Mendiaren eta mendiko kazetaritzaren zalea da Ainhoa Lendinez kazetaria (Elgoibar, 1981). Berriketan.info sare sozialean, mendiko jardueren gaineko informazioa zabaltzeko ohiturak ezagutarazi zuen BERRIAko langileen artean, eta Ibilkari kanalaren proiektuan parte hartzeko proposamena egin ziotenean, ez zuen zalantzarik izan. Lendinez izango da kanalaren arduradun nagusia.
Ibilkari kanal berriarekin mendizaletasunaren inguruko informazioa sarean eta euskaraz jasotzeko aukera izango dute euskal mendizaleek. Aurrerapauso handia.
Bai, aurrerapauso handia da, aspalditik zegoen hutsune bat beteko duelako kanal berriak. Beste webgune batzuek ematen duten informazioa euskaraz jasotzeko aukera ematen du.
Formatu berezia izango du, kazetariez gain, mendiko jarduerak egiten dituzten protagonistek idatziko baitute bertan. Zer ekarpen egiten dio horrek kanalari?
Mendiari lotutako hainbat pertsonak bertan parte hartzea lortu dugu, eta horrek bizitasun handia emango dio blogari. Ez da gauza bera kazetari batek edo jardueretan parte hartzen ez duen batek zerbait kontatzea, edo esperientzia bizi duenak zuzenean kontatzea. Hori izango da kanalerako ekarpen handiena.
Alpinistak, eskalatzaileak, eskiatzaileak, mendi lasterkariak... diziplina guztietako ordezkariak izango ditu kanalak. Lorpen handia da, ezta?
Niri betidanik gustatu izan zait mendia, eta urteen poderioz konturatu naiz mendia oso zabala dela. Geroz eta pertsona gehiago zaletzen ari da mendiak eskaintzen dituen aukeretara. Kanalaren helburua arlo horiek guztiak biltzea da, eta, horretarako, arlo bakoitzeko euskal erreferente bat bilatzen saiatu gara.
Zu izango zara Ibilkariren arduraduna. Nola ekin diozu proiektu berriari? Zer etorkizun ikusten diozu?
BERRIAtik eskaintza iritsi zitzaidanean, pixka bat beldurtu nintzen hasieran; oso azkarra izan naiteke idazten eta jendearekin harremanetan jartzen, baina, Ibilkari proiektu handia da, oso aberatsa eta atal asko ditu. Oraingoz, blogarien atalarekin egin dut lan gehienbat, baina, beste atalak ere indartzen saiatuko naiz.
Zein da kanalaren helburu nagusia?
Esango nuke euskal mendizaleon topagunea izatea dela helburu nagusia, bilgune bat sortzea. Arlo bakoitzeko webgune bat bisitatu beharrean, webgune batean arlo guztiak elkartzea lortzen badugu, primeran!
Gaurkotasunezko informazioaz gain, ibilbideen eta aterpetxeen datu basea eta agenda zerbitzua ere badu.
Euskal Herria oso txikia da, baina herri guztietan daude mendi elkarteak. Mendiko arloetan gertatzen den bezala, elkarte bakoitzak ere bere txokoa du, eta horiek ere, neurri batean, bakartuta gelditzen dira. Antolatzen dituzten ekitaldiak elkarrekin trukatzeko aukera emango die kanalak.
Ainhoa Lendinez. Ibilkari kanalaren arduraduna
«Blogariek bizitasun handia emango diote kanalari»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu