Iaz hamar urte bete zituen Zizurkilgo (Gipuzkoa) Blues Jaialdiak, eta aurten ere blues musikaren erakusgarri zabala ekarriko du herriko hainbat tabernatara. Ohi bezala, gauean eta doan.
Atxulondo tabernan hasiko da jaia, 23:00etan. Joan Pau Cumellas & Miguel Talavera arituko dira blues eta country doinuak aireratzen. Bartzelonakoak dira musikariok, eta aho soinua eta gitarra jotzen trebeak dira, entzuleak harritzeraino. Jazza, rumba eta musika irlandarraren doinuak hartzen dituzte, nahasketa berezia egiteko.
Pasus tabernan, 00:15ean, The Romanticos taldea arituko da. 1960-70eko hamarkadetako funk-a eta gaurko Chicagoko blues modernoa uztartzen dituzte. Iker Pirisek, Xabier Barrenetxeak eta Hilario Rodeirok sortu zuten taldea. Piris da taldeko sortzaile nagusia, eta berak egin ditu My Time lehen diskoko kanta gehienak.
Gaby Jogeix Blues Band taldeak bukatuko du gaua, Egarri tabernan, 01:30ean. Taldearen soinuak sekulako indarra du, eta zaila zaio entzuleari dantzan ez hastea. Hermosa Beach hirugarren diskoa Los Angelesen (AEB) grabatu zuen, eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin argitaratu.
ZIZURKILGO XI.BLUES JAIALDIA
Noiz. Gaur, 23:00etan, Atxulondo tabernan. 00:15ean, Pasus tabernan eta 01:30ean, Egarri tabernan. Zizurkilen.
Blues jaialdia Zizurkilen
Hiru talde doan ikusteko aukera egongo da gaur hamaikagarren musika jaialdian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu