Jaiak. Bilboko Aste Nagusia

Bilboko bertsozale monumentalak

Bilboko Aste Nagusian eguerdiro izaten dira bertsolariak Done Jakue plazan. Librean aritu dira bertan, esaterako, Oihana Iguaran eta Sustrai Colina.

Sustrai Colina eta Oihana Iguaran bertsolariak atzo, Bilboko Done Jakue plazan, Aste Nagusiko libreko saioan. JON URBE / FOKU
Sustrai Colina eta Oihana Iguaran bertsolariak atzo, Bilboko Done Jakue plazan, Aste Nagusiko libreko saioan. JON URBE / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko abuztuaren 24a
05:00
Entzun

Mutatis mutandis. Berez, antzokien logikaren arabera antolatu zituzten atzo antolatzaileek Bilboko Done Jakue plazako bertso saiora hurbildutako publikoarentzako aulkiak: agertokiaren aurrez aurre, bi multzo karratu berdinetan. Latinezko esaerak dioen bezala, ordea, aldatu beharrekoa aldatu egin behar izaten da batzuetan, eta, azkenean, eguzkiak erabaki zuen benetan eserlekuen kokapena. 30 gradutik gorako beroaz babesteko, Santiagoko elizak markatutako itzalaren formaren arabera antolatu zen jendea, kantuan ari ziren bertsolarien eskuinaldean triangelu irregular moduko bat osatuz. Librean aritu ziren Oihana Iguaran eta Sustrai Colina, eta bertsotarako baliatu zuten plazaren itxura.

Bilboko zaleen egonarria txalotu zuen Iguaranek, esate baterako. Onartu zuenez, eguzkiak gogor jotzen zuelako. «Eta ez dute egiten/ hargatik protesta./ Abaniko eta txapel,/ etxetikan presta,/ eta bi ordu lehenago/ aulkiak gainezka. /Horrelako karrerarik/ Benidormen ez da».

Eta agertokiaren gerizpetik umorez egin zuen Colinak ere publikoaren deskribapena. «Bilboko zaleak du/ monumentu pinta;/ hortxe baitago euri/ eta eguzkitan./ Gu entzuten kopeta/ izerdiz bustita;/ ni, berriz, itzaletan,/ bisera jantzita».

Hain zuzen ere, Bilboko Aste Nagusiak iraun bitartean, plaza hori izaten da bertsolaritzaren leku finkoetako bat. Klasiko bat. Duela lau hamarkada pasa hasi ziren Santutxuko bertso eskolako kideak festetan saioak antolatzen, eta lehen-lehen urteetatik izan da bertan Joxerra Bilbao. «Nik uste dut hau izango dela Euskal Herrian sortu den lehen bertsolari zikloetako bat».

«Oso ausartak izan ginen bertso saioak antolatzen, kontuan hartu behar delako orduan, Bilbon, bertsolaritza martzianoen kontua zela»

JOXERRA BILBAOSantutxuko bertso eskolako kidea

Baina gogoratzen duenez, lehen urteak ez ziren beti errazak izan. «Oso ausartak izan ginen, kontuan hartu behar delako orduan, Bilbon, bertsolaritza martzianoen kontua zela». Baina dioenez, urtez urteko lanari esker, gaur egun bertsoak ziurtatua du bere lekua.

Bertsolari on bi

Urtero, zortzi saio antolatzen dituzte guztira. Gai jartzailearekin eta lau bertsolarirekin egin ohi dituzte lehen seiak, baina urtero egiten dute bertso bazkari bat zein libreko saio bat ere. Bakoitzak izaten du bere berezitasuna, eta, Bilbaoren hitzetan, «bertsolari on bi izatea» da libreko saio on bat lortu ahal izateko ezinbesteko baldintzetako bat. «Horrelakoetan, bertsolari eta gai jartzaile izan behar dute bertsolariek, dena batera. Jakin behar dute gaia aldatzen, publikoari gai aldaketa hori gertatu dela adierazten, bai eta noiz serio eta noiz alai aritu ere».

Hasiera batean, bertso eskolako kideek hartzen zuten saio guztien antolakuntzaren ardura osoa, eta babesle pribatuak ere lotu behar izan dituzte horregatik. Egun, ordea, Done Jakue plazako saioek diru sail finkoa izan ohi dute Bilboko Udalak festetarako duen aurrekontuan, eta Lanku enpresa arduratzen da kontratazio zein administrazio kontuez. Gai jartzaileen eta aurkezpenen ardura hartzen du bertso eskolak, eta, Bilbaok dioenez, bereziki emankorrak suertatu dira aurkezpenok libreko saio batean baino gehiagotan.

Beasain ez da Andoain

«Bertsolarien jatorriaren eta bizitzaren zertzelada batzuk eman ohi ditut aurkezpenean», azaldu du Bilbaok, «eta inoiz hanka ere sartu izan dut. Eta, halakoetan, bertsolariek jarrita izaten dute gaia, noski». Barrez gogoratu du, esate baterako, iazkoan egindako irristaldia. «Aitor Mendiluze eta Unai Iturriaga izan genituen librean, eta Mendiluze Beasaingoa zela esan nuen [Gipuzkoa], benetan Andoaingoa den arren [Gipuzkoa]: nahikoa izan zuten horrekin hamar minutuz ni larrutzen ibiltzeko».

Atzokoan, ordea, zuzenago aritu ziren Colina eta Iguaran. Ezinbestean, gainera, zuzenago. Batez ere, Bilbaok aurkezpenean esandakoaren arabera, Colinak Zuzendaritza ikasketak egin zituela kontuan hartuta. Baina zuzenbidez hartu zuten irristaldia bertsolariek, eta bestelakoez aritzeko baliatu zuten saioa. Eguzkiaz ez ezik, Aste Nagusiaz, Itziar Ituñoren pregoiaz, Bilboko udaltzainek kaleko saltzaileekin izandako jarreraz ere aritu ziren.

Publikoa, Bilboko Santiago elizaren gerizpetan babes hartuta. JON URBE / FOKU
Publikoa, Bilboko Santiago elizaren gerizpean babes hartuta. JON URBE / FOKU

Eta Colinari zenbait gauza argiago ikusten ere lagundu zion Iguaranek, bestalde. Colinak ispilu aurrean jarritakoan ez zuela ezer ikusten kantatu ondoren —«transparentea naiz»—, hala erantzun ziolako Iguaranek: «Ez al duzu gorputzik,/ eta falta islada?/ Ispilu aurrean jarri,/ eta dena hutsa? Ba,/ akaso zu ispiluz/ konfunditu zara:/ ze isladarik ez badu,/ hori leihoa da».

Gaurkoan, Gorka Pagonabarraga, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Unai Iturriaga arituko dira bertsotan, eta bihar, berriz, Aroa Arrizubieta, Amets Arzallus, Saioa Alkaiza eta Igor Elortza igoko dira oholtzara. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.