Euskal Herrian ostalaritzak duen eskaintzaren barruan, nekazaritza turismoa produktu ohikoa bihurtu da. Lehenengoz zabaldu zituztenetik, «txanpinoiak bezala hedatu dira», Arantxa Uriarte Arboliz landetxeko jabearen esanetan. Naturaren erdian, bezeroak hartzeko prestatutako baserriak izan ohi dira, gehienera ere sei logelako eskaintzarekin. 24 urte bete dira Euskal Herrian gisa horretako nekazaritza turismoa jorratzen hasi zirenetik, eta 20 urte, halako tokiak elkartuko zituen elkartea eratu zenetik. Txopebentako Arantxa Gantxegi jabearen esanetan, «lehenengoak izan ginen, eta, behar bezala funtzionatu izan ez bazuen, agian orain ez zen horren ezaguna izango». Baina eurek arrakasta izan zuten, baita ereduak ere. Horren adierazle da urtetik urtera gaua nekazaritza turismoko landetxeetan igaro duten pertsona kopuruaren gorakada. 1998an 577.533 pertsonek igaro zuten gauren bat era honetako etxeren batean, eta 2011n 1.442.110ra izan ziren.
Une honetan, 294 nekazaritza turismoko ostatu eta landetxe daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Nekatur nakazaritza turismoko elkartearen barnean. Babes horretatik kanpo badira gehiago, baina Nekaturrek guztien %73 hartzen du bere barnean. «Erkidegoan gurea bezalako elkarte gehiago ere badaude; beraz, zaila da kopuru horretara heltzea», Nekaturretik adierazi dutenez. Baina elkartea nekazaritza turismoaren sorreraren atzean egon zen hasiera-hasieratik, eta, alde horretatik uler daiteke horietako gehienak bere barnean hartzea. Duela mende laurdena sortu zen lehenbizikoz nekazaritza turismoa Euskal Herrian; eta Nekatur duela 20, «jabeen interesak erakundeen aurrean babesteko».
Hastapenetik arrakastara
Gautegiz Arteagan (Bizkaia) dagoen Txopebenta landetxea izan zen lehena. Juan Angel Bizkarra bere anaiarekin joan zen Austriara, «eta han ikusi zuten lehenbizikoz nekazaritza turismoko eredua, eta pentsatu zuten ideia ona izan zitekeela gurera ekartzea», dio haren emazte den Arantxa Gantxegik. Proiektua martxan jartzeko laguntza eske joan ziren; lehenbizi, Bizkaiko Diputaziora, eta han ezezkoa jaso ondoren jo zuten Eusko Jaurlaritzako atea. «Ikusi zuten ideia ona izan zitekeela, eta eredua sustatzea pentsatu zuten», dio. Era horretan hasi zen nekazaritza turismoaren esperientzia Euskal Herrian.
Ondoren nekazaritza turismoko landetxe gehiago sortu ziren, eta 1992an sortu zen Nekatur. Hala ere, eskaintza gehiago zabaldu zuen elkarteak. 1998 arte nekazaritza turismoa bakarrik onartzen zuten, baina harrezkero landetxeak ere onartzen hasi zen. Lehenengoan, ustiapen moduko bat izatea ezinbestekoa da, alegia, abeltzaintzari edo nekazaritzari lotutako lanak izatea eskatzen zuen. Eskaintza zabalduta, nahikoa da mendian dagoen baserri edo etxe bat izatea. Aukera hori aprobetxatu zuten lehenengoa izan zen Ibarrangeluko (Bizkaia) Arboliz landetxea. «Hotel gisa egiten genuen lan hasieran. Nekazaritza turismoan lanean hasi nahi genuen, baina ez genituen baldintzak betetzen», dio Arantxa Uriartek. Beraz, ordura arte bezala jarraitu zuten lanean, baina landetxeak noiz onartuko zituzten zain. «Aukera jarri zutenean, lehenengoak izan ginen, paper guztiak ordurako prest baikeneuzkan». Ondoren etorri ziren beste hainbat landetxe; tartean, baita Txopebenta bera ere. «Ordura arte barraskiloak hezten genituen, baina ekoizpena kendu egin genuen, eta orain ostalaritzan bakarrik jarduten gara».
Hastapenetako eskaintzarekin asmatu egin zutela uste du Gantxegik, «turismoa egiteko beste modu bat da, bezeroek eskertzen dutena». Eta ez zegoen produktu bat eskaintzearekin batera, baserriei bideragarritasuna eman zitzaien. «Ez hori bakarrik, baserrian dauden emakumeentzat ere oso ona da, uneoro jendearekin harremanetan egoten baitira, baserrian hori gertatzen ez denean», dio. Denetara 300 emakume inguruk egiten dute lan nekazaritza turismoan, eta «hori oso garrantzitsua da».
Etxeko harrera
Mendian dauden etxeak dira, naturaren erdian daudenak. Leku apartetan egon ohi dira, baina hori ez da nekazaritza turismoa eta landetxeak bereizgarri egiten dituzten ezaugarria. «Bezeroei ematen zaien tratuak asko egiten du, oso gertukoa da», Uriartek azaltzen duenez. «Etxean baleude bezala sentitzen dira, eta, horregatik, kalitate hori sumatu egiten da. Bezero gisa ez ditut hartzen, gainera, niretzat apopiloen modukoak dira», zehazten du.
Gantxegi harago doa. «Harreman oso estua lortzen dugu gure bezeroekin. Horrenbeste, eurekin ere joan izan gara oporretan», dio. Bezeroen etxeetara, edo eurekin oporretan. Tratu hori egunerokotasunean bertatik bertara izaten duten harremanaren fruitu da. «Goizean goiz gosaria ematearekin batera zer egin dezaketen proposatzen diet, zer bisitatu», eta, beharbada, eurekin ere eramaten dute Abadiñon daukaten txokora afaltzera. «Askoz ere harreman familiartekoagoa da, asko gustatzen zaiena». Harreman hori da, beraz, nekazaritza turismoari eta landetxeei gehigarri hori ematen diona, eta, hein batean, urtetik urtera bisitari gehiago jasotzearen oinarria.
Bisitariek gora egin dute, Nekaturren datuen arabera, baina nekazaritza turismoaren eta landetxeen kopuruak ere bai. Horrek eragina izan du, eta, orainxe bertan, gero eta jende gutxiago joaten zaie.
«Lehenengo urte onak harrapatu genituen, eta orain krisia igartzen da», dio Gantxegik. «Orain, esate baterako, udan dauzkagun egonaldiak apenas pasatzen diren 4-5 egunetatik; lehen, berriz, 8-10 artean egoten ziren», Uriarteren esanetan. Egoera denentzat da zaila, eta ostalaritza ere hori sumatzen ari da. Edozein modutan, bere garaian hastapenetan egon ziren Txopebenta eta Arboliz landetxeak, eta horrek etorkizunerako bermea ematen die.
Ezarian. Nekazaritza turismoak
Bisitari gehiago, lehia handiagoa
Nekazaritza turismoa sortu zenetik 24 urte igaro dira, eta jarduera horretako landetxeak batzen dituen Nekatur elkartearen sorreratik 20. Gero eta bisitari gehiago jasotzen dituzte, eta gero eta nekazalturismo gehiago daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu