ATZEKOZ AURRERA. Alberto Letona. Idazlea

«Britainiarrak puritanoak dira, baina Europako askeenak»

Associated Press-eko kazetaria, 'Washington Post' eta 'New York Times'eko laguntzailea... Denetarik egin du Letonak. Orain, 'Hijos e Hijas de la Gran Bretaña' liburua argitaratu du.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2014ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ingeles filologia ikasi zuen Alberto Letonak (Bilbo, 1954) gazte garaian, baina txiki geratu zitzaion Euskal Herria, eta AEBetara abiatu zen, nazioarteko kazetaritzaren inguruko master bat egitera. Fruituak eman dizkio orduko apustuak. Hamaika hedabidetan ibili da, eta kazetari lanetan: Associated Pressen, BBCn, New York Times-en eta Washington Post-en, besteak beste. Orain, liburura egin du salto. Eskozian bi urte eta Londresen beste bi eman ostean, Hijos e hijas de la Gran Bretaña obra kaleratu berri du. Bigarren edizioa prestatzen hasia da.

'Hijos e hijas de la Gran Bretaña' [Britainia Handiaren seme-alabak]. Ez dirudi oso izenburu adeitsua.

Umorez egindako liburua da! [barrez] Lan arina da. Britainiarren inguruan daukadan ikuspegia azaltzen dut: historia, sexua, klase sozialak, gastronomia... Iritzi pertsonala da, bizi izan dudanaren harira.

Britainiarrak, tea uneoro hartzen duten pertsona hotzak. Topikoak arrazoirik ba al du?

Hotzak dira, bai, eta indibidualistak. Ez dira multzo handitan elkartzekoak, hiritar kultura dutelako, baina elkarrekin lan egiteko balio dute. Gainera, bestearenganako izugarrizko errespetua dute.

Fish and chips jaten elikatzen direla esan ohi da.

Aurreiritzi asko daude. Esaten dugu ez dakitela janaria prestatzen, ez dakitela elikatzen... eta neurri handi batean, horrela izan liteke. Britainiarrak edateko prest daude, baina jateko ez dira hain finak. Hala ere, apurka-apurka hobetzen ari dira. Kanpotik etorritakoek mesede handia egiten diote britainiar janariari.

Sexua ere aztertu duzu. Puritano fama daukate, ezta?

Izugarrizko polarizazioa dago. Batetik, oso puritanoak dira; bestetik, Europako askeenak dira, batez ere mozkortzen direnean.

Zure ofizioarekin lotutako gai batean jarri duzu arreta berezia: komunikabideei. Nola ikusten duzukazetaritza?

Euskal Herrian eta Espainian lubaki kazetaritza bizi izan dugu; izugarrizko konfrontazioak egon dira politika dela medio. Azken finean, kazetaritza gizartearen isla da. Britainia Handian, berriz, askoz independenteagoa izan da; ikerketak garrantzi handia izan du. Punta-puntakoa izan da. Dena dela, pixkanaka-pixkanaka hondoa jotzen ari da. Guk dauzkagun arazoa berberak dauzkate orain han ere.

Txantxa tonuan idatzi duzu liburua; haatik, askok esan dezakete topiko eta estereotipo ugari elikatu dituzula.

Noski, orokortu dut, baina sua den tokian, kea. Nik gauza horiek nabaritu, sentitu eta bizi izan ditut. Kultura baten ezaugarriak dira.

«Britainiar bakoitzak anarkista txiki bat dauka barruan iraultza grinez». Horixe idatzi duzu.

Guri iruditzen zaigu kontserbadoreak direla, baina britainiarrak izan ziren lehenengoak errege bati lepoa mozten, haiek egin zuten industria iraultza... Ez lukete onartuko gu gauden egoeran egotea!

Britainiarren inguruan egiten duzu solas liburuan, baina nazio asko daude lurralde bakarrean.

Dudarik gabe, eta oso ezberdinak dira. Ingelesak beti izan dira nagusi irla horretan, eta protagonistak dira, abenturazaleak. Galesak, aldiz, gu bezalakoak dira, hein handi batean. Herri txikia dira, eta hizkuntza defendatzaile sutsuak. Eurak ere tradizioak gordetzen saiatzen dira. Bestalde, eskoziarrek orain 300 urte egin zuten Ingalaterrarekin lotura, euren egoera ekonomikoa zela eta; nazionalistak oso indartsu daude. Amaitzeko, ipar irlandarrak. Izugarrizko gatazkak eduki dituzte, bai katolikoek, bai protestanteek. Pena da, denak dira langile klasekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.