Bizikletek kontatzen dutena

Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatzekoa den honetan, 'Bizikletak. 150 urte' erakusketa zabaldu dute San Telmo museoan. Amador Tolosaren bildumako aukeraketa bat da, 80 piezaz osatua

Amador Tolosa, Bingen Zupiria Kultura sailburuari eta Eneko Goia Donostiako alkateari azalpenak ematen. A. CANELLADA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da ohikoa museoek eta kirolak «horren modu zuzenean» bat egitea. San Telmo museoko zuzendari Susana Sotok berak onartu zuen hori atzoko aurkezpenean, baina ondarea zaintzea eta erakustea da museoen zeregin nagusietako bat, eta horixe egingo dute oraingoan ere. Frantziako Tourraren irteerak eman die aukera —eta aitzakia— horretarako: «Bizikletak gurean izan duen garrantzia azaltzeko». Bizikletak. 150 urte izeneko erakusketa paratu dute, Amador Tolosaren bildumako aukeraketa bat, 80 bizikleta oso ezberdinez osatua. Abuztuaren 6ra arte egongo da ikusgai San Telmo museoko elizan.

Amador Tolosa pasaitarra bizikletazale eta bildumagile amorratua da —bizikletena ez ezik, antzinako autoen eta motorren zalea ere bada, eta kartel bilduma aipagarria dauka—. Tolosa afizionatu mailan lehiatu zen garaiko Matxain, Urkizar, Agirretxe, Lasa, Otaño eta enparauekin. 60ko hamarkadan hasi zen bizikleta zaharrak erosten, Frantziara egiten zituen bidaietan. 100 bizikletak baino gehiagok osatzen dute haren bilduma pertsonala, eta kutunenak eta berezienak daude erakusketan, Tolosak berak atzoko aurkezpeneko bisita gidatuan azaldu zuenez: belozipedoak, trizikloak, XIX. eta XX. mendeetan Frantziako Tourraren lehen aldietan erabilitako bizikletak, eta baita Txomin Perurena, Fernando Escartin eta Samuel Sanchez txirrindulariek Tourrean erabili zituztenak ere. «Urteetako lanaren eta ilusioaren emaitza da, eta ohorea da niretzat museoan egotea», azaldu zuen Tolosak.

Bost ataletan banatu dute erakusketa, bizikletari lotutako bost alderdi ezberdin aintzat hartuta: ofizioak, historia eta bilakaera, kiroletakoak, Euskal Herrian sortuak, eta haur eta gazteentzako bizikletak. Ofizioenean, lanbide ezberdinetan erabilitako zazpi bizikleta daude ikusgai; besteak beste, postariek eta suhiltzaileek erabilitakoak, eta baita guardia zibilek erabilitako bizikleta bat ere, Mauser fusila koadroan zintzilik duela —1914koa da atal horretako zaharrena—.

Historiaren eta bilakaeraren atala da oparoena: 26 bizikleta daude. 1860an ekoitzitakoa da atal horretan zaharrena, eta hiru mendetakoak daude ikusgai:AEBetakoak, Alemaniakoak, Frantziakoak, Erresuma Batukoak eta Italiakoak, besteak beste.

Euskal Herrian sortutako bizikleten atalean, XX. mendeko hamasei bizikleta daude, BH, GAC, Orbea eta Razesa marketakoak, eta esplikatzen dutenola sortu zen Euskal Herrian bizikletaren inguruko industria oparo eta berria armagintzaren industria krisian sartu zenean.

Susana Soto zuzendariaz eta Amador Tolosa bildumagileaz gain, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta Eneko Goia Donostiako alkatea ere izan ziren aurkezpenean. Biek nabarmendu zuten txirrindularitzak tradizio handia izan duela Euskal Herrian, eta erakusketa ikusi besterik ez dagoela horretaz ohartzeko.

Gaur irekiko dute, eta hitzaldi bat ere antolatu dute (19:00). Ander Izagirre kazetariak emango du, Euskal txirrindulariak Tourraren historian izenburupean.

'Bizikletak. 150 urte'

Gaur hasi eta abuztuaren 6ra arte, San Telmo museoan, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.