MAITE DUT MAITE... URROBI. Gaizka Aranguren. Kazetaria

«Bizitza biziagoa da ur-lasterraren kontra»

Denbora agudo pasatzen zaio Arangureni ibaian. Arrantza maite du, nahiz eta amuarrainak berriz uretan uzten dituen gero. Iraganeko elementu batzuk aurkitu ditu Urrobin etorkizun partekatu baterako.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Artzibar
2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Inguruan ez da inor. Urrobi ibaiko ur-lasterra aditzen da soilik zuhaitzen gerizpean. Gainetik pasatzen da erromatar bidea, Karlomagnok eta haren armadak itzultzeko hartu zutena. Behean, Gaizka Aranguren kazetaria dago (Iruñea, 1967), etaarrantzarako jantzia soinean murgildu da uretan. Eta hala izan da solasaldia, elkarrizketatuak zangoak urpean dituela.

Zergatik aukeratu duzu Urrobi?

Ongi pasatzeko, eta neure buruarekin lasai egoteko lekurik aproposena delako.

Urrobik badu esanahi berezirik?

Bai, ibaiak ikaragarri maite ditut, eta Urrobik urte askotan ikusi nau, eta nik bera ere bai. Maite dut bere ezaugarriengatik; Artzibar maite dut bereziki [Nafarroa]: oso leku ospela da, uda garaian leku egokia.

Zergatik aritzen zara hainbeste ibaiei buruz?

Txikitatik aitarekin arrantzan ibili naizelako ibaietan, eta erreka bazterrean ibiltzen naizenean denbora aise pasatzen zaidalako. Oso arriskutsua izan naiz aita gisa haurrekin errekara joan naizenean, ibaiaz ez bertze guztiaz ahazten bainaiz.

Arrantzan zer aurkitu ohi duzu?

Amuarrainetan aritzen naiz, baina ez ditut hiltzen. Molestatzen ditut, min pixka bat egin diet, kontraesana dut horrekin, baina, gaur-gaurkoz, jasangarria. Ikaragarri maite ditut, seguruenik bizi diren lekuarengatik. Betaurrekoekin ibaia barrutik ikustea ikaragarria da. Uste dut gutxien ezagutzen dugun lekua dela. [Harria altxatu du] Ikusten nola mugitzen diren ninfak? Hori da ibaietako bizitzarik handiena.

Zergatik askatzen dituzu amuarrainak arrantzatu ondoren?

Bizi daitezen. Lehen, jateko eramaten genituen, baina aspaldi ikusi nuen ez zuela zentzurik. Arraina etxera eramanen dut uretatik urdaiazpikoarekin ateratzen denean.

Urrobi ez, beste ibai baten izena zuen musika taldeak: Errobi.

Errobi izan zen nire talde kutuna bertzeak Itoitzekin hasi zirenean. Anje Duhalderi behin eskatu nizkion azalpenak taldea desegiteagatik. Harekin eta Antton Lukurekin lotzen nau arrantzak eta euskal kulturak. Beti esaten didate ea joanen naizen haiekin arrantzara, baina sekula ez naute eraman.

Ur-lasterraren kontra ibiltzen zara?

Bai, horren oso zalea izan naiz beti. Etxean bertan ere. Bizitza biziagoa da ur-lasterraren kontra igeri eginik.

Horrek ekarri dizu arazorik?

Bai, kazetari izanik, modu agerikoan etengabe nire pentsamendua azaltzeak jakin badakit bere kostuak zituela. Azkenean, nik nire enpresa propioa sortu dut [Labrit], segur aski nire ur-lasterraren kontra aritzea oso zaila delako, eta, aldehorretatik, aske sentitzen naiz.

Kazetari askea izatea zaila da?

Kazetari bakoitzari berehala jartzen diogu zigilua, eta horren arabera entzuten dugu gero. Baina beldur handien ematen didaten kazetariak dira bere burua neutraltasunean kokatzen dutenak, ez baita egia. Nahiago dut bere irizpidea aldez aurretik agertuz informatzen nauena; errazago ulertzen dut dena.

Hemen, denbora agudo pasatzen zaizu, baina lasaitasunez. Kazetaritzak horrela beharko luke?

Baina ezinezkoa da. Kazetaritzak gaur egun ez du betetzen legokiokeen funtziorik inportanteena, hau da, boterearen kontrola. Kazetaritza enpresen menpe edo egitura publikoen menpe egon da; beraz, irizpide horiek gailentzen dira une oro.

Kazetaritzak jendearen istorioak agertzen ditu. Horrek eraman zintuen ondarearen bueltan aritzera?

Gure kultur transmisioaren arazoen aitzinean dugun sentsibilitate berezi horretatik abiatzen da. Modernitatearen hasieratik ez dugunez ukan egitura estatu-nazionala, ezin izan dugu gure imajinarioa sendotu, berritu eta berregin. Ez bagara gai pantailetara gure imajinarioaren elementu osatzaileak eramateko, bertzeek eramanen dituzte bereak. Ez daukagun estatu-nazioa ordezkatu beharrean gaude, elementu horien transmisioa bermatuz eta elementu berriak sortuz.

Hortik igarotzen den erromatar bideak badu aipatzen duzun iruditeriarekin zer ikusirik, ezta?

Hein handi batean, jendeak bere identitatea iraganeko elementu partekatuekin egiten du. Nik horren alde egin dut Nabarralde sortuz, Nafarroa Bizirik-en... Zoritxarrez, gureak ez dira ezagutzen. Leku hau oso inportantea da Euskal Herriaren iragan partekatuan. Bitan hemengo biztanleek irabazi zioten garai hartako armadarik boteretsuenari, eta horrek ahalbidetu zuen Iruñeko Erresuma sortzea. Hemen zegoen galtzada, ez Erron.

Itxi liburuak saioak badu historia partekatzeko asmoa, beraz?

Euskal Herriko iragan partekatuko mugarri nagusiak pantailara eramateko aukera nuelako onartu nuen lana. Zenbat aldiz handitzen da transmisio gaitasuna telebistan? EITB da transmisiorako Euskal Herri guztian dagoen baliabide indartsuena, eta dagoen egoeran dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.