Merezi behar da ikuspegia!», hala dio Thierryk, Euskaldunen Kostaren edertasuna aipatzerakoan. Hortxe dago kosta gaineko ordokian Herve adiskidearekin bilkura baten zain, eguzkia hartzen eta bistaz gozatzen, preseski. Hondartza beherean baita, eta bertara heltzeko itsas ezponda segitzen duen bidearen malda ez da errazenetakoa. Funtsean, korrikalari andana bat gurutza daiteke hortik. Kresalak barnak berpizten eta begiak uhinei so.
Itsasoari begira jarriz gero, baita zer goza ere. Zabala da bista. Hor dago, eskuinaldean, Belza izeneko etxe ezaguna, arroka gainean dilindan bezala, eta ezkerraldean, berriz, Marbella hondartza urrunera. Eta hurbilago, ezpondaren higaduraren aurkako berrindartze lanak. Eta erdian, itsas zabala, hondartza zabala bustitzen, bereziki surflarien eremu dena. Eta gaineko partean, beraz, ordokia; kirolari kementsuen ondoan, auto aparkalekua. Autoak, itsasoari so.
Horra gaurko panorama laburbildua. Geroari begira, berriz, gaineko ordokiko auto horiek bistatik kendu nahian dago herriko etxea, bertan baratze bat jarriz. Eta ezponda baliatu nahi du lur azpiko aparkaleku bat eraikitzeko, bi solairukoa izanen litzatekeena. 350 bat lekuko proiektua da, hiri zentroko beste lur azpiko aparkaleku proiektu batekin lotzekoa duena udalak, enpresa berak egin ditzan biak, errentagarriagoa izateko. Udalak obrak baliatu nahi ditu baita ere, igogailu bat jartzeko, behereko hondartza eskura errazago izan dadin, ibiltzeko zailtasunak dituztenentzat partikularki. Eta proiektuaren hirugarren puntua oinezkoen ibilaldia da. Obrez baliatuko dira, Euskaldunen Kosta guztia zeharkatu eta gutxienez Marbellaraino iritsiko den oinezkoen bidearen egiteko.
Hori bai, azken finean, autoek beti beren lekua ukanen dute ordoki horretan, gaur egun baino gehiago, baina ordainduz. Eguna hamar edo hamabost euroren truke, hala entzuna du Thierryk. Eta hori ez zaio egokia iruditzen. Azken aste hauetan sare sozialetan dabilen proiektuaren aurkako izenpedura kanpainarekin ados da, eta izena eman du. Eta, Thierry bezala, beste 3.500 bat dira, mementoko, kontra direla adierazia dutenak. Horiek lur azpiko aparkalekua dute bistatik kendu nahi. Thierryk eta Hervek eremua turistengandik urrun gelditzea nahi dute, eskuragaitza atxikiz, preseski. Gaur egun turista gutxi bertaratzen baita, baita udan ere, eta, ondorioz, haientzat leku gehiago dagoela. Ez da ingumen kontu bat, ordea, haren ustez. Jadanik higaduraren kontra eginak izan baitira lan anitz ezponda horretan, eta harria baino betoi gehiago dagoela diote.
Jean-Paul pasatu da haien ondotik, eta hark, berriz, ingurumena du kezka, eta beldur da obrek eremua ahultzea eta lanjerrak sortzea. Eguneroko ibilaldia du Euskaldunen Kostatik pasatzen den bidea. Informazio eskasa duela aitortzen du, baina entzun duenaz Vinci enpresa litzateke aparkalekuen kudeatzaile, eta horrekin ez da ados. Vinci eta gisako enpresak «ez baitira filantropoak», gunearekin zer eginen duten ere, doi bat mesfidati da.
Dena dela, elkarrizketatu ibiltari guztiek pentsatzen dute egin eginen dela proiektua. Udalak ondoko hauteskundeak baino lehen giltzapetuko duela arazorik gabe: «Edozein gisaz, Miarritzeko biztanle gehienak zaharrak dira, eta zaharrak kontent izanen dira igogailu horrekin», ironikoki mintzo da Thierry.
Plaza giro
Bistatik kendu nahian
Miarritzeko Euskaldunen Kostan lur azpiko aparkaleku bat eraikiarazi nahi du udalak; proiektuaren aurkako izenpedura kanpainak 3.500 izen bildu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu