ATZEKOZ AURRERA

Bost mila haur danborrekin

Datorren asteartean, 43 ikastetxetako 50 konpainiak Donostiako erdialdea hartuko dute, Haur Danborrada ospatzeko. Jaia aurkezteko ekitaldia egin dute Viktoria Eugenia antzokian.

Oihane Bolado, Danbor Nagusia, zuzentzen, atzoko ekitaldian. Atzean, zuri-urdinez, Olatz Cortes Easo Ederra eta Julen Santano Jenerala. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2015eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nola esaten da lau ingelesez?», galdetu die Elvi sabeliztunak haurrei. «Four», erantzun diote berehala ehunka ahots gaztek Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko eserlekuetatik. «Eta bost?». Oraingoa sabeliztunaren arratoi panpinak erantzun du: «Bostwagen!». Umeak algara batean daude. Askok, txalo egin beharrean, danborrak astintzen dituzte. Izan ere, Haur Danborrada aurkezteko ekitaldia da, atzo eguerdian eginikoa. Donostiako antzinako martxa doinuarekin hasi dute, Gero Axularreko gazteek dantzatuta, eta Araoz Gaztetxo abesbatzako eta Easo Eskolaniako haurrek kantatuta. Hiriko ereserkia zen martxa 1813an, eta duela bi urte berreskuratu zuten. Easokoek 75 urte beteko dituzte aurten, eta horregatik protagonista izango dira jaietan: bandera igotzeko eta jaisteko orduan Konstituzio plazako oholtzan abestuko dute.

Asteartean, 43 ikastetxetako 50 konpainia aterako dira neguari danbor eta barrika kolpez aurre egitera. Bost mila haur denera.

Reala, Iantzi eta alkatea

Realeko hiru jokalari igo dira oholtzara: Cristina Cornejo, Aintzane Encinas eta Ainhoa Vicente. Zorionekoak dira jokalariak aurten, astearteetan ez dutelako entrenamendu saiorik izaten, eta jaia asteartez egokitu delako. Haurren danborradan ibilitakoak dira, eta oroitzapen ona dute, esan dutenez. Haurrek ustekabea hartu dute jokalariek dozena bat baloi bota dituztenean eserlekuetara. Selfie bat atera dute gero gaztetxoekin.

Lan handia da danborrada prestatzea haurrentzat. Abestiak prestatzeko proba saio asko egin behar dituzte, eta jaiaren egunean ere bi kilometro inguruko ibilbidea egin beharko dute.

Hori dela eta, giza probetan aditu bat ekarri dute, haurren sasoia neurtzera: Julian Iantzi. «Conquisekoa, conquisekoa», oihukatu dute gaztetxo batzuek. Iantzik esan duenez, Conquis Kids lehiaketa antolatu nahi luke egunen batean. Horretarako, casting gisa, proba bat jarri die haurrei: bikoteka puxikak eraman behar izan dituzte oholtzako mutur batetik bestera, eta, gero, danborrak bizkar gainean.

Irati Bordak hartu dio txanda Iantziri. Danborrada egunean, udaletxearen aurrean konpainiak lerrokatzeaz arduratu da Borda azken urteotan. Milaka danbor jotzailez inguratuta dagoenean haurtzarora itzultzen dela sentitzen du, eta umeen tokian egon nahiko luke.

Konpainietako ordezkariak deitu dituzte oholtzara, banan- banan. Uniforme koloretsuz bete da agertokia. Tartean dira Oihane Bolado Danbor Nagusia, Julen Santano Jenerala eta Olatz Cortes Easo Ederra. Cortesek egun are bereziagoa du: urtebetetzea. Zorionak zuri abestu dio antzoki osoak.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak jaietan ongi pasatzeko eskatu die haurrei, eguraldi ona edo txarra egin. Danborrada egunean hiria ordezkatzen dutela gogorarazi diete, eta Gora Donostia oihukatzera gonbidatu ditu.

Cortes Easo Ederrak ez dio beldurrik karrozatik jendea agurtzeari, eta dio jada prestatuta daukala udaletxeko balkoitik bota beharreko diskurtsoa. Santano Jenerala izango du ondoan horretan. Horrek gomendio bat du beste haurrentzat: «Ez jarri urduri aurtengo bi pieza berriak jotzean». Hau dek hau eta Txispun ikasi dituzte umeek. Bolado Danbor Nagusiak udaletxeko balkoitik besteak zuzentzeko ardura du. Probetan, danbor jotzaileek bere aginduak diziplinaz bete dituzten galdetuta, «beeeno...» luze batekin erantzun du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.