Ezarian

Bilboko auzoak, loretan

Bilbo Lorategia lehiaketan, 'Hazihezihasi' proiektuak irabazi du. Uztailaren 10 arte hogei lorategi egongo dira ikusgai hiriko hainbat tokitan.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bilbo Lorategia lehiaketan, hiria bera da protagonista. Izan ere, Bilboko hainbat auzotara zabaltzen dituzte goi mailako diseinatzaileen lanak. Eta aldi honetako bi sarituek horixe bera izan dute abiapuntutzat: auzoa. «Gure lorategian, auzotarren parte hartze handia izan dugu; izan ere, ortu txiki bat jarri dugu bertan, eta herritar asko inguratzen zitzaigun nola jarri behar genituen esanez», dio Hazihezihasi proiektu irabazlearen egileetako batek, Ula Iruretagoienak. [(Graffiti) Garden]3 lorategiaren egileek, berriz, grafitia dute oinarrietako bat, eta proiektua non kokatu behar zuten jakin zutenean hasi ziren grafitiaren gaia aukeratzen. «Errekaldeko plazan zela jakin genuenean, hango auzo elkarteetara jo genuen, Errekaldeko historia eta garapena grafitian bertan irudikatzeko», dio Mikel Sarriegik, proiektuko kideetako batek.

Auzoentzat eta auzotarren laguntzarekin egin dira bi proiektu horiek, baina saria ez dute horregatik lortu. «Sarituetan baloratu dugun ezaugarria ausardia eta ideia apurtzaileak izan dira», Kirmen Uribe idazle eta epaimahaikidearen hitzetan. Aurkeztu diren lan guztietan kontzeptuek daukaten indarra azpimarratu du Uribek.

Landareak, bertatik bertara

MEI estudioak egindakoa da Hazihezihasi proiektua, eta Zorrotzan dago kokatuta. Lorategia landareen nondik norakoak ezagutzeko mahai edo altzari gisa definitu du Iruretagoienak, taldeko kideak. «Lorategiaren erdian esertzeko aukera ematen dugu, ikusleek landareak ukitu eta usaintzeko aukera eduki dezaten». Horretarako, informazio panelak jarri dituzte landareen inguruko xehetasunak jakiteko. Lorategiko landare bakoitzak, gainera, alboko beste landare baten gabeziak betetzen ditu, eta funtzionalitate hori deigarria egin zaie epaimahaikideei.

Lorategiaren abiapuntua azaltzeko, honela dio Iruretagoie-nak: «Lorategiak ez du zertan ederra izan. Guretzat ederra landareen nondik norakoak ezagutzea da, ekosistema ezagutzea». Lorategi-altzari gisa definitzen duen proiektua, gainera, edonon jartzeko modukoa dela adierazi du.

Lehen sariarekin, hirian lorategi berri bat sortzeko edo lehendik dagoen bat eraberritzeko aukera eman dio Bilboko Udalak. Horretan pentsatzeko aukerarik ez duela izan adierazi du Iruretagoienak, baina aukeran «inguruko auzo batean lan egingo genukeela iruditzen zait».

Grafitia lorategi

Bigarren sarituaren abiapuntua lorategien iraupen laburra da, Sarriegiren hitzetan. Orain martxan jarri eta uztailera arte egongo da lorategi hori ikusgai, «eta ondoren desagertu egingo da». Ideia horri kontzeptu hiritarra gehitu nahi izan diote, «eta zer egokiagoa grafitia baino». Baina ez zuten lortu nahi lorategi bat grafiti batekin, edo grafiti bat loreekin eginda. «Grafitia lorategi izan zedila nahi genuen, eta lorategia bera grafiti aldi berean». Horretarako, zumitzezko horma kareztatu baten gainean egin dute grafitia, eta denborarekin horma hori berdetu egingo da. «Grafitia lorategi bihurtuko da. Orduan, halako eboluzio bat itxiko da hemen: landaretik abiatu, grafitira pasatu eta hortik nolabait lorategira», Sarriegiren hitzetan.

Zumitzezko horma horren gainean Errekalderen historia bildu dute grafitiaren bidez. Hasierako irudi «bukoliko eta berdetik» hasi, eta hiriaren garapenaren barruan sartu zenarekin elkartuta. «Elementu horiek uztartuz, saiatu gara benetako grafiti bat egiten, indarra edukiko lukeen zerbait», Sarriegik azaldu duenez. Alde horretatik, epaimahaikideei deigarria egin zaizkie proposamena eta grafitiak berak duen mezua.

Bigarren aldiz aukeztu dira Basoinsa SL taldeko kideak, eta bigarrenez lortu dute postu berbera. Aurreko aldian, zuzenean finaleko fasera pasatzeko saria eman zieten, eta hurrengo lehiaketan ere aukera horixe edukiko dute.

Kalitate ona

Hirugarren sarituak, El elogio de la sombra izenekoak, kutxa misteriotsu bat erakusten du, eta ikuslea barrura sarrarazten du. Han lorategi txiki bat dago. «Han, argiaren tratamendua oso ona iruditu zaigu», Uriberen hitzetan. Idazle ondarroarrak lehiaketan parte hartu duten proiektu guztien kalitatea azpimarra- tu du. Aurreko lehiaketetan baino aurrekontu txikiagoa izan arren, «jendeak ideia gehiago baloratzen du». Nazioarteko ar-kitekto eta diseinatzaile aipa-garri ugari etorri dira aldi honetarako, baina lehen bi sariak Euskal Herrian geratu dira. Auzotik eta auzoarentzat egindakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.