Poeta

Ainara Maia: «Bizitzeko, sentitzeko edo adierazteko modu bat da poesia»

'Hatsaren poesia' olerki bildumako 26. liburukia aurkeztuko dute igandean, Senperen. 126 poetak parte hartu dute; horietako batzuk olerkari ospetsuak dira, eta beste batzuk hasiberriak.

Ainara Maia, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainara Maia, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Irun
2024ko apirilaren 4a
05:05
Entzun

Poesia ulertzeko hainbat eta hainbat ikuspuntu daude. Batzuek literatura genero moduan deskribatzen dute; beste batzuek, berriz, sentimenduekin lotzen dute, horiek azaleratzeko tresnatzat hartu. Bakardadea sentitzen dute olerkari askok idazketa prozesuan, eta horregatik, poeta askorentzat ezinbesteko topaketa da Hatsaren poesia liburuaren aurkezpena, Senperen (Lapurdi). Ainara Maiak (Irun, Gipuzkoa, 1976) hainbat zenbakitan parte hartu du, eta aurten, 26.ean, editore ibili da. Aurkezpena igandean izango da,12:00etan, Senpereko Larraldean.

Liburu bat edo bilgune bat da Hatsaren poesia?

Urtero ateratzen den liburu bat da, liburu kolektibo bat. Auxtin Zamorak Senpereko Hatsa elkartearen bidez sortu eta antolatutako egitasmoa da, 1999. urtean hasia. Auxtinek esaten duen moduan, liburu bat da, baina baita euskal poesiaren bilgune bat ere. Euskal poeten arteko harremanak sortzeko eta indartzeko toki bat izan da hasieratik.

Zeinek parte hartzen du?

Parte hartzea erabat irekia da, hau da, poema bat idatzi duen orok bidal dezake bere lana. Poeta ezagunak eta hasiberriak elkartzen dira liburuetako orrialdeetan, eta adin guztietako jendea.

Inoiz olerkirik idatzi ez dutenak ere bai?

Noski. Lehen, adibidez, Auxtinek poesia tailerrak egiten zituen ikastoletan, eta umeek idatzitako poemak ere agertzen ziren liburuan. Poeta askorentzat ere aukera paregabea da, haien lana lehendabiziko aldiz argitaratzeko.

Badago araurik poemak idazteko orduan?

Esango nuke arau bakarra dagoela: lanak euskara hutsean idatziak izatea. Denontzat irekia da liburua, eta horregatik, poetek ezin dute poema asko idatzi. Bizpahiru poema bakoitzak. Liburua zentsurarik gabea da.

Beraz, mugarik gabekoa da.

Bai, askatasunez beterikoa. Bakoitzak poesia bere moduan ulertu eta idazten du, eta hori liburuan ikusi daiteke.

Zuk nola ulertzen duzu?

Nire ustez, poesia zeharkako genero bat da. Leku guztietan aurki dezakegu: narratiban, saiakera batean... eta alderantziz berdin, istorio bat kontatu dezakezu poemekin, adibidez. Niretzat, adierazteko modu bat da, eta horretarako idazten dut. Bizitzeko, sentitzeko edo adierazteko modu bat da poesia, eta poeta bat ez da zertan horretaz bizi den norbait zehazki.

Zaila da gaur egun euskal poesia argitaratzea?

Ez da erraza. Poesia ez da gehien saltzen den generoa izaten, beste liburu mota batzuekin alderatuta.

Noiz parte hartu zenuen lehen aldiz Hatsaren poesia-n?

Lehenengo aldia 2001. urtean izan nuen. Nire lanak argitaratzeko lehenengo aukera izan zen, eta, harrezkeroztik, urtero agertu dira nire poemak liburuetan.

Orain Zamoraren lekukoa hartu duzu editore lanetan, ezta?

Pixkanaka hasi nintzen Auxtini laguntzen, duela bost urte. Poemak urtarrilean biltzen dira, eta, ondoren, maketazioa osatu behar da. Nire parte hartze guztien ondorioz, Hatsaren poesia-ren filosofia ulertu eta barneratu egin dut, eta horrek bultzatu nau egitasmoan laguntzera.

Hainbat aldiz aipatu duzu Zamora.

Bai. Azkenean, hura izan da sortzailea eta sustatzaile nagusia. Esaten du berak sortu zuela ekimena, baina denon artean egiten dugula. Behar bat ikusi zuen Auxtinek 99an, euskal poesia nabarmentzeko behar bat, eta haru esker biziraun du Hatsaren poesia-k.

Behar hori gaur egun ere badago?

Nik uste dut baietz. Bilgune bat behar da. Idazketa bakarkako lana da, baina beste poetekin harremana sortzea beharra da oraindik ere; horregatik da liburu kolektibo bat.

Protagonistarik gabeko liburu bat da, beraz.

Protagonistaz beterikoa, nik uste. Denok gara egileak. Aurten 126 idazlek osatu dugu bilduma.

Hamar urte barru liburua potoloagoa edo finagoa izango da?

Ba, agian bi liburu atera beharko ditugu; auskalo [barrez].

Zein da igandeko egitaraua?

11:30ean egingo dugu elkarretaratzea. 12:00etan, liburuaren aurkezpena izango da, eta hainbat pertsonak hartuko dute hitza, hala nola Auxtinek eta aurtengo liburuko azalaren egileak, Lander Zurutuzak. 14:00etan bazkaria egingo dugu, eta arratsaldean, 16:00etan, liburuan parte hartu dutenen testuen irakurketa.

lotsabakoa

Liburu bat? Sarrionandiaren Hnuy illa nyha majah yahoo.'Hatsaren poesia'-ren bilduma bat? 2001ekoa.Erreferente bat? Aita.Idazteko txoko bat? Hendaiako morrua [Lapurdi].Euskal Herriko txoko bat? Dunbarriak, Hendaian hori ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.