Ustez serio diren gauzekin barre egitea baino botika hoberik ez dagoela erakutsi nahi du Mikel Martinezek gaur Mungian antzeztuko duen komediarekin (Larria, kutsakorra, mendebaldekoa). Osasun agintariak urduri jartzeaz gain, erronka handia da antzezlearentzat, istorioak oholtza gainean jartzen dituen hiru pertsonaiak aktore bakarrak jokatu behar dituelako.
Korrika Kulturalak antolatu du emanaldia. Hegazti gripearen kontura duela pare bat urte munduan pizturiko larrialdiak hausnartzera eraman zituen Martinez, Patxo Telleria eta Jokin Oregi. Elkarren artean osatu zuten antzezlana. Azkenean, Oregik berak zuzendu du Martinezen taula gaineko lana.
Botika enpresa bateko langile bat da Martinezen pertsonaietako bat. Bigarrena, droga saltzeagatik kartzelan egondako pertsona bat. Eta azkena, pertsona zintzo bat, zintzoegia agian.
Antzezlanaren helburua ez da nolanahikoa. Barre eginarazi nahi diete ikusleei, eta eraginkorra da horretarako erabiltzen duten tresna: egoerak muturrera eramatea. Horretarako, Martinezek jokaturiko hiru pertsonaiak txandakatuz joango dira agertokian. Gripe hilgarri baten kontrako txertoa egin nahi du ikerlari batek, eta, horretarako, gizakiekin esperimentatu beharko du.
LARRIA, KUTSAKORRA, MENDEBALDEKOA
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Olalde aretoan(Mungia, Bizkaia).
Botika industriak gaixoturik
'Larria, kutsakorra, mendebaldekoa' komedia zorrotza eramango du Korrikak Mungiara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu