Bost izarreko merkatua

Orain arte Maria Cristina hotela apaindu duten altzariak salgai jarri dituzte Anoeta estadioko seigarren atean. 5.400 altzaritik gora jarri dituzte salgai, apirilaren 22a arte.

Apirilaren 22a arte Maria Cristina hoteleko altzariak erosi ahal izango dira Anoeta estadioko  seigarren atean. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Uurte luzez Maria Cristina Donostiako luxuzko hotela apaindu duten altzariak salgai daudea. Julia Robertsek lo egindako ohea,Mick Jaggerrek erabilitako mahaitxoa edo Woody Allenek irakurtzeko erabilitako lanparatxoa eskuratzea posible ahal izango da. Mahaiak, besaulkiak, lanparak, koadroak, ispiluak, lorontziak, oheak, gau mahaiak... Estilo klasikokoak gehienak, aspaldikoak, baina primeran zaindutakoak eta itxura bikainekoak. Bost izarreko altzariak eskuratzeko aukera eskaini die Donostiako Udalak herritarrei.

Anoeta estadioko seigarren atean jarri dute merkatua, eta apirilaren 22a arteegongo da zabalik. Astelehenetik larunbatera 11:00etatik 20:00etara irekiko dute, eta igande eta jaiegunetan, berriz, goizez bakarrik, 11:00etatik 14:00ak arte. Realak Anoetan partida jokatzen duen egunetan itxita egongo da merkatua. Euro baten truke sar daiteke Maria Cristinako altzariak ikustera.

Orotara, 5.400 altzari eta osagarri baino gehiago atera dituzte hoteletik, eraberritze lanak direla eta. Denetariko prezioak daude merkatuan. Piezarik merkeenak 33 eta 80 euro artean eros daitezke. Garestienak, berriz, 3.000 eurotik gorako sofa eta oheak dira.

Donostiako belle époque garaiko historiaren zati txiki bat eraman dezake erosleak, Maria Cristinako oroigarri bat. Josu Ruiz Donostiako Udaleko Kiroletako eta Garapen Ekonomikoko zinegotziak adierazi duenez, era askotako erosleak espero dituzte: «Bildumagileak eta nostalgikoak etor daitezke altzariak erostera. Halere, prezio oneko material polita dago, eta hoteleko oroigarri polita izan daitekeela uste dugu». Salgai jarritako mahaitxo eta besaulki askotan hotelaren ikurra ikus daiteke.

Etekina udalarentzat

Pieza guztien balioa 300.000 euro ingurukoa da. Starwood AEBetako kateak kudeatzen du gaur egun hotela, baina eraikinaren jabea Donostiako Udala da. Altzariak ere udalarenak dira, eta, beraz, salmentatik ateratako etekinak udalak bereganatuko ditu.

Ehun urte beteko ditu uztailean Maria Cristina hotelak. Hastapenetik hotelean egon diren bizpahiru pieza daude merkatuan, hala nola bi ispilu handi eta kontsola bat.

Izen handiko hotela da Maria Cristina, Donostiako ikur handienetako bat. Izar eta jende ospetsu andanak hartu du ostatu han ehun urtean. Espainiako errege-erreginek eta haiekin batera bidaiatzen zuen aristokraziak Donostian igaro ohi zituzten udak joan den mendearen hasieran.

Garai batean errege-erreginek betetzen zituzten logelak, gerora munduko aktore eta zuzendari arrakastatsuenak hasi ziren betetzen, Zinemaldiaren eraginez. Horiez gain, baina, musika, kirol eta beste alorretako jende ezagunek ere aukeratu dute hotela Donostiara gerturatu diren bakoitzean. Horrek hainbat bildumagilerentzat are erakargarriago egin ditzake salgai jarritako piezak.

Mendeurrena ospatzeko lanak bukatuta egongo direla aurreikusi dute. 1912ko uztailaren 12an inauguratu zuten hotela. 1985. urtean egin zuten azken eraberritze handia. Oraingoan, 136 gelen apainketa aldatu eta belle époque estiloa indartzeaz gain, instalazio elektrikoa, aire girotua eta beste eraberritze lan batzuk ere egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.