Bisoi europarraren berri zabalduz

Arga-Aragoi beherean bisoi europarra leheneratzeko lana ezagutarazi nahian, abian jarri dute kanpaina berri bat: peluxe bat sortu dute, herritarrek ere animalia bere har dezaten.

Bisoi europarra, Arga-Aragoi beherean, haren habitat naturalean. ORNITOLAN.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko martxoaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zaila da ikustea, baina bizi da. Bisoi europarra galtzeko arriskuan da Europan, baina Arga-Aragoi beherean espezie horretako animalia anitz aurki daitezke. Haren bizitokiaren egoera hobetzea eta espeziea mantentzea izan da Bisoiaren Lurraldea proiektuaren helburua, eta, horrekin batera, bisoiaren berri ematea lan garrantzitsua izan da. Caparroso, Zarrakaztelu, Faltzes, Martzilla, Melida, Milagro, Azkoien, Santakara eta Alesbeseko udalek martxan jarri dute kanpaina berri bat, NIABZ Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroarekin, Gestion Ambiental de Navarra SArekin eta TRAGSA enpresarekin batera: peluxezko bisoi europarrak adoptatzeko aukera.

Helburua, alde batetik, bisoi europarraren ezagutza zabaltzea da, herritarrak kontzientziatzea eta haien inplikazioa bultzatzea. Bestetik, parte hartu duten herrien ikur bihurtu nahi dute animalia. Jarduera hori eskoletan egiten diren hezkuntza jardueren eta Bisoiaren Lurraldea programarekin egiten diren lanen osagarri izanen da.

Gloria Giralda Nafarroako bioaniztasuna mantentzeko zerbitzuko biologoak azaldu duenez, garrantzitsua da bisoi europarraren ezagutza zabaltzeko egindako lana. «Bisoiak arreta gutxi bereganatzen du, adibidez, katamotzak duen oihartzun mediatikoarekin alderatuta», esan du.

Haren berri izatea eta noski, babestea. Horretan dihardu hark ere, besteak beste, Bisoiaren Lurraldea Life+ Europako proiektuaren barruan. Iberiar penintsulan bizi diren bisoien %70 bizi dira Nafarroan. XIX. mendean, animalia horrek hedadura zabala zuen Europan, baina XX. mendean, lur eremuaren %90 galdu zuen. Egun, Europako haragijaleetan mehatxatuenetako bat da, katamotzarekin batera. Bi eremu nagusitan banatzen da: Mendebaldean, Euskal Herriko populazioa oso garrantzitsua da, eta Espainian eta Frantzian ere badira; Ekialdean, Errusian eta Bielorrusian bizi dira nagusiki.

«Espezie bakana dugu, eta harro gaude, Arga eta Aragoi inguruko eremu batzuetan Europako dentsitate handiena baitugu», dio Giraldak. Hori basoak eta landaredia mantentzeari zor zaiola esan du. Bisoi europarraren iraupenerako habitata babestea ezinbestekoa baita. Animalia mehatxatzen duten arazo guztien artean, nagusiki hiru aipatu ditu biologoak: lehenik eta behin, bisoi amerikarraren inbasioa. Gizakiek haien larruak erabiltzeko ekarri dituzte, eta, lurra lortzeko borrokan, normalean europarra garaitzen du. Bigarrenik, populazioa txikia da, eta genetikoki oso urria. Azken horrek aldaketei aurre egiteko ezintasuna dakar.

Hirugarrenik, habitataren galera, hori ere gizakien ardurarengatik. Hain zuzen ere, azken horri loturik da Bisoiaren Lurraldea proiektuaren zeregina: «Ibaientzako habitata leheneratzen dugu; horrek uholde lautadak sortzen ditu, eta, besteak beste, herrien mesederako ere badira».

2005etik 2008ra, hezeguneak sortu zituzten Faltzesen. Giraldaren esanetan, horrek izan zuen eraginik, bisoi eme batek kumeak izan zituelako han. 2010ean hasi eta 2015ean burutuko den proiektuak, berriz, lana zabaldu egin du: Caparroson soto bat egin zen, Melidan azkenengo landatzeekin dabiltza, eta Milagron ere burutu dituzte egin beharrekoak. Orain, Martzilla eta Zarrakaztelun hasiko dira lanean.«Badakigu zer behar duten animaliek; badakigu nola egin, eta hori ari gara egiten orain», dio Giraldak.

Lan horren parean dago animaliaren ezagutza eta zabalpena. Eskolekin eta Lanbide Heziketako zentroekin elkarlanean dabiltza Bisoiaren Lurraldea proiektuko zein NIABZ fundazioko kideak. Azken horretako teknikari da Eva Garcia, eta, haren ustez, herritarren artean «sinesgogortasuna» ere bada. «Ikasi egin behar da, eta orain arte aitorpenik gabeko kontuei balioa eman», gehitu du.

Kontzientziazio peluxea

Peluxearen bidez, bestelako jendearengana ailegatzea eta turismo iraunkorrerako inguruaren berri zabaltzea dute helburu. Gainera, udalen parte hartze eta konpromisoa goraipatu ditu Garciak: «Europako proiektu bat da, baina tokian tokiko elkarlana garrantzitsua da».

Hain zuzen ere, Milagroko Udalaren ideiatik tiraka sortu zuen NIABZk peluxea. Yolanda Ibañez alkateak argi utzi du ingurumenaren alde direla herriak. Peluxeak sei euro balio du; erdia kostuak gutxitzeko izanen da, eta beste erdia, ingurumenari loturiko proiektuak finantzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.