Udako proposamenak

Bizkaiko azken burdinola, martxan

Muskizko El Pobaleko burdinola 2004. urtean bilakatu zuten museo. Labe garaien aurretik burdina lortzeko zer prozesu erabiltzen ziren azaltzen da han; larunbatetan erakustaldiak egiten dituzte makineria originalarekin.

El Pobaleko burdinolako tailerra. BIZKAIKOA
El Pobaleko burdinolako tailerra. BIZKAIKOA
urko iridoy alzelai
2025eko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Burdina eta Bizkaia eskutik joan dira mendeetan. Labe garaiek lurraldean izandako garrantzia ukaezina da, baina lehenago baziren burdina sortzen zutenak: burdinolak. Berrehun burdinola inguru izan ziren Bizkaian, eta gaur egun, soilik bat geratzen da. Muskizko (Bizkaia) El Pobaleko burdinola XVI. mendearen hasieran sortu zuen Otxoa de Salazarrek, eta 1965. urtera arte egon zen funtzionamenduan. 1990. urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak erosi zuen, eta 2004. urtean museo bilakatu. Harrezkeroztik milaka bisita egin dituzte; larunbatetan, bisita didaktikoaz gain, erakustaldia egiten dute bertako makineria originalarekin. Etzi, asteroko moduan, bertaratzen den ororentzat martxan jarriko dituzte burdina moldatzeko makinak.

Burdinolara egiten diren bisita guztiak gidatuak izaten dira. Silvia Rubio El Pobal burdinolako kideak uste du «beharrezkoa» dela bisitan zehar azalpenak ematea, bestela burdinola ulertzea zaila izan daiteke eta. «Berdin du bisita pertsona bati ala talde handi bati egin; denetan ematen ditugu gure azalpenak».

(ID_17520637187785) (/EZEZAGUNA) El Pobaleko burdinola
El Pobaleko burdinola. BIZKAIKOA

El Pobaleko burdinolako kideak esan du burdina sortzeko prozesuak ez dituela aldaketa asko izan historian zehar. «Hasieran, mendian gora egiten zen burdina, haizeoletan; ondoren, ibaira jaitsi eta burdinolak sortu zituzten; eta, azkenik, labe garaiak egin zituzten. Pauso gutxi eman dira». Bizkaian, mineralak duen kalitatea dela eta, meatze lanak garrantzitsuak izan dira betidanik. «Lea eta Barbadun ibaien ertzetan, ehunka burdinola zeuden. Ibairik gabe ez dago burdinolarik, azken finean fabrika hidraulikoak baitira». Hain zuzen, Barbadun ibaiaren urak elikatzen du El Pobaleko burdinola.

«Ibairik gabe ez dago burdinolarik, azken finean fabrika hidraulikoak baitira»

SILVIA RUBIOEl Pobaleko burdinolako kidea

Hiru eraikinek osatzen dute El Pobal. «Alde batetik, burdinola dugu; bestetik, errota, ura baliatuz garia eta artoa birrintzeko erabiltzen zena; eta, azkenik, jauregi bat dago, burdinolak nobleen eraikinak izaten ziren-eta bere garaian. Salazar familiak sortu zuen El Pobalekoa». Burdinolan egiten den bisita gidatuan, errota eta burdinola erakusten dira. Urtegian hasten da bisita, eta, urak burdinolan duen garrantzia azaldu ondoren, burdinolara sartzen dira bisitariak. Bost gela daude. Lehen bi geletan erakusketa bat dago. «Erakusketan argazkiak, mapak eta azalpenak ikusi daitezke. Bizkaian gelditzen den burdinola bakarra izanik, beste guztien erakusleiho bilakatu da gurea, eta, horregatik, dena azaldu beharra dago», nabarmendu du Rubiok. Hirugarren gela ikaztegia da, ikatza biltzeko erabiltzen zuten gunea.

Errementaria lanean

Tailerra da burdinolako laugarren gela, makinak dauden lekua. «Tailerra bisitatzen dugunean, bertako makineria ikusteko aukera izaten dugu. Harrizko bi hauspo eta gabia bat [mailu erraldoia] daude bertan. Hauspoak XVIII. mendekoak dira, eta aldundiak egindako indusketa lan bati esker aurkitu ziren haien piezak. Gabia, berriz, burdinolan erabili zen azkena da, XX. mendekoa. Makineria horrek ura behar du martxan jartzeko, eta, horretarako, kate batetik tiratuz, bildua dugun ura askatu eta makinen gurpilak biratzen hasten dira, funtzionatzen». Tailerrean, Luisma Turuelo errementariak burdina nola moldatzen duen erakusten die bisitariei. «Luismak burdinazko makila bat sartzen du labean, eta, tenperatura egokia duenean, mailu azpian jartzen du. Burdina luzatzen hasten da, eta momentu polita eta aproposa izaten da bisitariek argazkiak atera ditzaten». Horrez gain, Turuelok tailerrak ematen ditu El Pobaleko burdindegian, eta bertako makinen mantentze lanez arduratzen da. Azkenik, sutegian amaitzen da burdinolako bisita.

Bisitak ordubete eta hogei minutu irauten du, eta, Rubioren ustez, aukera paregabea da Muskizen dagoen Muñatones gazteluarekin batera bisitatzeko: «Burdinolatik lau kilometrora dago Muñatones, eta justu igande honetan, lau zaldunen armak ekarriko dituzte, gertaberritze historiko bat egiteko». 10:30ean ekingo diote ikuskizunari. «Uste dut aukera polita dela aurretik gaztelura joatea eta, ondoren, burdinola bisitatzera etortzea». XIV. eta XV. mendeetako gaztelua da Muñatones, eta burdinola sortu zuen familia, Salazar familia, bertan bizi izan zen; beraz, badago harremana bi lekuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.