: herritarrari bizitza duina ematea. Orain arte ez zaio kasu handirik egin, eta inbertsioak egin dira; baina egiteko asko dago.
Asier Santas Torres. Arkitektoa
«Bilbo ederra eraikita dago; orain, duin bihurtu behar da herritarrentzat»
Bilbon azken urteetan eman den garapen arkitektonikoak bere goia jo du erdiguneari dagokionez bederen. Asier Santas Torresen ustez, auzoen garapena da orain garrantzitsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu