Jose Luis Astigarraga. Boluntarioa

«Boluntario arituz, barrutik bizi ditut Donostiako jaiak»

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jose Luis Astigarragak (Donostia, 1952) 35 urte daramatza jaietan eta ekitaldi kulturaletan boluntario modura lanean. Gaur, 19:00etan, Aste Nagusiari hasiera emango dion kanoikadan izango da beste hainbat boluntariorekin batera, Artillero abestia kantatzeko prest. Lehenengo urtez, ez du kanoikada beste aldetik biziko, barru-barrutik, baizik. Boluntarioek isilean egiten duten lana eskertu nahi du Donostiako Udalak. Astigarragak pozik hartu du: «Gure lana ez da ikusten, eta ongi dago egiten duguna ezagutzera ematea».

Noiz hasi zinen boluntario modura lan egiten?

1978. urtean, zehazki. Lagun batzuek deitu zidaten, inauteriak antolatzeko bilera bat egingo zutela esanez. Halaxe hasi nintzen, inauteriak antolatzen, eta, ordutik, ekitaldi askoren antolaketan parte hartu dut. Egia esan, beti egon naiz saltsa guztietan sartuta. 60 boluntario inguru aritzen gara Aste Nagusian, eta, nik dakidala, ni naiz urte gehien daramatzana.

Zein ekitalditan aritzen zara boluntario zereginetan?

Ekitaldi kultural askotan. Esaterako, umeen danborradan edo inauterietan. Estropadetan ere laguntzen dut; lehorrean egoten naiz, walkie-talkie batekin, arraunlarien artean ontzirik ez dela sartzen kontrolatzen.

Eta, Aste Nagusian, zein lan tokatzen zaizu?

Gehienbat, kanpotik etortzen diren taldeei laguntzen aritzen naiz; mariatxi batzuek emanaldi bat egin behar badute, esaterako, jo behar duten lekura laguntzen diet. Kanoikadan, berriz, bestaldean egoten naiz normalean, antolakuntzan. Azken finean, udaleko langileek ezin dute dena egin.

Nola bizi duzu Aste Nagusia lanean?

Askoz gertuagotik bizi dut, barrutik. Ekitaldi guztiak gertutik ezagutzeko eta jarraitzeko aukera izaten dut.

Zer iruditu zaizu aurten udalak boluntarioen lana eskertzea?

Bikain. Askok ez dakite Aste Nagusian boluntariook lan egiten dugunik ere; gure lana ez da ikusten. Hortaz, ongi dago egiten duguna ezagutzera ematea.

Donostiarra izanda, 'Artillero' abestea berezia izango da ala?

Antolaketan ibiltzen naizenez, urtero abesten dut. Aurten, ordea, ez naiz beste aldean egongo, bertan baizik, eta polita izango da. Haurtzarotik buruan iltzatuta dudan abestietako bat da.

Nola biziko duzu aurtengo Aste Nagusia?

Urtero bezala, lanean. Ekainean, gainera, erretiro aurreratua hartu nuen; hortaz, aurten denbora gehiago izango dut laguntzeko. Hala ere, oraindik ez didate esan zertan lagundu beharko dudan. Gauetan, lagunekin eta familiarekin suak ikustera joango naiz.

Boluntario aritzeko, zer esango zenioke jendeari?

Gogoa izatea ezinbestekoa dela, eta besteengatik zerbait egitea gauza bikaina dela. Bakoitzak erabaki dezala zer gustatzen zaion eta zertan lagun dezakeen, eta anima dadila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.