Lizz Wright (Hahira, AEB, 1980) jazz eta blues abeslaria eta kanta sortzailea da. Apaiz metodista baten alaba da, elizan hasi zen pianoa jotzen eta abesten. Lehen bakarkako diskoarekin —Salt (2003)— Billboard Top Contemporary Jazz zerrendako bigarren postura heldu zen. Azken diskoa —Fellowship— aurkezten dabil Europan.
Egia da txikitan etxean debekatuta zenutela pop musika entzutea?
Bai. Aukeraren bat izaten nuen pop musika entzuteko, baina oso mugatua zen. Aitak gospela baino ez zuen jartzen etxean, eta, gainera, soilik gospel lasaiena, nahiz eta orduan oso talde interesgarriak ibili gospel garaikidea egiten. Aitak etxean giro barea nahi zuen, eta ez zuen guk arreta galtzea nahi. Gurasoak etxean ez zeudenean, irrati nobelak entzuten nituen, eta aitak ere guri istorioak irakurtzea maite zuen. Horren eraginez, istorioak kontatzeko eta ahozko ondasunarekiko grina handia daukat. Horri zor diot ere musikaren zentzu sakratua, hau da, musika besteak laguntzeko tresna gisa ikustea.
Nola pasatu zinen elizako kantuetatik tabernako jazzera?
Irratian hasi nintzen jazza entzuten, eta saio haietan adiskidetasuna sumatzen nuen. Musika hura arimaz betea zegoela eta oso sofistikatua zela iruditu zitzaidan. Lotura handia sentitu nuen, eta batetik bestera pasatzea oso erraza gertatu zitzaidan. Atlantan, gainera, musikari zoragarriak ezagutu nituen, igandean elizan jotzen zutenak, eta, aste barruan, klubetan.
Azken batean, zuretzat abestea istorioak kontatzea da, ezta?
Musika onak istorio ona izan behar du. Neure burua istorio kontalari gisa ikusten dut, ez genero bateko abeslari moduan. Afroamerikarra naizen aldetik, nire odolak eta bizitzak muga asko pasatu ditu. AEBetako azpikultura askok eragin didate, eta horiek guztiak musikan agertzen dira, modu batean edo bestean.
Zein istorio ez duzu kontatu oraindik? Zein duzu gordea?
Beti ari naiz idazten, eta beti ari naiz bizitzen. Agian erraza eta klixe bat dela eman dezake, baina bizitzeak istorio kontalari hobea bihurtzen zaitu. Horregatik iruditzen zait oso garrantzitsua zaidala bizitza benetan bizitzea eta benetako harremanak izatea, hau da, astia izatea norbait izateko beste norbaitentzat.
Horregatik joan zara New Yorketik Ipar Carolinara bizitzera?
Hain zuzen ere. Nire janaren erdia gutxienez hazten dut orain, jendearekin bidean hitz egin dezaket, eta jaioterrira joan naiteke hegazkina hartu gabe. Horrek aukera ematen dit familiako adinekoekin luze hitz egiteko. Ez dut soilik esaten duten horretan arreta jartzen, baita euren ahotsen soinuan eta hitz egiteko erritmoan ere. Istorioak kontatu ahala, konturatu naiz leku jakin batetik datozela, eta jende batengandik. Bitxia da, 12 urte daramatzat munduan biran, baina ni eta nire musika gero eta sustrai handiagokoak gara.
Segituko duzu generoak nahasten?
Soilik amodio abestiak izango dituen diskoa egiteko beharra dut orain. Eta beste pare bat ere ditut buruan. Beraz, 2012a estudioan pasatuko dut.
Zer dio zure aita apaizak alabak Jimi Hendrixen musika abesten duela esaten dionean?
Gustatuko zaiolakoan nago. Ziurrenera praka estu kanpaidunak zeramatzan Jimi Hendrixen garaian, eta sekula kontatu ez dizkidan gauzak egiten zituen. Ez digu inoiz hitz egiten Kristo aurkitu aurreko bere bizitzaz, baina nik badakit bizitza, izan, bazuela.
Lizz Wright. Musikaria
«Bitxia da: 12 urte egin ditut munduan biran, baina gero eta sustrai handiagoak ditut»
Apaizaren alaba izaki, natural pasatu zen eliza kantuetatik tabernako jazzera. Haren kantu istoriodunak entzuteko parada egongo da gaur 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokian, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu