Zientzia

Bulegarien etorkizun makurra

Erresuma Batuko ikerketa talde batek giza itxurako panpina bat sortu du, langileek hogei urte barru izan ditzaketen gaitzak irudikatzeko: begi gorriak, ekzemak eta gorputz adar puztuak.

Andoni Imaz.
2019ko azaroaren 22a
20:43
Entzun

Emmak ez dauka itxura onik. Hankak puztuta dauzka, eta barizez beteak. Tristea da haren begirada, eta oker-okerra du bizkarra. Ez da burlazko asmakizun bat, ordea, ezta munstro konkordun bat ere; «etorkizuneko langile bat» da. Izen hori jarri diote giza itxurako panpina bati, eta Erresuma Batuko ikerketa talde batek egin duen lanaren ondorioak irudikatu dituzte harengan. Hogei urtean bulego berean mugitu gabe lanean aritu den langile batek jasan ditzakeen gaixotasunak daude Emmaren azalean.

William Highman ikerlaria buru duen aditu taldeak The Work Colleage of the Future (Etorkizuneko lankidea) izeneko lana eman du argitara. «Etorkizuneko jokamoldeak» dira Highmanen espezialitatea. Lana osatzeko, Alemaniako, Erresuma Batuko eta Frantziako 3.000 langilek baino gehiagok hartu dute parte ikerketan. Bulegarien erdiak gaixo daude: begietako mina izaten dute (%50ek), bizkarreko mina (%48k) eta buruko mina (%48k). Txostenaren arabera, lanak eragin zuzena du haien osasun egoeran.

Emaitza horien irudiko sortu dute Emma: estresak eragindako ekzemak ditu besoetan, gehiegizko pisua, eta puztutako besoak eta hankak.

Besoak puztea ohiko joera da, ikerlarien arabera. Fellowes

Ez da panpina apokaliptiko bat, Highmanen ustean, bulegariek etorkizun hurbilean izango duten itxura baizik. «Ez baldin baditugu aldaketa erradikalak egiten lantokietan, bulegoek izugarri gaixotuko gaituzte». Ikerlariak irtenbideak proposatu ditu: «Gehiago mugitu, mahaiaren aurreko postura zaindu, tarteka oinez ibili, eta lantokiaren baldintzak hobetu».

Estresak eragindako ekzema, besoan. Fellowes

«Mundu osoko biztanleek inoiz baino mediku gehiago, sendagai gehiago eta osasun hezkuntza gehiago dute eskura. Halere, herrialde garatuenetako osasunak okerrera egin du», adierazi dute ikerlariek txostenean. Mundu osoko langileek bulegoetan egiten dute lan beste inon baino gehiago, eta horrek eragin zuzena du haien osasunean. Egungo lan joerak zerrendatu dituzte lanean: langileek ia egun osoa pasatzen dute mugitu gabe, pantailari begira eta presio handiarekin. Lantokiez ere aritu dira: berezko argi gutxiegi izaten dute, aireztapen desegokia eta mugitzeko leku gutxi.

Horrek guztiak duen eragin fisikoa eraman dute Emma panpinaren gorputzera. Guztiari eragiten dio lanak: zangoei, begiei, sudurrari, eskuei, eskumuturrei eta barruko organoei. Txostenean argitaratutako ondorioen arabera, zerrendatutako arazo horiek guztiak konpontzen ez badira, 2040. urterako bulegari gehienek bizkarra okertuta izango dute erabat. «Bizi estilo sedentarioaren ajeak», laburtu dute ikerlariek.

Egun osoa bulegoan geldi emanez gero, odol jario txarrak barizeak eragin ditzake. Fellowes

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.