ATZEKOZ AURRERA. Onintza Enbeita. Kazetaria

«Boterekeria egoeren aurrean denok gara zaurgarri»

Bi urteko pandemiaren errepaso emozional eta soziala da 'Izurritea', pertsonaren, kazetariaren eta begirada kritikoaren ikuspegitik Onintza Enbeitak idatzi duen saiakera-kronika lan laburra.

RAUL BOGAJO / FOKU.
gorka erostarbe leunda
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Zurien eta beltzen kontaketan zalantzak eta ñabardurak txertatu ditu Onintza Enbeita kazetari eta bertsolariak (Muxika, Bizkaia, 1978) Zorrotz argitaletxe sortu berriarekin kaleraturiko Izurritea saiakera lanean. Zorrotz idatzi du, baina begirada samurra galdu gabe.

Eta halako batean etxeratu zuten jende guztia...

Argi daukadana da duela hogei urte esan izan baligute etxean sartuko ginela gaitz batengatik edo horrelako egoera batengatik, ez genuela onartuko. Iruditzen zait gizartea aldatu egin dela, eta pandemiak bistarazi dituen gauza batzuk aurrez jada aldatuta zeudela.

Zeintzuk?

Uste genuen baino askoz ere indibidualistagoak ginen. Garai batean, komunitateak eraikitzen zituen zubiak; orain, norberak bakarrik. Eta behin norbera zubitik pasatuta, hura dinamitatzeko prest egoten gara askotan. Iruditzen zait nork bere burua salbatzea izan dela lehentasuna.

Eta etorri zen jabetzea jende guztia dela zaurgarri, baina...

Baina batzuk beste batzuk baino gehiago. Sistema kapitalistak pertsona batzuk zaurgarri bihurtzen ditu, gaitu. Hala ere, batzuk besteak baino zaurgarriagoak izan arren, orain arte garaiezinak iruditzen zitzaizkigun zenbait pertsona ere gu bezain zaurgarri izan dira. Alegia, boterekeria egoeren aurrean denok gara zaurgarri.

«Ahoa betetzen dugu zaintzaz, baina...» ...

Zaintza erdigunean jartzearena azken urteetako aldarrikapen interesgarrienetakoa da, feminismoak plazaratua. Pandemian argi bistaratu da elkar zaintzeko beharra, baina ez dezagun ahaztu eraiki dugun gizartea horren kontra doala. Albokoa zaintzeak esan nahi du zure askatasuna mugatzea zenbaitetan. Zaintzaz asko dugu hitz egiteko oraindik.

Zahar etxeetakoa izan da sarraskirik handiena?

Adineko jendearekin egin duguna eta zahar etxeetan egin dena krimen bat da. Haiei galdetu gabe belaunaldi oso bat etxean eta zahar etxeetan sartu eta abandonatu ditugu, kalera ateratzeko aukerarik gabe, bisitak jasotzeko aukerarik gabe... Belaunaldi horri ez diogu galdetu benetan nola bizi duen egoera, eta zer egin nahi duen. 90 urteko bati igual ez zaio batere interesatzen bizitzeko geratzen zaiona eguzkia ikusi gabe pasatzea.

«Ez dakit zergatik kostatzen zaigun hainbeste inork ez daukala errurik onartzea...». Zergatik?

Errudun bat badaukazu, errazagoa da zure egoera justifikatzea. Hau da, lehen gazteek zuten errua, parrandan ateratzen zirelako. Orain, txertatu ez direnei botatzen diegu denaren errua, baina azkenean guk haiek beste kutsatu dezakegu. Errazagoa da gure posizioa justifikatzea bestea errudun bilakatuz.

Heroien eta bilauen joko bihurtu da izurritea?

Bai, baina gure hipokrisia guztiarekin. Hilabeteak pasatu genituen medikuei txaloka. Orain, osasun publikoa eta lehen arreta suntsitu egin dituzte, eta iainor ez da kalera protestara ateratzen. Orduan, lehen heroiak ziren horiek orain behar gaituztenean, non gaude?

Zalantza eta ñabardura non geratu dira izurrite honetan?

Ez da horretarako aukerarik egon; muturrak zehaztu eta sendotu dira: dena ondo egin duten herritar eredugarrien eta dena izorratu duten herritar gaiztoen artean banatu da guztia. Eta tartea desagertu egin da; batzuentzat negazionista zara, besteentzat tragazionista zara, eta, azken finean, benetako erabakiak libre hartzeko esparrua desagertu egin da. Ñabardurak non geratu diren ez dakit, baina enteratzen bazara abisaidazu bila joateko,zeren eta behar ditut.

Zure posizio politikoa ezkerrekoa da, publikoa eta jakina denez. Liburuan diozu batzuetan «flipatu» egin duzula ezkerraren jarrerekin.

Bai, nik ez diot ezkerrari eskatzen denaren kontra joatea beti, baina eskatzen diot ezkerraren balioak beti defendatzea. Esaterako, osasunerako eskubide unibertsala eta hori bermatu dezakeen sistema publikoa defendatu behar du hortzekin eta dituen tresna guztiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.