Csongor Dobrotka. Die Seriale jaialdiko zuzendaria

«Bilbon, fisikoki izan dugu azoka; sarean, urte osoan izango da»

Dima Digital Market azoka sortu du Dobrotkak, Bilboko Seriesland jaialdikoekin batera. Sareko plataforma bat martxan jartzen ari dira telesail digitalen erosleentzat eta saltzaileentzat.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
urtzi urkizu
Bilbo
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Hungariarra da, Alemanian bizi da aspalditik, eta Balkanetan jaio zen Csongor Dobrotka (Backa Topola, Serbia, 1974, orduan Jugoslavia). Websailen egilea da, eta duela lau urte Die Seriale jaialdia sortu zuen Alemaniako Giessen hirian. Bilboko Seriesland jaialdian epaimahaiko kidea izan zen joan den astean.

Nola sortu zaizu Digital Market azoka sortzeko ideia?

Seriesland jaialdiaren antolatzaile Rose of Dollsekin eta Oliver Mendekin behin baino gehiagotan hitz egin nuen ea nola lagundu elkarri, eta nola sortu azoka bat. Pentsatu genuen azoka digital bat sor genezakeela, plataforma bat urte osorako, sinergiak handituz joan daitezen, eta, aldi berean, azoka fisikoa antolatzea, urtean bitan: Bilbon eta Giessenen [Alemania]. Serieslandekoei ideia oso ona iruditu zaie, eta Bilbon azoka fisikoa izan dugu. Sarean urte osoan izango da. Pozik nago.

Zer aukera ekar ditzake Dimak etorkizunerako?

Bilbon espazio bat jarri dugu, erakusleentzat eta erosleentzat. Itxaropena dugu gero eta harreman gehiago sortzekoa. Sektorea eta merkatua aldatzen ari dira, hilabete batetik bestera. Elkarlanetarako aukera ugari zabal daitezke.

Dima azokak harrera ona izaten baldin badu, beste herrialde batzuetako jaialdiak sar daitezke proiektuan ?

Ikusi behar dugu lehen hilabeteetan nola joaten den;eta datorren urtean ikusiko dugu ea zabaldu dezakegun. Beste kontinente batzuetara iristeko aukera egon daiteke; agian, Argentinara, baina oso goiz da oraindik hori aurreratzeko.

Nola hasi zenuen harremana Bilboko Seriesland jaialdikoekin?

Duela lau urte sari bat irabazi nuen Bilboko jaialdian, nire websail batekin [Number of silence]. Sari banaketako gauaren amaieran, Serieslandekoei aipatu nien Giessenen hasiberriak ginela jaialdi bat egiten. Die Seriale, lehen bi urteetan, soilik Alemaniako websailentzat zen, baina iaz nazioartekoa bihurtu zen.

Nolako eboluzioa izan du lau urteotan Die Seriale jaialdiak?

Alemanian, 2015. urtea baino lehen, websailak ez ziren oso ezagunak. Baina azkeneko hiru urteetan oso bizkor hazi da websailekiko zaletasuna. Gure jaialdian nazioarteko eskaintzak indarra hartu du azkeneko bi urteetan, eta aurten hemeretzi herrialdetako lanak izan dira lehian. Bestalde, saiatzen ari gara unibertsitateekin elkarlanak sortzen. Asmoa dugu datorren urtean jaialdiak azoka gisa ere funtziona dezan.

Bilbon mahai inguru batean parte hartu zenuen beste kontinenteetako jaialdi batzuetako zuzendariekin. Zein izan zen ondorio nagusia?

Telesail digitalen kalitatea oso bizkor ari da hobetzen, eta balio bat dute merkatuarentzat. Egokitu beharraz ere hitz egin zen.

Denen ahotan daude egunotan Netflix, Amazon eta halako plataforma handiak. Testuinguru horretan, zer toki izan dezakete websail independenteek?

Uste dut datozen urteetan telesail digitalen mugimendua asko haziko dela, plataforma handi horietatik harago. Jendeak telesail digitalak ikusi nahi ditu, eta bestelako plataforma batzuetan ikusiko ditu. Ikusleen interesa nabaria da.

Jarraitzen duzu websailak egiten?

Bai, Rose Of Dollsen eta Oliver Menden A Film To Kill For ekoizpen etxearekin batera egingo dugu websail bat. Sexu esklabotzari buruzkoa izango da. Alemanian grabatuko dugu.

Zer websail gomendatuko zenituzke?

Gifted Corporation oso deigarria iruditu zitzaidan. Die Serialen, aurtengo irabazlea FinlandiakoEnd Unsung izan da; lan ezberdina da, oso ona, eta ez du zerikusirik telebistan ikus daitezkeen telesailekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.