Txikiak, handiak, zaharrak eta gazteak. Mota guztietako txakurrak uzten ditu bakarrik jendeak. Horien artean, gehienak, ehizarakoak izan ohi dira, jada lanerako balio ez dutelako. Ez dira soilik familiarik gabe gelditzen: auto batek harrapa ditzake, gosea pasatzen dute, hotza... Eta askok ez du edozein moduz uzten txakurra. Zuhaitz batean lepotik lotuta agertzen diren kasuak ere badira: hanka puntak soilik iristen zaizkie lurrera txakurrei; askatzen saiatzen dira, eta esfortzu horren ondorioz, bakarrik hiltzen dira. Urkatuta.
Halakoxea da bazter batera utzitako txakur askoren errealitate gordina. Tratu txar fisiko nahiz psikologikoak jasaten dituzte hainbatek, eta jabeek ez dute inolako zigorrik jasotzen, gehienetan. Zenbaitek txipak labanaz kentzen dizkiete, txakurra kalean galduta aurkitzen dutenean, norena den jakin ez dezaten. Gaur-gaurkoz, txakurtegiak gainezka daudenez, itxaron zerrenda luzeak daude familia bat duten txakurrak han uzteko.
Lagundu nahi duenak bi aukera ditu: txakur bat denboraldi baterako harreran hartzea —gehienetan, gaixo daudelako, osatu bitartean—, edo adoptatzea. Maribi Albizu, Amaia Sanz eta Arantxa Orkoien animatu dira horretara.
Lagun izena jarri dio Maribi Albizuk (Hernani, Gipuzkoa, 1952) adoptatutako txakurrari. «Azkenean, guretzat lagun bat delako». Haren eta Jone ahizparen etxearen bueltan, txakurraz gain, kolore guztietako katuak ere badaude. Ez dira haienak, baina aitortu dute badutela zerbait animaliak erakartzen dituena.
Aurretik ere txakur pila bat izan dituzte; oparituta batzuk, eta baztertutakoak etxean hartuta besteak. «Jende batek umeak ditu, beste batzuek gurasoak dituzte etxean...», azaldu du Albizuk. Haren arabera, ez dago koska handirik txakur baten eta gizakiaren artean: «Pertsona bat bezalakoxea da txakurra». Izandako txakur bakoitza nolakoa zen xehetasun guztiekin gogoratzen du; nola irteten ziren atera bera iristean, nola gustatzen zitzaien autoan ibiltzea, eta nola antzematen zioten zerbait gertatzen zitzaionean. «Txakur batek ematen dizuna ez dakizu zer den eduki arte. Triste ikusten bazaitu, zurekin dago. Sekulako sena dute». Ia hogei urte iraun diete gehienek, baina ez dakite zein den horretarako sekretua.
Azken txakurra hil zenean erabaki zuten besterik ez ekartzea. «Egingo dugu proba ea txakurrik gabe moldatzen garen, hilabete, bi edo hiru edo...». Maiatza amaiera zen hori esan zutenean, eta ekainaren 10erako etxean zegoen Lagun. Hasieran txakur bat erostea pentsatu bazuten ere, azkenean Gipuzkoako Abere eta Landare Babeslearen aterpetik hartu zuten, bakarrik dauden txakurrei laguntzea «hobe» dela iritzita. Albizuren arabera, sekulako txakur pila dago han, eta «pena» ematen dute. Tartean ikusi zuen Lagun, eta ahizpari komentatu zion huraxe nahi zuela: «Bere begiak edo... zerbait ikusi nion». Badaki haren bizitza zeharo aldatu dutela etxean hartuta: «Zer da zerua? Horrek izan behar du».
Oso etxezalea eta maitakorra da Lagun. Noizbehinka Orona ingurura paseatzera joatea ere gustatzen zaio. Baina badute ahizpek azken aldian kezka bat buruan bueltaka. Gorde egiten da txakurra mahai azpian, ohe azpian edo aulki azpian. Eta erlojuak edo telefonoak hotsa ateratzen duenean, aztoratu egiten da. Albaitariarengana joan, eta beroagatik egingo zuela esan zioten. «Guk uste dugu oso gaizki tratatzen zutela, eta beldurtu egiten dela». Antsietateak jota jartzen da gauetan batzuetan. «Lo nagoela gelara etortzen da arnasestuka, esanez bezala: 'Bakarrik nago, lagundu'», azaldu du Albizuk. Erratza pasatzean ere, hasieran, korrika alde egiten zuen. «Erakutsi nion garbitzeko zela, eta jada normala da harentzat». Ez dakite zer gertatu zaion aurretik, baina nabaritzen diote zerbait pasatu zaiola.
Sare sozialak, adoptatzeko
Bi txakur gorri ditu Amaia Sanzek (Urretxu, Gipuzkoa,1962): Negu eta Runa. Bata harreran hartuta, eta bestea adoptatuta. Egunero ateratzen ditu Donostiako Ametzagaina parkera paseatzera: goizean eta arratsaldean. Nabaria da hori, inguruko txakur guztiak ezagutzen baititu: «Kaixo, Lola; kaixo, Potxotxo». Duela hogei urtetik dituzte txakurrak hark eta haren senarrak. Hirugarren txakurra adoptatu egin zuten, eta, ordutik, bat baino gehiago hartu dituzte etxean. Kalean aurkitutako katu bat ere badute.
Sare sozialak asko erabiltzen ditu Sanzek familia bila dabiltzan animalien berri izateko, eta haien istorioak elkarbanatzeko. Hala ezagutu zuen Iruñeko Las Txikas de Etxauri erakundekoek egiten duten lana. Haien orrialdeko argazki batean ikusi zuen Runa. Ez zuela jaten eta beldurra zuela zioten, eta ea norbaitek etxean hartuko al zuen, denboraldi baterako. Baina Sanzek baino lehen hartu zuen harreran beste emakume batek. Halere, ustekabean, adopzioko txakurren inguruko egitasmo batean, Runa-rekin topo egin zuen Sanzek. Jada hobera egin zuen, eta adoptatuko zuen norbaiten bila zebilen harrerako familia. Adoptatu egin zuen Sanzek orduan. Familia hari «pena» handia eman zion txakurra uzteak, baina oraindik harremanetan jarraitzen dute.
Runa harrerako familiarekin zazpi hilabetez egon zen, eta beldurrei aurre egitea lortu zuen. Baina Sanzek hartu zuenean, berriro agertu ziren ikara horiek. Hori abandonatu aurretik pasatu zuenaren ondorio dela uste du: «Ondo-ondo ez du pasatu behintzat». Gainera, adopzioan hartzean, antzutu egin zuten —ezinbesteko baldintza da—, eta konturatu ziren ernari izanda zegoela aurretik. «Runa ama izanda dago. Ziurrenik, kumeekin gelditu, eta hura baztertu egin zuten. Ez zuen balioko ehizarako, beldurtia zelako edo...».
Negu-k, berriz, gaixotasun sendaezin bat du: leishmaniosisa. Las Txikas de Etxaurikoek deitu zioten Sanzi harreran hartuko zuen galdetuz, inork behar zuen tratamendua ematen ez bazion, hil egingo zela esanez. Hala, Sanzekin bizi da ordutik txakurra, eta orain «sano-sano» dago. «Nik edo beste batek hartu ez bagenu, hilda legoke». Une honetan oso «pozik» daude biak, eta txakurra adopzioan hartuko duen norbaiten bila dabil Sanz. Baina argi du ez duela «edonorekin» utziko.
Beldurrei aurre egiten lagundu dio Sanzek Runa-ri, eta gaixotasunarekin bizitzen irakatsi Neguri. Argi du zainduko dituen norbaiten beharra dutela baztertutako txakurrek: «Zure beharra dute: janaria, maitasuna, egonkortasuna, ongizatea... dena ematen diezu. Adoptatzen duzun txakur batek eskertzen dizuna ezin duzu jakin zenbaterainokoa den. Ezer ez izatetik dena izatera pasatzen dira».
Behin hasi, eta ezin gelditu
Arantxa Orkoienek (Iruñea, 1972) badio halako mendetasun bat animaliak etxean hartzeari. «Bost txakur ditugu adoptatuta, katu bat, eta bederatzi hilabeteko haurtxo bat. Etxe polita eta dibertigarria da, egia esan», dio barrez.
Lehen txakurrarekin hutsegite guztiak egin zituela uste du Orkoienek: «Erosi egin nuen, gaizki hezi... desastre bat izan zen». Dena den, ibiliarekin gauza asko ikasi dituelakoan dago. «Mundu guztiak ezagutu beharko luke bazterkeriaren mundua. Behin errealitate hori ezagututa, gogor egiten duzu borroka animalia horien alde».
Las Txikas de Etxaurin boluntario dira hasieratik Orkoien eta haren bikotekidea. Eta «denetarik» ikusi dute urteotan. Joan den uztailean hil zen Breton arrazako Txispa txakurrari mimo berezia zion Orkoienek: «Hura eta ni maitemindu egin ginen». 10 urterekin abandonatu zuen ehiztari batek, lurreraino iristen zitzaizkion tumoreak bularretan zituela. «Zortez, han geunden gu utzi zuenean». Bi operazio korapilatsu egin zizkioten, eta onik irten zen. Baina inork ez zuen adoptatu nahi, eta Orkoienek eta bikoteak adoptatu zuten. «Sei urte iraun du gurekin, beste minbizi batek eraman duen arte. Zoriontasun betean bizi izan da bera, eta baita gu ere».
Txispa hil ostean, Chicca adoptatu zuten. Interneteko elkarbanatze batean izan zuten haren berri. 15 urte ditu, eta horietatik zortzi pasatu ditu kalerik ikusi gabe. «Ez zion inork kasurik egiten». Txispa-rekin zuen antzekotasunak barrena mugituta, Madrilera joan ziren haren bila. «Ez zitzaigun axola zer arazo izan zitzakeen, eta bagenekien aste bat, urtebete, edo gehiago bizi zitekeela. Axola zitzaigun bakarra hari bizitza bat ematea zen. Azkenean, maitatua eta zaindua senti zedin». Ebakuntzak egin dizkiote tumoreak kentzeko eta etendurak osatzeko, eta hortzak kendu dizkiote suntsituta zituelako. Gainera, ez du entzuten. «Baina segundo bakoitza bere ondoan ezin ordainduzkoa da. Inoiz izan ez duena eman diogu: familia bat».
Lisa izeneko beste txakur bat ere badute. Jare izeneko beste bat ere bai. Baita Melo eta Bos ere. Zerrenda luzea osatzen dute txakurrek Orkoienen etxean. Batek hiru hanka ditu, besteak antsietate arazoak izan ditu.... Dena den, uste du inoiz ez dela txakurra baztertzea soluzioa. «Pertsona bat ez duzu baztertzen gaixo dagoelako, edo beste ezergatik».
Jendeak «arduraz» adoptatuko balu, txakurtegiak existitu ere ez lirateke egingo, Orkoienen arabera. Kontuan izan behar da, ordea, «betirako» harreman bat sortzen dela une horretan: «Nik eskua ematen dizut, zuk niri hanka; eta hau betiko da, zatozen moduan zatozela». Horrez gain,«normaltasun» osoz hartu behar dira txakurrak: «Txakurrek gaizki pasatu badute, ohitura dugu gehiegi babesteko. Eta hori inoiz ez da ona, beste arazo batzuk sortzen direlako».
Edonork egin dezake zerbait, Orkoienen arabera, «ahal den neurrian»: «Nik ez dut esaten guztiok bost txakur adoptatu behar ditugula; agian ezin duzu bat bera ere adoptatu. Baina diruz lagundu ditzakezu, erakunde baten parte egin zaitezke... Badaude aukerak. Txakurren inguruko berriak hedatzea ere laguntza handia da, ez dakizulako adoptatuko duen pertsona hori non dagoen. Eta hori ez da batere kostatzen, egun, klik bat baino ez».
Bizirik irautetik bizitzera
Gero eta kontzientzia handiagoa badago ere, oraindik txakur ugari bazterrean uzten ditu hainbatek. Bakarrik egotera kondenatuta zeudenei familia bat eman diete Maribi Albizuk, Amaia Sanzek eta Arantxa Orkoienek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu