New York, arratsaldeko bostak. Fitxatu ondoren, Jane Doe, hogeita hamairu urteko kontularia, Wall Streeteko bulego batetik ateratzen da. Bere lanegun ofiziala bukatuta, Janek bere bizikleta hartu eta Brooklineko zubia gurutzatzen du. Atean «GenSpace» errotulua daukan eraikin txiki batean sartzen da, bata zuri bat jantzi, eta inkubadore batetik legamiaz betetako plastikozko hiru botila ateratzen ditu. Mikroskopiora hurbildu, eta kontu handiz botilen itxura miatu eta konparatu egiten du. Kaka zaharra! Esperimentua ez zaio ondo atera. Berriro saiatu beharko du datorren astean!
GenSpace (http://genspace.org/) berziklatutako biltegi batean eraikitako laborategi gune komuna da. Bertan, Jane eta zientzian interesatuta dauden beste lagun batzuk elkartzen dira saiakuntza biologikoak hobby bezala egiteko asmoz. Biologo amateur horiek «zu zeuk egizu» edo «ZZE» biologian (ingelesez «do it yourself» edo «DIY» biology) jarduten dute. Zientzialari ezofizial horiek «biopunkak» edo «biohackerrak» bezala ezagutzen dira. Amateurrek betidanik parte hartu dute zientziaren aurrerapenean, eta arlo batzuetan (ornitologian edo astronomian, adibidez) ekarpen nabarmenak egiten dituzte, eta gaur egun ere egiten dituzte. Nolabait, Gregor Mendel bera, heredentzia genetikoaren legeak ezarri zituenak, biopunk bat izan zela esan genezake. Azken finean, bere «lan ofiziala» monjearena zen.
Aspaldidanik, hainbat biologiazale aritu izan badira ere esperimentuetan etxeko garajean, gaur egungo biopunkak bereizten dituen ezaugarria antolakuntza da. Eta antolakuntzak indarra dakar. Bimilagarren hamarkadan, San Frantzisko inguruko «ZZE» biologiazaleak hasi ziren elkarren artean konektatzen Interneten bidez, eta Biopunk mugimendua sortu zen. Pixkanaka-pixkanaka, mugimenduaren indarra haziz joan da azken urteotan, eta gaur egun, «ZZE» biologiaren inguruan web orrialde ugari daude eskuragarri (adibidez, http://diybio.org/). Web orrialde horien bidez, biopunkek haien zaletasunaren emaitzak publikatzen dituzte, eta saiakuntza berriak egiteko ideiak eta protokoloak partekatzen dituzte. Kontaktu birtual horretaz gain, hiri batzuetan GenSpace bezalako gune komunetan elkartzen dira. Bilera eta ikastaroak ere antolatzen dituzte noizean behin.
Biopunk mugimenduaren geroz eta handiagoa den indarra dela eta, Ameriketako Estatu Batuetako erakunde zientifiko eta akademiko ofizialek, besteak beste, unibertsitateek, ezin dute itsuarena egiten jarraitu. Beraz, unibertsitate batzuek onartu egin dute jadanik «ZZE» biologiaren garrantzia, eta kontuan hartzen dute haien ekintza batzuetan. Pasa den urtean, esate baterako, UCLA unibertsitateko Center for Genomics and Genetics-ek Legez kanpoko biologia? Partehartze publikoa Biologia Handiaren garaian izeneko sinposiuma antolatu zuen. Sinposium horretan, Meredith Pattersonek (ez Brodway-eko aktoresa, baizik eta programatzaile informatiko eta biohacker amorratua) Biopunk Manifestua aditzera eman zuen (http://www.youtube.com/watch?v= Thn7d7-jywU). Dokumentu hori zientziaren demokratizaziorako deia da. Besteak beste, zientzian ekintzeko edonoren eskubidea berretsi egiten du Biopunk Manifestuak: «Geuk galderak baditugu, zergatik itxaron behar dugu beste norbaitek galdera horiek erantzun arte? Jakin-minaz hornituta, eta metodo zientifikoa aplikatuz, hipotesiak planteatu eta saiatu egiten ditugu, gauean ezin loak hartu mantentzen gaituzten galderei erantzuna emateko».
Dudarik gabe, gure inguruan ere, jendea interesatuta dago zientziaren munduan. Interes hori agerian geratu da, esate baterako, pasa den hilabetean ospatu den Zientziastearen arrakastan. Hala ere, zientzian interesatuta egotea eta zientzian aritzea ez da gauza bera. Ez dakit zenbat biopunk egon daitekeen gure artean, baina Ameriketako Estatu Batuetan sortzen diren mugimendu gehienak lehentxeago edo geroxeago honaino zabaltzen dira. Urte pare baten barruan, agian, GenSpace antzeko gune bat egon liteke Bilbon (edo Donostian). Jakin-mina, hori da gakoa.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Biopunkak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu