Intoxikazio edo pozoidura eragile gisa botulismoa sortzen du, gaizki kontserbatutako hestebeteekin eta batez ere hondatutako kontserbekin lotu izan dudan gaixotasun ikaragarria: horrelako kontserba kutsatuak janez gero, asaldu begetatiboak agertzen omen ziren aurrena (aho-lehortasuna, goragaleak eta gorakoak), baina baita muskuluen paralisi progresiboa ere, arnas funtzioa erasateagatik heriotza eragiteraino irits zitekeena. Hortxe izan nuen Clostridium botulinum bakterioari beldurra izateko lehenengo arrazoia, nik neronek ume garaietatik oso presente eta bizi-bizi izan dudana.
Urte batzuk geroago, arma kimiko edo biologiko moduan ezagutu nuen: kasu horretan ere oso arriskutsutzat jotzen zen, suntsipen handiko armen artean sartua izateraino. Horrexegatik, Ginebrako Nazioarteko Konbentzioak eta Arma Kimikoei buruzko Hitzarmenak debekatu egin zuten erabilera hori ere.
Baina toxina botulinikoak denerbazio kimikoz muskuluetan paralisia eragiteko duen gaitasuna ezin zitekeen alferrik galdu, industriaren ustez, eta, ikerketaren helburua goitik behera aldatu ondoren, gaur egun botika gisa erabiltzen da zenbait gaixotasun neurologikoren tratamenduan, eta baita produktu kosmetiko moduan ere aurpegiko zimurren tratamendu estetikoa egiteko —horixe da gaur egun denon ahotan dabilen Botox ospetsua—.
Toxina botulinikoa
Toxina hori peptido bat da, uretan disolbagarria, zaporerik etakolorerik gabea, beroarekin inaktibatzen dena —gutxienez bost minututan 85 gradu zentigradoko berotasuna erabiliz, edo egosketa-puntuari eutsiz hamar bat minututan—. Lixiba edo formaldehidoarekin ere inaktibatzen da, baita ura eta xaboiarekin besterik gabe, edo ura edangarri bihurtzeko ohiko metodoekin.
Clostridium botulinum-aren andui diferenteek elkarren artean immunologikoki desberdinak diren zazpi neurotoxina sortzen dituzte, A Tb-tik hasi eta G Tb-ra bitartean izendatuak. Gizakietan botulismoa gehien eragiten duten toxina botulinikoaren anduiak A, B eta E dira. Animalietan, berriz, C eta D tipoak dira gaitza gehien eragiten duten toxinak. Erabilera mediko edo estetikoan gehien erabiltzen direnak A motako toxina botulinikoa (A Tb) eta B motakoa (B Tb) dira.
Toxina botulinikoaren infiltrazio lokalak 1977. urtean erabili ziren aurrenekoz, estrabismoa zuzentzeko. Estrabismoan begi-globoa mugitzeaz arduratzen diren muskuluen hiperaktibitatea gertatzen denez, toxina hori zehazki begiko muskuluetan injektatzean muskuluak lasaitu egiten dira nolabait, eta muskuluen espasmoa edo kontraktura desagertu egiten da. Geroztik, toxina botulinikoaren erabilera medikuntzaren esparru klinikotik estetikaren eremura ere zabaldu da.
Horrela, pixkanaka, A toxinaren erabilera klinikoa laurogeiko hamarkadan hedatu zen, eta, urteotan egindako zenbait ikerketa klinikok diotenez, tratamendu eraginkor eta segurua da muskuluetako hainbat distonia tratatzeko. Teorian, toxina botulinikoarekin tratatzeko modukoak izan daitezkeen patologia neurologikoak asko eta oso diferenteak diren arren, normalean nahi gabeko mugimenduek ezaugarritzen dituzten zenbait gaixotasunetara mugatzen da. Gaur egun distonia fokaletan lehen aukerako botika gisa erabiltzen da, infiltrazio lokalean, helduaroan oso ohikoak diren distonia horiek muskulu bakar bati edo muskulu talde bati soilik erasaten diotelako, baina pazienteen % 5-10en kasuan erresistentziak agertzen dira zenbait tratamendu ziklo egin ondoren. Eta erresistentzia horiek iraunkorrak izan ohi dira gehienetan. Tratamenduak porrot egiten duen kasuetan B toxina botulinikoa alternatiba edo aukera egokia izan daiteke.
Lehen aipatutako blefaroespasmoa —begietako muskuluen kontraktura intermitentea nahiz iraunkorra—, lepoko distonia (tortikolis espasmodikoa) eta gorputz adarretako zenbait distonia, okupazionalak edo lanbidekoak esaten zaienak (idazlearen kalanbrea, esaterako) ere oso ondo konpontzen dira toxina botulinikoarekin.
Bizkarrezurreko minak —zerbikalgiak edo lepoko minak, lunbalgiak edo gerriko minak, eta ziatalgiak, nerbio ziatikoa erasaten denean— tratatzeko ere gero eta gehiago erabiltzen da A motako toxina botulinikoa, emaitza kliniko onak ematen dituelako; baina oraindik ez dago erabilera hori modu orokorrean gomendatzeko behar adina ebidentziarik. Kasu horietan, kroniko bihurtutako kontraktura muskularren ondorioz agertzen diren minak izan ohi dira beste tratamendu kontserbadore batzuei behar bezala erantzuten ez dietenak.
Egunetik egunera gehiago eta hainbat modutara erabiltzen da toxina botulinikoa: paraplegikoetan, gernu ihesari aurre egiteko —hamar kasutatik seitan eraginkorra omen da, eta bere abantaila nagusia da nahikoa dela sei-bederatzi hiletik behin egitea—, edo hiperhidrosia (gehiegizko izerditzea) eta sialorrea (gehiegizko listu jarioa) tratatzeko.
Erabilera kosmetikoak
Gaur egun, ordea, zimurrak kentzeko tratamenduan emaitzarik onenak A toxina botulinikoaren forma diluitu batekin lortzen dira. Lehen ikusitako ekintza-mekanismo berari jarraituz, tratatu nahi den gorputz atalean toxina botulinikoa azalpeko muskuluan infiltratzen da orratz estrafin batekin, eta toxinak azala erlaxatzea lortzen du, mugimendu muskularra inhibituz. Infiltrazio horien bidez zimurrak desagerrarazi nahi dira, azalari itxura leunagoa eta gazteagoa emanez. Eraginek denbora jakin baterako soilik irauten dute, 3-6 hilabete besterik ez, eta ondoren dosia berriro jarri behar da. Oso gutxitan ikusi dira albo-ondorioak —erreakzio alergikoak, aurpegiko zurruntasuna edo goragaleak—.
Botox® da toxina botulinikoaren forma horren marka komertzial ezagunena, Kaliforniako (AEBak) Allergan enpresak produzitu eta erregistratutako botika. 2002ko apirilean lortu zuen baimen ofiziala, eta geroztik ikaragarri ugaldu da erabilera estetikoan. Esan beharra dago gaur egun beste aurkezpen komertzial batzuk ere badirela merkatuan, Botox® botikaren antzeko indikazioekin, baina kontuan hartu behar da, marka erregistratua denez, ezin erabil daitekeela izen generiko bezala, eta pazienteari argi eta garbi adierazi behar zaiola zein den jarriko dioten botikaren izena, eta toxinaren zein mota erabiliko den kasu bakoitzean.
Izan ere, iruzurrak ere gertatu baitira botulina kosmetiko horiekin. Horrela, 2004. urtean AEBetako FDA erakundeak ikerketa bat jarri zuen martxan, ordezko merkeagoak eta gizakietan erabiltzeko baimendu gabekoak erabiltzeagatik paziente batzuek botulismoaren sintomak aurkeztu baitzituzten. Beraz, kasu horretan ere, zentzuz jokatu: egin kasu osasun adituen gomendioei eta profesional sanitarioen iritziei, eta ez azken orduko moda iragankorrei eta komunikabideetan zabaltzen diren propaganda txatxuei. Botoxaren miraria baino, toxina botulinikoaren pozoia jasoko baituzu ordainetan.
Osasuna. Medikuntza
Botoxa: pozoi ala mirari?
Toxina botulinikoa 'Clostridiun botulinum' bakterioak sortutako neurotoxina bat da, pozoi indartsuenetako bat. «Mundua erabat irauli duen aurkikuntza» moduan definitu dute adituek Botoxa, pozoi horren eratorria dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu