Blues gaua, tabernaz taberna

Zizurkilgo Hamargarren Blues Jaialdian lau saio izango dira gaur

Erredakzioa
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Gospela elizako kanta bazen, bluesa tabernako musika izan da beti, AEBetako hegoaldeko beltzen artean. Bluesa berezko bizilekuan entzuteko aukera egongo da gaur, Zizurkilen (Gipuzkoa). Hamargarren Blues Jaialdia egingo dute gaur, eta 22:30etik ordu txikiak arte, tabernaz taberna, kontzertuz kontzertu joateko aukera egongo da, emanaldi bakar bat ere galdu gabe.

Euskal Herriko eta atzerriko goi mailako musikariak elkartuko dira Zizurkilen. Markos Untzeta Trio taldeak zabalduko jaialdia, 22:30ean, Atxulondo tabernan. Musikari eibartarrak eta haren langunek Mississippi aldera eramango dituzte entzuleak. Izan ere, AEBetako ibai horren izena jarri zion Untzetak azken diskoari.

Xabi eta Petti gitarra bikoteak egingo diote txanda, 23:15etik aurrera, agertoki berean. Bluesak eta rock-and-rollak ulertzeko moduak elkartu ditu bi musikariok. rythm and blueseko estandarrak eta euren piezak joko dituzte emanaldian. Tabernaz aldatzeko ordua helduko da 00:15ean. Nico Wayne Toussainten banda arituko da Egarri tabernan. Jatorriz Okzitaniakoa da Toussaint, baina AEBetan murgildu zen bluesaren uretan. Chicago, New Orleans eta Minneapolisen ibili zen ahosoinua eta ahotsarekin. Amaitzeko, Los Mighty Calacas mexikarrek jai giroa jarriko dute 01:30etik aurrera, Pasus tabernan.

X. BLUES JAIALDIA

Noiz. Gaur, 22:30etik aurrera, Zizurkilen, Gipuzkoan. Atxulondo, Egarri eta Pasus tabernetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.