Komunikazioa. Ekografiak

Bitcoin

gorka julio
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Bitcoin (BTC) http://bitcoin.org zifratzean oinarritutako P2P moneta bat da; moneta digital bat, alegia. Haren ezaugarri nagusia trukeak kontrolatuko dituen kontrol zentralik ez izatea da. Haren funtsean konplexua dirudien arren, erabiltzen hasteko fitxategiak trukatzeko programa bat instalatzea nahikoa litzateke ekonomia berri honetan hasteko.

Bitcoinaren izaera banatuari esker, gauza asko lortzen dira: bitartekaririk behar izan gabe dirua Internet bidez trukatzea; egiten diren eragiketek komisio oso baxuak dituzte edo doan dira; eragiketak anonimoak dira kontu bat dutenen artean; zure kontua ezin du askotan entitate zentral batek egin dezakeen moduan blokeatu...

Gauza harrigarriena, beharbada, dirua guk sor dezakegula da. Meatzariak bagina bezala, gure ordenagailuaren konputazio denbora erabiliz monetak sortzeko gaitasuna izan dezakegu. Moneta horiek, ondoren, lan hori egiten ibili diren ordenagailu guztien artean banatzen dira. Hala ere, monetak sortzea 21.000.000 unitatera mugatua egongo da; urrea munduan eskasa den bezala.

Harrigarria badirudi ere, gaur egun moneta hori onartzen duten zerbitzuak badaude. Zerbitzari bat erosi, bigarren eskuko auto bat lortu edota dohaintzak egin ditzakezu moneta onartzen duten guneetan. Moneta hori beste diru ezagunetara ere aldatzeko zerbitzuak sortzen hasi dira; gaur egun, BTC batek 0.9172 dolar edo 0.53 euro balio ditu. Edozein dela moneta horren eta bere antzekoen etorkizuna, argi dago behar bati erantzuten diotela, banku sistemaren sinesgarritasuna erabat kolokan dagoen momentuan, hain zuzen ere: sistema guztia kontrolatzen duten entitate zentralek ezarritako kontrol neurriek kale egin eta, gainera, galerakjendarte osoan sozializatzen ari diren momentuan; sinesgarritasuna oinarri duen sistemak guztia galdu duen momentuan.

Gakoa sinesgarritasunean badago, denontzat sinesgarritasuna duten ereduak landu beharko ditugu. Ez dute zertan era horretako moneta baten beharrik izan. Ekonomia komunitarioak, trukerako sareak, kreditu komunitarioak, denbora bankuak, kreditu, kontsumo eta zerbitzu kooperatibak... eredu berriak —eta zahar berriak– gero eta entzunagoak ditugu gure artean. Orain guri dagokigu horietan sinetsi eta sinesgarri egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.