Farmazien industria arretaz begiratzen ari den proiektu bat garatzen dabil azken hilabeteotan CIC Biogune: Livertox. Gibelarekin dago lotua metabolomikaren eremuan garatzen ari den software-a; gibelaren toxizitatearekin eta botikekin. Izan ere, jakina da askotariko gaixotasunei aurre egiteko diseinatzen diren botikek gibelari kalte egiten dietela sarritan. Epe luzera antzematen da eragin hori, ordea; sarritan, botikak erretiratu egin behar izaten dituzte, gibelarentzat arriskutsuak direlako. Eta esan gabe doa: farmazien industriarentzat kalte ekonomikoa dakar horrek. CIC Biogunek Livertox dauka martxan, Owl Genomics, MD Renal eta Faes Farma euskal enpresekin batera, kasu horien kopurua ahalik eta gehien txikituko duen proiektua. Bizkaiko Foru Aldundia laguntzen ari da ikerketa.
Juan Manuel Falcon Ikerbasqueko ikertzailea (Bilbo, 1971) Bioguneko Metabolomika sailean Livertox tresna garrantzitsua izango delakoan dago; batetik, botikak diseinatzeko prozesuan eta, bestetik, diagnosi klinikoa egiteko orduan. Izan ere, odol analisi bakun baterako ateratzen den odol kantitatea baliatuz, gibelaren azterketa sakon bat egin dezake Livertoxek, masen espektometroak (euskarri informatiko konplexuak) erabiliz, eta diagnostiko zehatza asmatu. «Hori da helburua», dio ikerlariak.
Oraindik animalietan probatzen ari dira; fase horretan dago proiektua, baina Falconek uste du etorkizunean gizakiarekin erabili ahal izango dela, gibelaren askotariko gaixotasunen zantzuei askoz lehenago antzemateko. Biopsiak alde batera utzi eta analisi bakun batek eman dezakeen molestia baino ez luke izango pazienteak. Livertox software-ak egingo luke azterketa sakona.
Gibelaren gaixotasunei aldez aurretik antzeman diezaiekeen proiektu metobolomikoa da Livertox; baina zer da? Botika bat? Noiz izango da erabilgarria?
Orain, gauzatuko dugun produktuaren habeak ditugu; urte amaieran izango dugu erabilgarri Livertox. Serumean gibelaren toxizitate maila neurtzeko gai izango da. Hogei metabolito neurtuko ditugu; serumean dauden molekulak dira. Haiek emango dute gibelaren toxizitate maila. Livertox software bat da, zeina masen espektometro baten laguntzaz hogei metabolito horiek identifikatzeko gai baita. Haiek neurtu eta gero, gibelaren inguruko txosten sakon bat eskainiko du.
Odol edota gernu analisi moduko azterketa sakon batez ari gara orduan?
Bai eta ez. Livertoxek 20 metabolito aztertzen ditu. Molekulak pikoetan desegiten ditu espektometroak; piko bakoitza masa bati dagokio, eta horrek ematen digu metabolitoa azido oleikoa den edo beste zerbait den jakiteko aukera. Emaitzak beste eredu batekin aldera dezakegu; demagun, botika jaso ez duen animalia baten laginekin; horrela jakin dezakegu botika hartu duen animaliak gibelean kalteak dituen edota izango dituen.
Animaliez hitz egiten duzu; oraindik ez da probatu gizakiarekin?
Ez, oraindik animaliekin dihardugu; aurrerago gizakiarekin ariko gara, dena ongi badoa. Oraingoz, Livertoxek duen erabilgarritasuna hauxe da: farmazia industriaren barnean egiten diren probetan parte hartzea, animalietan. Gibelari kalte egingo dion botikak antzemateko da une honetan. Aurrerago beste eginkizun garrantzitsuak izan ditzake, baina arratoietan egindako lana, ezarritako markagailuak (metabolitoak) eta abar gizakietara eraman behar dira aldez aurretik. Hori konplexua izan daiteke, gizakietan banakoen artean aldakortasuna handia delako; hots, pertsona batentzat kaltegarri moduan azaltzen den markagailu bat (metabolito bat) beste batentzat agian ez da izango. Hori dena ongi lotu behar da ezer egin aurretik, markagailu seguruak aurkitu.
Zer dira metabolitoak? Zertaz ari gara?
Glukosa da metabolito bat; HDL beste bat, esaterako, hau da, kolesterola, gantz azidoak. 1.500 daltonetik beherako molekulei esaten diegu metabolito; proteinen neurriaren azpitik daude, hiru aldiz azpitik. Serumean dauden haietako 20 aztertuz funtzionatzen du Livertox softwarea, eta urte amaierako prest egongo da.
Gibelaren edozein gaixotasuni antzemateko gai da?
Hiru toxizitate motari antzemateko gai izan dadin diseinatu dugu, baina eraginkortasuna hobetu daiteke. Markagailuen kopurua handitu daiteke, eta horrela gibeleko kalte desberdinak antzemateko gai bihurtu. Finean, zorrotzagoa egin dezakegu. Are gehiago, gibelaren kaltea hasi berria denean, ia kaltea egin gabe dagoenean antzemateko gai egin dezakegu software-a; denbora kontua da.
Medikuntzaren barruan erabilgarritasun garrantzitsua izan dezake hortaz, diagnosia egiteko garaian, ezta?
Zalantzarik gabe. Livertox norabide horretan garatzen ari garela esan behar dut, baina, bien bitartean, farmazien industrian eragin nahi dugu, animalietan probatuz; horrela jakingo dugu zein neurritan da fidagarria. Baina bai, diagnosia egiteko oso eraginkorra izan daiteke azterketa metabolomiko hau, gibelaren kaltea hasi berria denean harrapatzeko, biopsiarik egin gabe. Dena den,masen espektometroak behar dira Livertox aplikatzeko, eta ez da hain erraza edozein ospitaletan halako tresna konplexua edukitzea. Aldagai asko daude argitzeke oraindik, baina botiken diseinuaren prozesuan aritzea, zubi lana egitea da, azkenean erabilpen kliniko bat lortzeko.
Ezarian. Zientzia. Juan Manuel Falcon. CIC Bioguneko Metabolomika saileko ikertzailea
«Biopsiarik gabeko diagnosia egiteko balio dezake Livertoxek»
Metabolomika gero eta arreta handiagoa biltzen ari den alor bat da biologiaren barnean. CIC Bioguneko ataleko laborategian, Juan Manuel Falconek emaitzak ekarri dituen proiektu bat zuzentzen du: Livertox, gibelaren gaitzei antzemateko sistema azkarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu