Irudi berria aurkeztuko dute gaurtik aurrera Mutrikun (Gipuzkoa) ospatuko diren malenetan. Herritarrek festen antolaketa aldatzea erabaki dute, herrikoek eta herrira etortzen diren guztiek malenak are gehiago goza ditzaten.
Aurten, Mutrikuko hainbat elkartek eta lagunek Bizixo Jai Konpartsa sortzea erabaki dute, jaien egitaraua adin guztietara egokitu dadin. «Konpartsaren koordinazio finkoan hamabost lagun gaude, baina beste elkarte batzuk ere badaude, Gazteen Asanblada, esaterako», nabarmendu du Jon Lekube Bizixo Jai Konpartsako kideak. Aurten sortu da konpartsa, baina azken hamar urteetan festa batzorde gisa aritu izan da. «Egitarauak adin tarte batzuentzako eskaintza gehiegirik ez zuela konturatu ginen», azaldu du Lekubek. Ondorioz, festetarako konpartsak hainbat ekintza antolatu ditu: gazte topaketa, kalejirak, lipdub-a, haurrentzako jolasak eta pailazoak, txarangak, kontzertuak... Aurten, haurrentzako berrikuntza bat ere adierazi du Lekubek: «Azken hiruzpalau urteetan haurrentzako egitaraua indartzen saiatu gara, eta, aurten, haurrentzako soilik gune bat ireki dugu».
Taldea irekia izan da herritarrentzat, edonork ideiak proposatzeko eta garatzeko. Gainera, konpartsak, Malenen omenez, kanta bat ere sortu du jaien inguruan: Ai Malen, Andre Madalen! «Kanta sortzeko laguntza asko jaso dugu», azpimarratu du Lekubek. 30 lagun inguruk parte hartu dute, eta egungo musika Mutrikuko kanta tradizionalekin nahastu dute.
Malenak, Bizixoren festa
Aurtengo malenetarako sinbolo ofiziala sortu du konpartsak berrikuntza gisa: balea. «Herri askotan, pertsonaia batek ematen die hasiera jaiei; Mutrikun, balea izan da aukeratua», azaldu du Bizixoko kideak. Mutriku betidanik egon da arrantzarekin lotua, eta sinbolo egokia iruditu zaie konpartsakoei. Baleak Bizixo izena jaso du. «Izena aukeratzeko, gaztelekuko gazteengana jo genuen», azaldu du Lekubek. Izena Mutrikuko hizkerarekin zerikusia izan zedin nahi zuten konpartsakoek, eta aukeratua Bizixo izan da. Bizixo irudikatzeko, balea bat eraiki dute, eta jaiei hasiera emateko, balearen etorrera egingo da, hondartzatik. Festak iraun bitartean, Bizixo herrian izango da: «Espero dugu herritarrek balea ondo zaintzea».
Herritarrek harrera ona azaldu dute: «Jendeak kanta zabaldu du, eta balearen aurrean pozik agertu da». Jaiak hilaren 25era arte izango dira, eta egunero hainbat ekintza egingo dira: Malen eguna, Malen Txiki, kuadrilla eguna, Santixo eguna... Mutrikuarrentzat festak hasi baino ez dira egin.
Bizixoren lehen festak
Mutrikuko malenetarako Bizixo balea aurkeztu dute irudi gisa. Herriko Bizixo Jai Elkarteak eskaintza zabaldu du haurrentzat eta gazteentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu