BILBOKO ASTE NAGUSIA. Marijaia helduta, parrandara

Joseba Solozabalek pregoian emandako hamar aginduak bete beharko dituzte bilbotarrek Aste Nagusian

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2009ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Abiatu da aurtengo Bilboko Aste Nagusia, bederatzi egunez eta bederatzi gauez etenik izango ez duen jaia. Hiriburuko Arriaga antzokiko balkoitik, Joseba Solozabal kazetariak irakurritako pregoiak eta Sonia Polo Eguzkizaleak konpartsako kideak jaurtitako txupinak eman zioten atzo hasiera kalean bildutako milaka lagunen parrandari.

18:00 baino zertxobait lehenago heldu ziren pregoilaria eta txupinera Arriagara, Bilboko Udaleko eta 29 konpartsetako ordezkariez inguratuta. Aurreskuaren ondoren, iazko pregoilari Aitor Elizegik eta txupinera Isabel Isazelaiak lekukoa pasatu zieten aurtengo jaien ikonoei. Bertaratutakoek txalo zaparrada jo zuten Sonia Polok txupina hartu zuenean; «Txupinera aurrera» oihukatuz, babesa adierazi zioten Polori, azken asteetan haren aurka izandako erasoen aurrean.

Era berean, Udalak omenaldia egin zion Begoña Zubieta ETBko kazetariari, hainbat urte daramatzalako Aste Nagusiaren berri ematen. Tartean, jende andana bildu zen Arriaga barruan, sargoriak jota, zerekin freskatu asmatu ezinik. Kanpoan ere, milaka lagunek hartu zituzten antzokiaren inguruak, San Nikolas elizaraino. Seigarren urtez, txupin garbiaren aldeko deia eginda zuten konpartsek, baina antza, jaiez gozatzea bezain hedatuta dago Aste Nagusiari irinarekin eta arrautzekin harrera egitea, baita txupinazoaren aurretik ere.

Eta 19:00 inguruan Arriagako balkoiko ateak ireki zituzten. «Txunditutako» pregoilariak, Joseba Solozabalek, jaiaz gozatzeko gonbita egin zuen, «harrotasunez, askatasunez, berdintasunez, bakez, duintasunez, transgresioz, eta festak politizatu gabe».

Ondoren, Aste Nagusia bizitzeko hamar aginduak bota zituen: «Bilbo maitatuko duzu guztiaren gainetik. Alkohola hartuko duzu, baina Jainkoak ere ez du edalontzia hautsiko, eta edateari utziko diozu zure izenaz ez gogoratzean. Ez dituzu jaiak politizatuko, ezta santutuko ere. Zure txosna eta zure konpartsa ohoratuko dituzu. Ez duzu hilko, tratu txarrik emango edo torturako, eta halakorik egiten duena kondenatuko duzu. Ez duzu gauza lizunik egingo... kondoirik gabe. Ez duzu lapurtuko; ogitartekoak eta katxiak ordaindu. Behar beste gezur esango duzu ligatzeko. Pentsamendu eta desio lizunak izango dituzu... nirekin bakarrik. Besteen bikotekideak gutiziatuko dituzu, eta zure ohetik pasatuko dira». Eta uso zuria askatu eta gero, Sonia Polok aste osoko jai giroari abiada eman zion metxa piztu, eta txupina jaurti zuen. Ondoren, Marijaia atera zen balkoira, besoak irekita eta betiko irribarre zabalarekin, eta horrekin batera indartu ziren Arriaga plazan pilatutakoen algarak. Handik gutxira, txosnak zabaltzera abiatu zen jendetza, ohi bezala, Marijaia buru zutela eta, ehunka aldiz entzunda ere, bilbotarrek zirraraz hartzen duten kantaren erritmoan: Marijaia dela, gure Marijaia, Bilbora etorri da Aste Nagusira... Bilbo girotuko du doinuak, datorren igandera arte.



Kalean behera, jaien hasiera helmuga

Konpartsen jaitsiera Begoñan hasi, eta Arriaga antzokiaren parean bukatu da,giro ezin hobean
Ekaitz Herrera. Bilbo

Debozio handirik ez, baina Konpartsen jaitsierari ekiteko gogotsu bildu dira Bilboko Konpartsa guztiak, Begoñako basilikaren aurrean. Konpartsakideak gertu, rock talde ibiltariak ere gertu. Sonia Polo txupinera Eguzkizaleak konpartsako kideengana hurbildu da, eta txupina bota du. Danba! Lehertu da suziria, eta hasi da Konpartsen jaitsiera eroa. Helmuga, Arriaga antzokia, Aste Nagusiari hasiera emango dion tokia.

Dultzaineroek ireki dute bidea, doinu herrikoiak joz. Halere, atzetik segika dituzten Konpartsek nahiago izan dute beste musika mota batzuei heldu. «Betidanik egon dira txarangak, konpartsa bakoitzari lagundu, eta jaitsiera girotzen. Guk, aurten, gure banda propioa egin dugu: Kartoizko banda», diote Eguzkizaleak konpartsako kideek. Tutuz eta komun libragailuz egindako tronboi eta tronpetak dituzte; pistoi gisa, berriz, botila txapak. Birikak hustuz ekin diote jaitsierari.

Atzetik etorri da Hor dago, Abante! Konpartsa. Betiko legez, omen egin dio bere jaietako ikurrari, piratari. Kide batzuek Aste Nagusiko zapi erraldoi urdin bat daramate, itsasoa balitz bezala astinduta. «Konpartsa guztientzat egindako zapia da, eta guri eramatea tokatu zaigu aurten», diote atseginez, jauziak egiteari utzi gabe.

Zanpantzar eta momotxorro talde baten zaratak iritsi dira atzetik. Txori Barrote konpartsakoak datoz, jauzika eta oihuka; metro eskasera, berriz, Hau Pittu Hau konpartsakoak. Alboka eta pandero doinuekin egin dute jaitsiera, ohiko laranja eta more koloredun kamisetekin. Urrats batzuk atzerago, parrandako profesionalak balira bezala, Kaskagorri konpartsakoak inguratu dira. Supermerkatuko orga bat daramate, ez ordea, hutsik. Sagardo kupel bat daramate, ondo beteta, eta pote bat edo beste hartuta egin dute kalean behera.

Halako batean, ordea, dance musikak hartu du kalea. Hiru gurpileko ibilgailu xelebre bat da, musika zabaltzen duena. Pa... Ya konpartsakoak dira, eta urez betetako puxikak aurreko konpartsei jaurtitzen dizkiete. Zirikatzea lortu dute, eta, orain, balkoietan begira dagoen jendeari ur eske hasi dira konpartsa asko.

Gizarteko arazoak ikusirik, aukera txikiak aurkezten dituzte Konpartsek. Hala, kalean behera segitu dute, besteak beste, okupazioaren, feminismoaren edota ekologiaren aldeko konpartsek.

Miguel Unamuno plazara iritsita, geldiunea egin dute. Dantzan hasi dira asko, kantuan beste hainbeste. Alabaina, Zazpikaleakzeharkatzeari ekin diote, turisten harridurapean. Arriaga antzokian amaitu da jaitsiera, eta hasiko dira hiriko festak. Begoñako amari ez. Debozioa, jaietako erreginari egingo diote, Marijaiari.





Egitaraua gaur

10:00. Txistularien diana.

11:00. Gargantuaren, erraldoien eta buruhandien jaitsiera.

11:00. Erripako kaia. Haur txokoa-Txikigunea.

11:00. Itxaropen kaleko pilotalekua. 2009ko Aste Nagusiko Pilota Txapelketa.

12:00. Pergola. Bilbainadak: Beti Aurrera.

12:00. Areatzako kioskoa. Bilboko Udaleko Musika Banda.

12:30. Bilbao Hiria Estropadak.

13:00. Zazpikaleak. Bilbainadak: Bilbotarrak.

13:00. Santiago plaza. Bertsolariak: Amets Arzallus, Andoni Egaña, Jon Maia, Unai Iturriaga.

13:30. Arriaga plaza. Niño Costriniren El mejor espectáculo de Niño Costrini (Argentina).

16:30. Txalaparta festa (Konpartsak).

17:00. Erripako kaia. Haur txokoa-Txikigunea.

18:00. Bigarren zezenketa.

19:00. Bilboko Kale Nagusia. Balea eta jostailuak desfilea.

19:00. Plaza Barria. Euskal dantzak. Bizkaiko Dantzarien Biltzarra. Zerutxu taldea (Markina).

19:00. Gas plaza. Umeentzako antzerkia. Sointek Produkzioak taldearen Musika tresnen fabrika (Euskal Herria).

20:00. Bailen. 24. Pop-rock Erakustaldia: The Killministers eta The Auambas taldeak.

20:00. Plaza Barria. Bizkaiko Dantzarien Biltzarra. Erromeria eta larrain-dantza.

20:30. Gizakunde eliza. Ahotsa eta tiorba musika tresna (Nafarroa-Andaluzia).

20:30. Zezensuzkoa.

21:00. Pergola. Guatekea. 60-70eko hamarkadetako musika, Luis Carlos del Pozo DJarekin.

21:00. Bilborock aretoa. Mama Crearen ¿Se puede? ikuskizuna (Euskal Herria).

21:15. Arriaga plaza.Azar Teatro taldearen Barroco Roll ikuskizuna (Valladolid).

22:30. Su festen erakustaldia. Pirotecnia Valecea (Araba).

23:00. Drindots Areatzan.

23:00. Pascual Molongua, Asier Bilbao eta Serafin Show.

23:30. Abandoibarra. Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoa.

24:00. Plaza Barria. Inti Illimani.

24:00. Botika Zaharra. Zodiac, We Are Standard eta Mamba Beat musika taldeak.

02:00. Drindots Areatzan.

KONPARTSEN EGITARAUA

10:00. Diana eta txupina.

11:00. Kaskagorri. Kaskaterraza.

13:00. Kulturgunea. Circo Imprevisto antzezlana umeentzat.

13:00. Kulturgunea. Trikipoteoa txosnetatik.

15:00. Kaskagorri. Bazkaria, Txori Barrote.

15:00. Kulturgunea. Txinbo-bazkaria.

16:30. Txalaparta Festa Areatzan. Bilboko Konpartsak.

18:30. Kulturgunea. Tosfelina eta Hutsuneak Bete.

19:00. Kaskagorri. Kaskatxokeak prestatzea.

20:00. Kaskagorri. Kaskatxoke lasterketa eta sari banaketa.

20:00. Algara. Urbeltzen dantza, Ganbara.

20:00. Kulturgunea. Poteoa.

20:30. Arriaga plaza. Zezensuzkoa.

23:00. Euskalgunea. Kontzertua: Aritz Sound Sistem & Lagunak etaMAK taldea.

23:00. Aixe-berri. Kontzertua.

23:00. Tintigorri. Kontzertua.

23:00. Kaskagorri. Obrint Pas eta Esne Beltza musika taldeekin kontzertua.

23:30. Kulturgunea. Bizardunak eta Vendetta musika taldeen kontzertua.

24:00. Pa... Ya-Askapena. Kontzertua: D.A.R. musika taldea eta talde sorpresa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.