Bizitzarik ez fatxadetan zintzilik

Arropak etxeen fatxadan eskegitzea debekatzen duten ordenantzak atera dituzte hainbat lekutan, «estetika» argudiatuta. Adituek salatu dute etxeek funtzionalak izan behar dutela, eta neurriek zaintza lanak ezkutatzen dituztela.

Donostiako Martutene auzoko etxebizitza batzuetan, estali egin dituzte arropa esekiak. BERRIA.
ane insausti barandiaran
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Inguruko paisaiaren, auzoen izaeraren eta bizilagunen bizimoduaren parte dira etxe kanpoko esekitokiak. Egunerokoaren lorratza ikus liteke horietan, zaintza lanen arrastoa, identitateen zantzuak. Badago azkura eragiten dienik, ordea: «estetika» argudiatuta horiek begien bistara zintzilikatzea debekatu baitute hainbat tokitan.

Bi adibide. Bata, Iruñeko Udalaren jokabide zibikoak sustatzeari eta espazio publikoak babesteari buruzko udal ordenantza: «Ezin da arropa esekita jarri balkoietan, terrazetan edo zabaltzetan, kaletik ikusi ahal izateko moduan». Bestea, Leioako (Bizkaia) Udalaren «gobernu onaren» ordenantza: «Jabari publikoko guneei dagokienez, debekaturik dago balkoi, leiho eta zintzilikagailuetan arropak zintzilikatzea, bide publikoaren lekuren batetik ikusten diren kasu guztietan».

Maialen Arregi Hiritik At kooperatibako arkitektoa da, eta argi dio: «Ez dago arrazoi arkitektonikorik hori bistaratzeko edo ez bistaratzeko. Balkoi batek baranda bat eduki behar du ziurtatzeko inor ez dela bertatik jausiko, baina, fatxaden konposizio horretan, arropak eskegitzea estetikari edo irudiari lotutako norma bat da».

Bada, estetikaren ideia «eraikuntza soziala» dela gogoratu du arkitektoak, beste leku batzuetan argazkiak ere ateratzen zaizkielako: «Mediterraneoko portu batera goazenean, ikusten dugu herri bukoliko bat, arropak eskegita daudena, eta polita iruditzen zaigu. Baina Bilboko kale batean arropa ikustean, ez zaigu polita iruditzen».

Arregik genero ikuspegitik erreparatzen die hirigintza eta arkitektura proiektuei, eta, hain justu, azaldu du Eusko Jaurlaritzak iaz argitaratu zuela etxebizitzen gutxieneko bizigarritasun baldintzak eta diseinu arauak arautzen dituen dekretua. Bertan, etxebizitzak bizigarri egiteko irizpideak zehaztu dituzte. 2020ko itxialdiko gogoetek bultzatuta, ikusi baitzuten etxe batzuek ez dituztela bizitzeko baldintza egokiak. Arkitektoak derrigortuta daude irizpide horiek betetzera. «Moduren batean, ikusten da gaur egun genero ikuspegia txertatu dela: garbiketarako espazioen, balkoien, edo arropa eskegitzeko leku baten beharra aipatzen da».

Beste behin, ordea, arropak «ezkutuan» gordetzera behartzen ditu dekretuak. Eta ikusten ez dena ez denez existitzen, oraindik ere ezkutuan geratzen dira zaintza lanak, mugimendu feminista horiek politizatzeko eta gizarteratzeko lanean ari bada ere. «Etxe barruan egiten diren lan horien guztien erakusleiho bakarra da gure balkoia. Eta ez badigute uzten hori kalean egiten, ematen du hori ez dela gertatzen».

Bidenabar, funtzionalitateari halako garrantzia eman dioten dekretu batean estetika gailentzea kontraesana iruditzen zaio Arregiri. «Arkitekturako planteamendu edo arautegi horietan jasotzen direnak hiri ereduak dira, hau da, zer erakutsi nahi dugun kalean. Bizigarritasuna dekretu osoanpraktikotasunarekin eta erabilerarekin lotzen duten arren, deigarria da arropaz hitz egiten dutenean esatea ezin dela bistan egon, edo estetika sartzea», gehitu du.

Era berean, salatu du fatxadetan badaudela bestelako elementuak ere, kableak eta hodiak esaterako, eta horiek ez dutela begiko minik eragiten. «Kasualitatea, beti bezala, emakumeek egiten dituzten lan horiek guztiek eragiten dute azkura handiena: horiek molestatzen dute gehien espazio publikoan». Horien alde egin du arkitektoak: «Bizitza ikusten da zintzilikatutako arropa horietan».

Sistemaren «sintomak»

Eguneroko ekintzek eta dinamikek mundua azaltzen laguntzen dute, Isabel de Blas Buruaga soziologo eta EHUko irakaslearen irudiko. «Kontua da zerbait handiagoaren sintomak aurkitzea, baita bizitza arruntaren xehetasun txikienetan ere», adierazi du. Arropak fatxadetan zintzilikatzeak espazio publikoaren eta pribatuaren arteko «haustura» sortzen duela azaldu du, bi mailatan: «Lehena, gure egunerokoaren alderdi ustez intimoak ikusaraziz; bigarrena, espazio publikoa erabiltzeko moduak zalantzan jarriz».

Izan ere, debeku horrek, zaintza lanak ikusezin egiteaz gain, eguneroko bizitzan oinarrizko beharrei erantzuteko kalearen erabilera desjabetzea dakar. Nori, eta esparru pribatura baztertzen diren horiei: «Pertsonala politikoa da, eta etxeko trapu zikinak eguzkitara garbi ateratzeko premia handia dago. Jakina da emakumeak garela gehienbat etxeko lanen ardura dugunak eta lana egiten dugunak».

Profesionalizatzerakoan, berriz, emakume migrante arrazializatuek egiten dituzten lanok, eta aipatu du etxeko langile antolatuek, beren lan baldintza irregular eta prekarioak salatzeko protestetan, arropa zintzilikatuaren elementuak erabili izan dituztela, ez kasualitatez. Haren ustez, «emakumeek historian etxeko lanen inguruan izan dituztenjakintzak eta egiteko moduak erakusten ditu arropak kanpoan eskegitzeak, eta duintasuna ematen die».

Baina denek zabaldu al dezakete arropa etxean? «Askotan, etxebizitzek ez dute horretarako toki nahikoa, eta bertan bizi direnek irtenbide alternatiboak bilatu behar dituzte», gogoratu du. Edo kontrara, «etxe pribilegiatuetan» etxeko langileak ezkutaturik izatea ere ekar dezake debekuak, zaintzaz arduratzen diren profesionalen lana estaliz.

Kaleen estetika ere izan du hizpide, «itxura uniformea eta homogeneoa» hartu baitezakete arropen koloreak eta formak baztertuta: «Kaleen estetikaren identitatea desagertzeko eta despertsonalizatzeko arriskua dakarte neurriek». Horiek erakutsiz gero, ordea, zaintza lanei duintasuna ematen zaiela uste du, eta hori islatzen duen paisaia eta iruditeria eraikiko litzatekeela.

Horrez gain, arriskua ikusten du anonimotasunerako joera zabaltzeko: «Biztanleria hirietan biltzeko joera ezaguna da, eta gero eta ohikoagoa da bizilagunek elkar ez ezagutzea». Aldiz, arropak kanpoan zintzilikatuz gero, uste du bizilagunen arteko harreman sarea ehundu daitekeela, arau eta barne dinamikak koordinatzearekin batera: «Barne espazioa kanporantz luzatzean, etxebizitzen izaera indibiduala komunitarioagoa bilakatu daiteke».

Kaosari ordena

Arropak zintzilikatzea «kristoren buruhaustea» izaten da etxe askotan, Maitane Ormazabalen arabera. Txukuntzen enpresako antolatzaile profesionala da, eta etxea atontzeko aholkuak ematen dizkie bezeroei. Ez du ulertzen ordenantzetan arropa eskegiak animalia hilen edo etxeko hautsaren bloke berean agertzea: «Iruditzen zait inolako zentzurik ez daukanbloke batean sartu dutela. Ez dut uste zerikusirik duenik animalia hilak kanpoan uzteak edo arropa zintzilikatzeak».

Beste eragozpen bat ere ikusten dio debekuari: energiaren kontsumoarena. «Zer egingo dugu, etxe barruan gorde? Edo lehorgailu bat jarri, eta energia gehiago erabili? Gero ez dugu dirurik izango energia hori ordaintzeko, eta, gainera, ingurumenari kalte egiten ari gara. Dena da oso aldrebesa».

Eta jakin badaki denek ez dutela espazio bera horretarako. Berak, adibidez, etxe barruan ez dauka arropa zintzilikatzeko modurik; hortaz, betidanik erabili dute lehorgailua: «Minimalista izanik, oso arropa gutxi daukadalako, eta, hortaz, lehortzeko ere behar dudalako bizkortasuna». Dena den, lehentasunak ezarri behar direla uste du , eta estetika ez da horietako bat haren ustez, erabilerarekin alderatuta.

Are, bezeroekin dagoenean argi ikusten du funtzionaltasunak edertasuna dakarrela askotan. «Maiz, etxe bat funtzionala izateak ematen dizun lasaitasunak ongizatea ematen dizu, eta, orduan, beste begi batzuekin ikusten duzu etxea». Izan ere, sinetsita dago etxeak etxekideen beharretara egokitu behar duela, eta ez alderantziz. «Etxeak, niretzat, gure habiak dira, indarberritzeko espazioak; hortaz, gure beharretara egokituta egon behar dute».

Hain zuzen, arropek habiei, auzoei eta bizitzei ematen dieten energia defendatu du, hori ere ederra dela gogoratuz: «Nire auzoa bizitza guztiko langile auzo bat da, eta zer esango dizut, ba? Kristoren xarma ematen dio arropa zintzilik ikusteak, eta jendeak balkoitik balkoira hitz egiteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.