Komunikazioa. Luis Marias. Zinema zuzendaria

«Bonbardaketa pairatu zuten biktimen tokian jarri nahi izan dugu filmean»

'Gernika bajo las bombas' telefilma amaitzen ari da Luis Marias zuzendari bilbotarra. Gertaera bera eta aurreko zein ondorengo egunak kontatuko ditu, gernikarren ikuspuntutik.

Marias, erdian, Gernika bajo las bombas-eko protagonistekin. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Luis Marias (Bilbo, 1962) gidoilaria eta zuzendaria da. Farmacia de guardia, A las once en casa eta Maitena: Estados Alterados telesailen gidoiak idatzi ditu, besteak beste, zein Todo por la pasta, Mensaka eta Flores Negras filmetakoak. Gernika bajo las bombas telefilma zuzentzen ari da egunotan, 1937ko krimena kontatzeko.

75 urte behar izan ditugu XX. mendeko gertaera garrantzitsuenetako bat fikziozko film baten bidez kontatzeko. Zergatik horrenbeste denbora?

Ez da egin, nire ustez, garestia delako. Halere, gai honek osagai guztiak ditu fikziozko istorio handi bat egiteko. Baina industria txikia dugu. Garai bateko eta gerrako filma da, eta zaila da egitea. Gure kasuan, Baleuko ekoiztetxeak aurkeztu zion egitasmoaETBri, bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira. Idazki asko dago, eta filmak egin dira gertaeran inguruko beste gaiekin, Lauaxeta esaterako. Baina hau da bezpera, bonbardaketa eta biharamun eguna kontatzen duen lehen filma.

Dozenaka film egin dira 1936ko gerraz. Nolatan ez du inork du pasarterik ikonikoena egin nahi izan?

Bonbardaketa egiteak izutu egiten du. «Baina egin ahalko dugu?», galdetu diogu gure buruari. Geuk ere ez dugu suntsiketa eta hegazkin kontu ikusgarririk egin nahi izan, baizik eta kaleko jendearen bizipena azaldu, modu intimistan.

Gidoia ere zeuk egin duzu. Nola enfokatu duzu gaia?

Historialari bakoitzak bere ideia du, baina bonbardaketaren inguruan dezenteko adostasuna dago. Guk hura pairatu zuten gernikarren lekuan jarri nahi genuen. Gidoia idaztea eskatu zidaten, hasiera batean. Gero zalantzan ibili ziren zuzendaria aukeratzeko orduan, eta, azkenean, niri eskaini zidaten. Istorio korala da, pertsonaia asko daude, orduko Euskal Herriko gizarteko hainbat atalen isla. Bonbardaketa kontatzen duzunean, ez duzu soilik egun beltz haren historia kontatzen: lehen Jaurlaritzaren amaiera kontatzen ari zara, 1936ko gerrako eta Europako zein munduko historiaren une nagusietako bat. Horregatik da istorio hau erakargarria, ez soilik Euskal Herrian, baizik eta mundu osoan.

Ihes egin diozue Picassoren koadroaren klixeari?

Guztiz. Koadroa gero etorri zen. Guk bonbardaketaren biktimen istorioa kontatu nahi dugu. Mola jenerala erabateko terrorista zen,eta filmean argi uzten dugu hura bera eta haren nagusi Franco direla erantzuleak.

Zure azken lanean Mario Onaindiaren ETAko garaia kontatu duzu: El precio de la libertad. Gustura ari zara Historiari loturiko gaiak lantzen edo mugatu egiten zaituzte?

Enkarguak dira, Farmacia de Guardia izan zen bezala. Baina niri askoz gehiago interesatzen zaizkit Historiari loturiko lan hauek. Beste edozein lan bezalakoa da hau, batzuetan asko interesatzen zaizuna egitea egokitzen zaizu. Gustatuko litzaidake nire lanbidean soilik interesatzen zaidana egitea. Horrenbeste urte lan honetan, eta Bilbon jarraitzen duten bakanetakoa naiz.

43 aktore eta 700 estra zuzentzen ari zara. Egitasmo handia da hau.

Bai. Orain arte gauza apalak egin ditut, zuzendari gisa. Lehen aldiz daukat film bat zuzentzearen sentsazioa. Gure ikuspegia eman nahi dugu honekin, baina bonbardaketaren mendea betetzen denerako, batek daki zer egin ahalko den, agian geuk planteatzen dugun baino askoz lan interesgarriagoak. Estatubatuarrek dozenaka film egin dituzte Sezesio Gerraren inguruan, esaterako. Gernika gerraren kontrako ikonoa ere oraindik izango da, hori ziur. Amaitu dugu kalean filmatzen, eta estudioan ari gara orain. Gernika bajo las bonbas egitasmo merke samarra da, baina uste dut espero ez bezalakoa izango dela. Hau ez da Tele5k Pantojaz eginiko telemovie-a, hau benetako filma da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.