Bineten bidez ikusitako mundua

Igandera bitarte izango ditu ateak zabalik Getxoko Komiki Azokak. Euskal Herrian bederatzigarren arteari eskaintzen zaion gunerik garrantzitsuena da. Guztira, 60 postutako materiala egongo da ikusgai: komikiak, aldizkariak, fanzineak, elastikoak, 'merchandising'-a...

Getxo
2015eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Igandera bitarte, istorioak binetetan kontatuko dira Getxon (Bizkaia). Euskal Herriko komiki azokarik handienak atzo zabaldu zituen bere ateak Areetako metro geltokiko plazan, guztira 60 salmenta posturekin. Goizean hara bildutako komikizaleek bederatzigarren artearekin lotutako aldizkari, fanzine, kamiseta, poster eta era guztietako produktuak ikusteko eta erosteko aukera izan zuten. Komikiak nahi adina; era eta garai guztietakoak. Star Wars film berriaren harira sortutako azken abenturak, inoiz zaharkituko ez diren superheroien istorio berriak edota plastiko zimurtuetan gordetako harribitxiak. Komikiak eskukatu zituzten eskuen jabeak askotarikoak izan ziren: bildumagileak, bineten mundura aurreneko jauzia emandako irakurle gazteak, zaleak sutsuak...

Jende kopuruari dagokionez, ostiral goizak izan ohi dira egunik eskasenak. Hala ere, inguruko ikastetxeetatik gerturatutako ikasleen korrika saio eta deiadarrek merkatuko giroa bizitzea lortu zuten goizean goiz. Komiki, bideo joko eta filmetako protagonisten figura txikiak ziren haien arreta bereganatzea lortzen zutenak. Jakin-nahi handiagoa zutenek arretaz pasatzen zituzten liburu eta komikien orrialdeak. DC Comics Ameriketako Estatu Batuetako konpainia erraldoiaren superheroien komikiak ziren gazteenen eskuetatik hara eta hona zenbiltzanak. Ameriketako Estatu Batuetako zinemagintzanazken urteetan filmatu dituzten superheroien pelikulek urrezko aro berri bati eman diote hasiera. Superman, Spiderman, Batman, X-Men... inoiz baino gazteago eta osasuntsuago daude.

Azokako izkina batean, Basauriko ikasle kuadrilla bat bildu zen postu baten inguruan. Bi gazte aragoitar ari zitzaizkien liburutxoak sinatzen. Estafermo fanzineak ziren. Marrazkiak dibertigarriak iruditu zitzaizkien basauriarrei eta denen artean bilduma oso bat erostea adostu zuten, hamaika alez osatua. «Horrela oso merke lor ditzakegu guztiak, eta eskuz esku joan gaitezke txandakatuz datozen asteetan». Hori, Jorge Ander Fernandezen ideia. Ondoko lagunak beste poltsa bat zeraman esker eskuan. Saiatu eta saiatu ibili ostean, hainbat komikiren artean, Flash superheroiaren irudia zeraman bat ateratzea lortu zuen. «Flashen 0. denboraldikoa da. Aurrenekoak eta bigarrenekoak ere erosi ditut». Hala ere, ez da oso komikizalea. Hala aitortu zuen Alejandro Cuevasek. «Ez ditut asko irakurtzen. Egia da klasean badugula bereziki zalea den lagun bat. Naruto, One Piece eta holakoak irakurtzen ditu. Behin manga pare bat eskatu nizkion, eta gustatu zitzaizkidan, baina ez dut erosteko ohiturarik».

Euskarazko binetak

Euskarazko komikigintzak ere badu bere espazioa Getxoko azokan. Hainbat euskal argitaletxetako lanak bildu ditu Xabiroi aldizkariko arduradun Dani Fano donostiarrak. Bilduma oso zabalegia ez bada ere, nobedade ugari aurkitu daitezke bertan. Lehen lerroa osatzen dute Javier de Isusiren Asylum (Cear) eta Baleak ikusi ditut (Astiberri) lanek, Justin Hiriart komikiaren edizio osoak (Erein), Zaldieroaren De Rerum Natura 6 (Elkar) bildumak, H28 hilabetekari satirikoak eta Fano berak idatzitako Korsarioen Ostatua (Xabiroi) eleberri grafikoak. Donostiarrak ez du hutsik egin 2007az geroztik: «Getxo plaza ona da guretzat. Komikizaleak oso fidelak dira. Aurreikuspenak beti betetzen dira. Egia da Durango plaza zabalagoa izan daitekeela guretzat, baina, oro har, salmenta onak izaten ditugu. Larunbatetan, esaterako, jendetza biltzen da». Postuaren bazter batean Adur Larrea komikigileak bere aurreneko eleberri grafikoa aurkezten eman zuen eguna. Gabriel Aresti bioGrafikoa (Erroa). Gustura zegoen giroarekin. «Plaza polita da. Barikua izateko, ondo doa dena».

Astiberri editorialaren editoreetako bat da Laureano Domingez galiziarra. Euskaraz, galizieraz, katalanez eta gazteleraz plazaratzen dituzte lanak. Batez ere, eleberri grafikoak eta formatu franko-belgikarreko bildumak. Zinta beltz bat daramaten lanek erakartzen dute arreta. Hainbat sari irabazitakoak dira. «Laguntzen du, bai. Hain justu ere, horiek dira salduenak». Askok euskarazko bertsio bat ere badute. Adibidez, Paco Rocaren Zimurrak (Arrugas). Alfonso Zapicoren Dublines lanak ere laster izango du bere bertsioa: Dublindarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.