Berrikuntza kooperazioaren bitartez sustatu nahi du Gipuzkoako Aldundiaren egitasmoa den Gipuzkoa Berritzen-ek, askotariko arlotan. Gaur, bertako eta Innobasqueko zuzendari den Ion Irurzunek (Donostia, 1973) berrikuntza eta turismoaren arteko loturak aztertuko ditu Aktibatu 2015 jardunaldien barruan, Tolosan (Gipuzkoa), Bizibiziki taldeak gonbidatuta. Turismo ereduen inguruko kontzientzia kritikoa piztea du helburu Berrikuntza turismoan hitzaldiaren bidez.
Zeintzuk dira, bada, turismoaren joerak?
Ni ez naiz aditua turismoan, baina hitzaldian probokatu nahi dut tentsio bat turistaren rolaren inguruan.Nik neuk, turista bat kanpotik datorrenean, zein rol hartzen dut? Arduraz jokatu beharko genuke. Berrikuntzak berrikuntzagatik ez garamatza inora, eta turismoak turismoagatik ere ez. Nik behintzat edozein turismo klase ez nuke hona ekarriko. Beraz, guk geure buruari galdetu behar diogu: biztanle gisa zein rol jokatzen dugu turista bat datorrenean.
Eta zein da erantzuna?
Pentsamendu kritikoa sustatu behar dugula. Gure joera urtetik urtera turisten portzentajea haztea da. Betikoan erortzen gara: hazkuntza hazkuntzarengatik. Eta hori gure kontra bueltatu daiteke: gipuzkoar gisa, gizarte gisa, zer nahi dugu? Goazen erakartzera geroz eta gehiago; baldin eta hemen dirua uzten badute, baleko. Ezin da horrela izan.
Beraz, zein turismo mota bultzatu beharko lukete? Are gehiago, sustatu beharko litzakete?
Bai, sustatu behar da, baina arduratsua, ingurumena zaintzen duena, bertako kultura, tradizioa eta izaera errespetatzen duena...
Berrikuntza da zure lanaren ardatza. Zein toki dauka turismo arloan?
Turismoa berritzeko non jarri behar dugu fokua? Horra galdera. Bi inpaktu dauzkagu: bat euri zaparrada, neurtu daitekeena, ukigarria, Basque Culinary Center eta Gugghenheim dira horren parte, esaterako; bestea zirimiria, ukitu ezin daitekeena, begiekin ikusi ezin daitekeena. Baina eraldaketa horrek dakar: gure harremanak aldatzeko gaitasuna izateak, ingurunean ematen diren aukerak aprobetxatzeak... Eta aukera aprobetxatzeak izen txarra dauka ez duelako berehalako emaitzarik, baina, epe luzera, eraldaketa kudeatzeko aukera ematen du.
Praktikan, baina, nola gauzatu daiteke aldaketa arduratsuago hori?
Ez daukat horretarako erantzunik; gehienbat kontzientzia hartu behar dugu. Pentsatu behar dugu turistak garenean gure ardura zein den. Turismoa egiten dugunean kontziente izan behar dugu gure erabakiaz, kontziente gure eraginaz
Eta Euskal Herrira etortzen diren bisitariei dagokienez, zer komeni da aldatzea?
Hori haiei dagokie, ez dago nire esku. Gakoa da zein turista erakarri nahi dugun; bultzatzen dugun turismoa ez doa bat nahi dugun turismoarekin. Gakoa da pentsatzea zein turista erakartzen dugun eta ea hori nahi dugun; ez erakartzea edozein turista, edozein kolektibo, baizik eta erabakitzea.
Jasangarritasuna eta turismoa hitzek maiz kontzeptu kontrajarriak dirudite.
Beti gaude hitz handien alde: jasangarritasuna, inklusibitatea, kohesioa... baina joera kontrakoa da. Gaur ere, nor bere autoan etorriko da jardunaldietara. Edozein moduz eta zentzurik gabe bultzatzen da. Hausnartu egin behar da. Gaur egungo gizartean oso azkar bizi gara; beraz, geldi gaitezen pixka bat eta garatzen ari garen honen inguruan hausnartu dezagun, pentsa dezagun.
Turismoaz gain, bestelako esparruak ere berritu nahi dituzue Gipuzkoa Berritzen-en. Zertan datza?
Pertsona fisikoen elkarte bat berrikuntza kooperazioan sustatu nahi duena. Ildoak dauzkagu: etika eta enpresa, ekonomia, partaidetza...
ATZEKOZ AURRERA. Ion Irurzun. Gipuzkoa Berritzen eta Innobasqueko zuzendaria
«Bultzatzen dugun turismoa ez doa bat nahi dugunarekin»
Turismoa eta berrikuntzaren inguruko hitzaldia eskainiko du gaur Innobasqueko zuzendari Irurzunek, Aktibatu 2015 jardunaldietan, Tolosan. Beste eredu bat izango du mintzagai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu