Renaud Davant. Euskara teknikaria

«Bukaerarik ez da: beti esperoko dugu euskaldun gehiago izatea»

Euskararen aldeko joerak egunerokoa izan behar du, Davanten erranetan, eta ez ekintza jakinei lotua. Haren irudiko, Mintzalasai da horren lortzeko trenetarik bat.

GUILLAUME FAUVEAU.
Leire Casamajou Elkegarai.
Miarritze
2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Alde batetik bestera korrika, aste nahiko betea du hau Renaud Davantek (Angelu, Lapurdi, 1992), Miarritzeko (Lapurdi) Herriko Etxeko euskara zerbitzuko teknikariak. Mintzalasai elkartearen urteroko festibala antolatzen ari da.

Zer da Mintzalasai elkartea?

Mintzalasai orain bilakatu da elkarte, hastapenean Miarritzeko euskara zerbitzutik heldu zen proiektu bat zen; geroz eta ardura gehiago badu. Hala ere, Miarritzeko euskara zerbitzukoek ere laguntzen dugu, diru aldetik eta antolaketan, bereziki. Hamabigarren urtea du Mintzalasaik, eta tresna konkretu bat da, egunerokoan erabiltzen ahal dena. Badira hiztegiak hortik sortuak, bada webgune bat egunero berritzen den agenda batekin...

Euskaldun askok, edo hasi berri askok, pentsatzen dute: 'Bada Korrika, eta aste batez edo biz zerbait eginen dut euskararen alde, eta listo'. Mintzalasairekin, badugu aste bateko festibala, bai, baina hortik landa ere bada zerbait egunerokoan erabiltzeko.

Baiona, Angelu eta Miarritze eremuko hizkuntza egoerari erantzuteko xedea duzue. Nolakoa da egoera?

Halako ekitaldiak antolatzen direlarik eremu urbanoetatik hastea da proiektua. Beti ikusten dugu barnealdea gotorleku baten gisan atxiki behar dela, eta hori egia da, baina badugu joera kostaldea pixka bat bazterrean uzteko, beste mundu bat balitz bezala, turistei irekia bereziki, eta ez guri. Guk, justuki, uste dugu esparru edo eremu handi eta urbanoetatik ere hasten dela euskararen hedapena.

Badira euskaldunak, baina jendetza horrekin gordeak gelditzen dira, ez baita aukerarik egunerokoan euskara praktikatzeko. Beraz, euskara esparru horietara zabaltzea ere bada helburua.

Epe laburrera eta epe luzera, zer helburu dituzue?

Beti argitaratzen ditugu hiztegi txikiak, arlo bati lotuak: Aguileran [Miarritzeko errugbi taldeko zelaia] banatu ditugu errugbi hiztegiak; duela gutxi, astronomiarena egin dugu. Badira beti tresnak sortzeko, eta bizi dugun errealitatera egokitzen gara beti.

Mintzalasai festibala, zehazkiago, zer da?

Hamabigarren aldia da aurtengoa. Hastapenean, Miarritzen bakarrik egiten zen, eta gero erabaki zen BAM osora hedatzea. Hamabigarrena denez, horrek erran nahi du funtzionatzen duela, jendeak segitzen eta parte hartzen duela. Aurten, duela zenbait urtetik hona egin bezala, gaika antolatua da: astelehena kirolari lotua, asteartea gogoetarako eguna, asteazkena Haurren Eguna, osteguna plazerarena, ostirala kultura eta eztabaidena, eta larunbatean Gliss Eguna. Azkenean, igandeko besta da ekitaldi ezagunena; Marion aintziraren inguruan egiten da. Izanen dira kontzertuak, txarangak, artzain xakurrak... Aukera anitz euskaraz disfrutatzeko, nolabait!

Jakin behar da dena euskaraz egiten dela. Izaten ahal dira batzuetan itzulpen batzuk, baina helburua da zinez euskaraz gozatzea aktibitate guztiak.

Festibalaren barnean tailer eta ikuskizun anitz antolatzen dituzue. Zer jende biltzen da?

Badira euskaldun berri anitz, eta euskara deskubritu nahi duten anitz; eta, bistan dena, badira betikoak, euskaldun zaharrak, eta ekitaldi guztietan hor direnak.

Festibalaren harira, nolako lorpenak espero dituzue?

Ez dakit ze ondorio izaten ahal duen Mintzalasaik... Tresna bat da Mintzalasai, ez bakarrik festibal bat: egunero erabiltzen ahal diren hiztegiak dira, egunero erabiltzen ahal den webgune bat, jakiteko non badiren kontzertuak, non antolatzen diren ekitaldi batzuk, BAM eremutik kanpo ere. Atzematen ahal dira elkarrizketa anitz ere, hemengo aktoreekin, hemengo euskaldun berriekin... Eguneroko tresna bat da zinez, hori jadanik lortu dugu, baina ez da sekula bukatua, beti bada zerbait sakontzeko, eta horrek ez du bukaerarik, nolabait. Beti espero dugu euskaldunen kopurua emendatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.