Amaitu zaizkio patata frijituak eta Coca-Cola saltzeko egunak. Adio patata tortillari. Bukatu da harentzat eguzkiak eta kresalak sortzen duten nahasketa zoragarria; ona aisialdirako inondik ere, hobea negoziorako. Ondarretako hondartzak ez du itxura bera izangooraindik zutik den jatetxearen eraikinik gabe. Astelehenean hasi ziren hura eraisteko prestatze lanetan, eta gaur bertan edo akaso bihar pareta eta sabaiak botako dituzte. Hainbeste kritika jaso dituen porlanezko eraikin hori ordu gutxi barru eraitsiko dute, eta aste honen amaierarako batzuen eta besteen oroimenean baino ez da izango, haren arrastorik ez baita geratuko. Hondeamakina eta hondakinak eramateko kamioia hantxe dira jadanik, baita langileak ere. Metalezko hesia jarrita dauka jatetxeak inguruan, aspaldian ezaguna zen mehatxuaren gertutasunaren ikur.
Urte askoan, hondartzaren erabiltzaileek gose-egarriak berdintzeko baliatu dute txoko hori, baina joan den irailaren 30ean itxi zuten behin betiko, hondartza denboraldiaren bukaerarekin batera. Donostiako Udalak agindu argia jaso zuen iaz; eraikin hori desagerrarazi behar zen, eta, beraz, legea betetzearen ondorioz etorri da jatetxearen amaiera. Espainiako Gobernuaren itsasbazterretako legediaren arabera egin beharra zegoela esan zuen joan den urrian Ion Lasak, Udaleko Hondartzetako teknikariak.
Lege kontuen inguruan ez dakite askorik jatetxea hartu zuen eraikineko sabaian lanean diharduten langileek. «Utzi kamera eta hartu pala nahi baduk», bota du batek irribarre batekin. Goiz zoragarria dute lanerako, halakorik bada. Santa Klara uhartea eta Kontxako badia eguzki printzeen distirez ukiturik aurrez aurre ikusteak laguntzen du pixka bat. «Astelehenean hasi ginen; barrualdean dena prestatu dugu, seguruenik bihar bertan botatzeko».
Barrualde tristea
Barrualdeak jatetxearen gainbehera erakusten du, gordin. Apenas ezagutzen diren bezeroak hartzen zituzten barra eta mahaietarako eremua. Beirak zikin-zikinak daude, hautsez beterik, hondarrez zipriztindurik. Eta, hala ere, ez da ahalegin handirik egin behar kristaletatik kanpo paisaia ederrari behatzeko. Hori bai: ezkerraldera, hondakinak jasotzeko kamioitzar hori batek laguntzen du argazkia, eta, eskuinaldera, kolore bereko hondeamakina batek, ikuspegi surrealista eskainiz.
Ondarretako goiko pasealekuan dabiltzanak ez dio begirik kentzen argazkiari. Ondarreta idilikoan ez da hondeamakinarik ikusteko aukera handirik izaten—azkenaldi honetan gehiago, hondar mugimenduak direla eta—; langileak, errugabeak seguru, zerbait sagaratua hausten ariko balira bezala begiratzen dute. Baina beharrezkoak dira lan zaratatsu horiek, eraikina bota eta betoizko basea ere ezabatzeko. Hondarrak bere lekua hartu behar du hondartzaren eremu horretan ere. Gainera, udalak uste du zimendu horiek gabe hobera egin dezakeela Ondarretan aspaldian dagoen harea mugimenduaren arazo konplexuak, hein batean; halaxe dio aditu txosten batek. Jatetxearen patua, hala ere, Espainiako Itsasbazterretako arduradunek finkatu dute. Udarako, dena den, litekeena da jatetxearen lekua hartuko luketen saltoki mugikor batzuk jartzea.
Bukatu da patata tortilla
Donostiako Ondarreta hondartzako taberna-jatetxe ezaguna botatzen hasi dira, hondeamakina batekin; gaur bertan edo akaso bihar eraitsiko dute erabat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu