BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (IV)

Bolivia destolestuz

Paisaia eta orografia zirraragarriak dituen herrialdea da Bolivia: mendilerroak, lakuak, soroak, oihanak, sumendiak... Hango herritarrak soinean daramatzen jantzi koloretsuengatik dira ezagunak. Historikoki eta kulturalki ere oso aberatsa da.

Bolivia destolestuz.
2016ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
«Herodoto, haur baten grinaz, mundu berrien bila abiatuko da. Eta ugariak direla ohartuko da, eta bakoitza bakarra dela.

Eta garrantzitsua.

Eta ezagutu egin behar ditugula, mundu bakoitzaren kulturak ispiluak baitira, geurea islatzen duten ispiluak. Beste mundu hauei esker hobeto ulertuko dugu geure burua, ezin baitugu gure identitatea definitu besteekin alderatzen ez dugun bitartean.»

Ryszard Kapuscinski

Ateari bultza eta barrura egin dugunean, tabernariak edalontziak lehortzeari utzi gabe agurtu gaitu, serio. Kasu egin, edatekoa eskatu —garagardoa beraiek, baxoerdia nik— eta mahaira egin dugu. Zerbitzatzean, begiradarekin zirikatu nau barra atzetik: «Hemen da orain ere, XXI. mendeko zalduna, entzule berriei istorio zaharrak kontatzera etorria». Erantzun moduan, poltsatik mapa tolesgarria atera, eta azala erakutsi diot: Bolivia. Bekainak altxatu, eta irribarre sotila egin du emakumeak, basoei distira ematera itzuli aurretik.

Mapa mahai gainean destolestu, eta oroitzapenek trabatu egin naute. Azpimarratuta dauzkagu bizikletaz igarotako bideak: lerro horiak lotzen ditu Uyuni, Potosi, Sucre, Cochabamba, La Higuera, Samaipata, La Paz eta Titikaka aintzira.

Lurraldearen orografia ikuste hutsa zirraragarria da bidaiazalearentzat: mendebaldean, lau mila metrora dagoen goi lautada —urdinez eta zuriz margotua—; inguruan, bi mila metro gorago tontortzen diren mendikate luze eta sumendi bakartiak; ipar-ekialdean, oihanak estalitako lautada amaigabea; eta, tartean, trantsizio menditsua, bihurria eta kontrastez gainezka antzematen dena.

Arnasa sakon hartu, eta bizipenak antolatzen saiatu naiz.

Eduardo Abaroa Parke Nazionala, laku koloretsu eta sumendiz osatutako paisaia martetarra, hotzez dardarka igaro genuen. Baina bideak opari bat zeukan ezkutatuta: ur termalak! Latza bezain ederra da ingurua, abentura eremua! Lekua adierazi diet hatzarekin.

Uyuniko gatzaga zabalean kanpatu genuen; bertako ilunabarrak ez du parekorik! Ondoren, goi lautada lehorretik ekialde tropikalera jaitsi ahala, paisaiaren tonalitatea aldatuz joan zen. Pintore baten paleta ziruditen patata eta barazki soroek laukitutako mendi magalek. Bide ertz lasaietan kanpaturik, marroi, berde eta gorri antzeko tonu apal kontaezinei begira afaldu, eta bare-bare lokartu ginen. Berdea gailendu zen oihanera gerturatu ginenean, eta kolore biziko baratzeak agertu ziren bailara hezeetan. Hura dibertsitatea! Ardo trago batekin ospatu dut oroitzapen bilduma.

Atzera, Altiplanora egin genuen berriro, eta Titikaka aintziran agurtu genuen Bolivia. Inurritegia zirudien La Paz hiriburuko zulotik irten ostean, amaigabea ematen zuen lautada lehorrak. Baina kresala, kaioak eta itsaso urdin zabala agertu zitzaizkigun bat-batean. Mediterraneoa lau mila metrora, txo! Eta aldi berean, llamak bide ertzean, tontor elurtuak atzealdean eta arnasestuka! Zein ederra, zein aberatsa den Boliviako paisaia lagunok!

Zutik eta ahotsa altxatuta, maparen gainean pintzelkada nahasiak marrazten ari naizela ohartu, eta isildu egin naiz. Mahai-inguruan bildutako gazteak begirada interesatu bezain nahasiaz dauzkat so. Bista altxatu dut: tabernaria basoak txukun-txukun lerratzen ari da, irribarre txikia ahoan. Lasaitzen saiatu, eta eseri egin naiz, azalpenekin jarraitzeko.

Herrialde baten marrazkia osatzeko, paisaiaz gain, ezinbestekoa da bertako biztanleak eta horien bizimodua ezagutzea. Ikusmiraren handitasunean, euren arropa koloretsuak direla-eta nabarmentzen dira boliviarrak. Bidaiarien aurrean, ordea, ezkutatu egiten dira asko.

Eta hori, zergatik?

Hauxe da nire teoria: ziur asko, azken bost mendeetan, zuriengandik urrun mantentzeko ohartarazi zaie sutondoko istorioetan. Ez dago urruti gizon zuriarekiko kontaktuak indarkeria eta heriotza zekarren koloniako garai bortitza. Lauzpabost aitona-amonako distantziara daude Potosiko meatzeetara behartuta joan eta sekula bueltatu ez ziren senideak. Tira, beste batzuek klima dela esaten dute. Entzuna daukat, baita ere, geneetan barneratu dutela jada mehatxua. Baina, nire ustez, denbora gehiago behar dugu animaliok horretarako; «Ezagutzen duzue Atxagaren trikuarena?». Ezezkoa egin dute pareko bi lagunek buruarekin, endredoa adierazten dute haien kopeta zimurtuek. Boliviara itzuli naiz.

Odolean txertaturik edo sutondoko istorioen bidez ohartarazita, bizikletan herrixketara sartzen ginelarik, iruditzen zitzaigun nekazari asko etxeko segurtasunean geratzen zirela. Bidaiariak sortzen dien jakin-mina ase nahi, baina, trikuak arranoaren itzala ikustean bezala, ezkutatuta. Haurrak, ordea, beti haur, eta bizikletak ikusi orduko bulkada biziz inguratzen zitzaizkigun korrika. Baina, iristear zeudenean: zazt! Barne ahots batek ziplo geratzen zituela zirudien: «Ez gerturatu gizon zuriarengana!». Agian horregatik eutsi diete, nolabait, bertako ohiturek, erritualek eta hizkuntzek mendeetako zapalkuntzari. Gaur egun, Bolivia Estatu Plurinazionalak 37 hizkuntza ofizial dauzka. Gure euskararen gisan, tolesturetan gorderik babestu dira mehatxutik. «Baina, adi gazteok, hau ona da-eta...». Tonua apaldu dut.

Denboran buelta osoa emanda, inposatutako hizkuntza komuna altxor modura itzuli zaigu, guri eta haiei, mundu ezberdinen arteko komunikazio tresna erara. Historiak marka uzten du, ordea, eta espiralean egin du bira egoerak. Beste plano batean gaude orain. Entzun ongi, bi munduen arteko pareta gainditzeko sekretua da-eta hau!: hizkuntza bera ezagutu arren, kointzidentzia horren jatorri bortitzaren jakitun, ikasi egin genituen bertako kitxua hizkuntzaren oinarrizko hitzak eta esaldiak. Erosketa beraien ama hizkuntzan egiten saiatzean, irribarre zabal batez ordezkatzen ziren azoketako mamiten kopetako zimurrak. Badakigu adeitasun seinale txiki horiek zenbat eskertzen diren, ez da hala? Behin konfiantza lortuta, atsegina da orokorrean boliviarra.

«Ona izan duk hori, gomendio polita!», bota dit parekoak.

Eta, horrekin lotuta, paradoxa ederra agertzen zaigu Hego-Amerikako askapen borrokak aztertuz gero! Iraganean Bolivar, Artigas edota Ernesto Guevara Chek eta, azken urteetan, Hugo Chavezek eta Evo Moralesek Aberri Handia aldarrikatu dute. Eta, ehunaka kultura (eta hizkuntza) horien batasuna jorratzeko erreminta nagusietako bat zein da? Gaztelania! Konkistatzailearen eta zapaltzailearen hizkuntza! Simon Bolivarrek zioen bezala...

«Hi, suabe, oporrak antolatzeko aholku bila elkartu gaituk. Ez al haiz gaitik zertxobait desbideratzen ari?», ausartu da nire albokoa.

Zutik nago berriz, ozen hizketan. Ez daukat bereziki leiala naizelako Fidel izengoitia.

«Bai, bai, arrazoi. Ea ba, non nindoan...?». Altuerako hotzak ahaztu nahian, oihanera gerturatu ginen. Ez ginen, ordea, behe-lautada tropikaleraino jaitsi; azken mendietako klima freskoan bukatu genuen ekialderako ibilbidea. Amaierako geltokia, Samaipata, herrixka erlaxatu, kosmopolita eta atsegina da, atsedenerako aproposa. Inguruetako ur-jauziak, baso tropikalak eta mendiak ezagutzeko ere, kanpaleku egokia da. Mapako puntua zehaztu dut, baina segidan atzera egin dut pixka bat. Aurretik, halere, Vallegrande eta La Higuera bisitatu behar dira! Bertan erail zuten, Sartre filosofo frantsesak definitu zuen moduan, garaiko gizakirik osoena: Che Guevara! Zirrara handiegiarekin ardoari tragoa eman eta paparrera isuri zait. Gorriz zipriztindu da kamisetako musker berdea.

Boliviako tolesturarik gordeenetan ezkutatu zen iraultzailea, inperialismoa menderatuko zuen mundu mailako altxamenduaren lehen urratsak koordinatu nahian. Apustua altua zen, eta ez zitzaizkion gauzak nahi bezala atera. La Higuera herrixkan harrapatu, eta bertako eskolan fusilatu zuten. Haren ibilbideari jarraituz bidaiariak agertzen diren arren, beste garai bateko erritmoa mantentzen du herrixkak. Che harrapatu zuten Churo arroilara ibilaldia egin genuenean, Artikutzako zuloren batera sartu ginela zirudien. Bazkalosteko lo-kuluxkan, gerrillariak eta perretxiko bila zebiltzan erretiratuak nahasi zitzaizkidan.

«Perretxikorik bada inguru haietan?», aztoratu da parekoa.

Ez zen garaia gu igaro ginenean, baina irteten omen dira. Bestela ere, La Higueratik Vallegranderako ibilbidea ederra da benetan. Kondorren lepoko uztai zuria bereiztera iritsi ginen gainez gain doan lurrezko bidetik.

Gerardo nekazaria

Paisaiari begira gindoazela, lasai-lasai, abiadura egokian gurutzatu genuen Gerardo nekazaria. Agurtu ostean, askotan errepikatu diguten galdera egin zigun: «Zergatik ez duzue garraioren bat hartzen, horrela nekatu beharrean?». Autobusean igaroko bagina ez genukeela bera ezagutzeko paradarik izango erantzun genion. Eta, hara! Hantxe, kargaturik zeramatzan egurrak bizkarretik jaitsi gabe, sutondorako egokiagoa litzatekeen istorioa kontatu zigun: «Gerrillariak hemen ibili zirelako iritsiko zineten zuek hona, ez da hala? 14 urte nituen nik garai hartan, eta aitarekin nenbilela topatu genituen. Laranjak jaten ari ziren zuhaizpe batean». Hara non, Che Guevara ezagutu zuen.

Eta nola bildu genuen istorio eder hori? Erritmo egokian gindoazelako! Zaldi edo asto gainean zebiltzan antzinako bidaiarien kadentzia da berreskuratu beharrekoa. Bizikleta XXI. mendeko bidaiatzeko era izatera dator, gazteok! Noraeza honetatik irteten hasteko, nahi dugun mundua irudikatzen hastea da lehenengo pausoa! Beste munduak ezagutu, Che eta antzekoen irakaspenak motxilan sartu eta irudimena...

«Eee, barkatu baina ez al zara desbideratzen ari? Motxilekin goaz gu bizikleten ordez, hori erabakita daukagu...».

Bai, egia da —saiakera antzua—. Ea ba..., hemen, Potosi hiritik 25 kilometrora, Ojo del Inca ur termalezko putzua dago, ederra daeta bertan kanpatuta igaro daiteke gaua. Ilunabarra paregabea da, eguzkiaren azken izpiek inguruko menditzarrei ematen dieten kolore laranja uretan islatzen da, eta ispilu biribila bihurtzen da urmaela. Ispilua aipatuta, Kapuscinski idazle eta berriemaile poloniarraren gogoeta bat datorkit gogora. Badakizue...?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.