Bodegoia

Aurelia Arkotxa.
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espaloi zabalak. Eguzki gordina. Egoitzen kubo geometrikoak. Ene begiek eguzkiaren erredura ez jasaten. Bilboko Guggenheimen forma airosa kanpotik maite dut. Barnetik: deslilura. Espazioak irekiegiak, zementua ozenegi, bisitarien solasak altuegi. Bigarren estaian «Urrezko Aroa Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura». Vermeeren geografoa ikusi nahi nuke. Koadroaren aitzinean meditatu. Ordea, inguruan jendeen eleak, urratsen zaratak, gidarien logorreak. Beste miresle batzuk, gidaririk gabe direnak, beren audiofonoetan murgilduak dira. Kosta zait ahaztea dena, eta Vermeeren kausitzea. Baina, erran dezadan erakusketa miresgarria dela halere. Bodegoi bat aipa nezake. Barrokoa. Ezkerretik, mahaiaren kantonean «C de Heem f. 1657». Fruituen erotismoa nabarmena zait. Ezpain gorrien agertzen ari diren piku eta meloi erditik irekiak: bulba eta pottotta bustiak dira. Eta gaztaina kroskoa lizunki arraildua, bi gaztain pixka bat ageri direla... Eta ostrak hurrupatzeko prest direnak... Mirailaren ondoan den txirula, ez ote fauno zakilixut batena? Mahats golkoak ez ote Dionisosenak? Geroago ditut ikusi bi murru-zoriak, bizkarra emanez mirailari, kopulatzen ari zirela, arrak emea estaltzen zuela. Gidarisak, mirailari ipurdiz diren bi zoriak instintu sexualaren kondena direla, dio. Haren inguruan diren hegoamerikarrak entzuten. Gidarisak azaltzen die pintorearen teknika holakoa dela, halakoa dela, fruituak errealistak direla, udazkena dela... Flamendarren komertzioa ere aipatzen die... Taldeko gizon zahar batek orduan, serioki: «Sí, efectivamente, ya se nota que estamos en otoño : la uva, el melón, los higos, las castañas».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.