Bueltak handi samarra behar luke

Hamaika segundoko errenta izango du gaur Oriok Urdaibairekiko, Zarauzko Ikurrina irabazi ahal izateko

enekoitz telleria sarriegi
2007ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Konfiantza hitza aipatu zuten atzo Orioko arduradunek behin eta berriz. Une batez bidean galdutakoa berriz topatu izan balute bezala mintzatu ziren, eta inoiz galdu badute ziur atzo Zarautzen berriz topatu zutela. San Miguel Ligako liderrari 11 segundo sartzea bezalako konfiantza ziztadarik ez dago. Are gehiago denboraldiko hitzordurik garrantzitsuenetako batean, eta estropadarik kutunenean, egiten bada. Estropada biribila osatu zuen atzo Oriok, eta Zarauzko Ikurrinaren pusketa handi samar bat etxean dauka jada. Gaurko estropadarako iragarritako eguraldi txarrak baldintzatu dezake atzoko errenta, baina bueltak handi samarra behar luke Oriok horrenbeste desio duen trapuak ihes egiteko.

Denboraldia une erabakigarrira iritsi da, eta ezustekoak garesti daude jada. Urdaibai eta Orioren arteko lehia espero zen atzo, eta Urdaibai eta Orioren arteko lehia izan zen atzo. Zarautz etxean txukun aritzea espero zen atzo, eta Zarautz etxean txukun asko aritu zen atzo. Hondarribiak gora bidean jarraitzea espero zen atzo, baina Hondarribiak seigarren postuan bukatu zuen atzo. Hor atzoko saioak utzitako ezustekoetako bat. Hori eta Pedreñaren gorakada benetakoa -bigarren txandan aritu eta hirugarren bukatu zuen-. Hori, eta Arkote lehen aldiz bederatzigarren sailkatu zela. Hori, eta Cabo da Cruzen azken luzeak berriz indarra hartzen ari direla.

Ezustekoak ezusteko, Oriok Urdaibairi 11 segundo ateratzea bada garai honetan nabarmentzekoa. Txanda nagusia Zarautzek hasi zuen benetan indartsu, ahalegin betean, aurretik, baina alde handirik gabe. Orio iritsi zen lehenengo lehen ziabogara. Ongi iritsi eta ongi irten. Aldeari eutsi eta aldea handitu. Oriotarrena izan zen lehen errenta. Zarauztarrak ari ziren atzetik, eta Urdaibai haien parean. Hondarribia, hasieratik, atzerago. Bigarren ziaboga, Oriok oso zabaletik hartutakoa. Sei segundoko errenta maniobra bakarrean jan zion Zarautzek, eta parean ziren hirugarren luzearen hasieran. Horrelakoetan ikusten da taldeen sasoia, eta atzo sasoikoen Orio. Berehala berreskuratu zuen galdutakoa, Urdaibai ere orduan hasi zen onena ematen, Zarautz hasierako bizitasuna galtzen, eta Hondarribia behin betiko atzeratzen. Hirugarren ziabogarako bazuen Oriok estropada irabazteko adina errenta, bazekien Urdaibaik lidergoari eutsiko ziola, eta Zarautzek ere bai gaur txanda nagusian aritzeko aukera izango zuela. Ederra Orioren azken txanpa hori.



URDAIBAI ORAINDIK LIDER. Gaurko txandak zehaztu eta ikurrina nork irabaz dezakeen asko argitzeaz gain, atzoko saioan San Miguel Ligarako puntuak ere banatu ziren. Urdaibaik lehenengo jarraitzen du sailkapen nagusian (118 puntu), baina asko hurbildu zaio Orio (117) eta lider aldaketa egon liteke gaur. Eguraldi kaskarra dago iragarrita. Haizea eta itsaskirria. 11 segundoko errenta bada errenta, baina itsasoa asko gaiztotzen bada ezustekoak gerta litezke. Dena dela, Oriok atzoko maila ematen badu, oso zaila izango da ikurrinak ihes egitea. Urdaibai izango du berriz ere kontrario, baina kontuz Pedreñarekin. Kontxa badator eta harekin batera hura. Zarautzek ere nahiko du zerbait. Itxura ederra dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.