Pirinioak zeharkatzen dituen defentsa lerro bat eraiki zuen Francoren armadak 1940 eta 1948 bitartean. Guztira, 6.000 bunker inguru eraiki ei zituzten. Euskal Herriko lurretan badira horietako franko, Gipuzkoan eta Nafarroan, batik bat. Berako lurretan (Nafarroa), adibidez, porlanezko 200 bat habi eta babesleku izanen dira denetara. Gotorleku horien ezaugarriak eta izateko zergatia ezagutzeko parada eskaintzen du Berako Udalak. Azpiegitura horiek barrutik zein kanpotik ikusteko, bisita gidatuak antolatu ditu hurrengo lau igandeetan: azaroaren 13an, 20an eta 27an eta abenduaren 4an. Bisita gidatuetan parte hartzeko 012 telefonora deitu behar da, baina Nafarroatik at egiten bada, (0034) 948-21 70 12 telefonora hots egin behar da. Bisita doan den arren, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, gehienez hogei lagun joan daitezkeelako txanda bakoitzean.
«Berako herriko mendi kaskoetan 200 bat bunker daude, eta beste hainbeste Etxalarren. Mugako herri guztietan ugari daude. Pirinioetan, hasi Hondarribitik eta Kataluniaraino 6.000 baino gehiago daude. Ez dago errolda garbirik, mapak oraindik armadaren esku daudelako», dio Asier Gogortza kazetari eta argazkilari beratarrak. Berez, Francoren asmoa 10.000 bat eraikin egitea zen, baina azkenean 6.000 inguru egin zituzten. Bi urte baino gehiagoko lana izan da Gogortzarena, eta bere proiektuak bi alde ditu. Dokumentazio lana, batetik, eta lan artistikoa, bestetik.
Argazkilariak Pirinioetako defentsa lerroa osatzen duten bunkerrak ikertu ditu. Defentsarako lerro hori Francok eraikiarazi zuen, II. Mundu Gerraren hasieran, batez ere. Ikerketaren bitartez, bunker abandonatuen erabilera bultzatu nahi du argazkilariak: ikuspuntu kultural, artistiko nahiz turistikotik eraikin probetxugarriak direla uste baitu.
Hasiera batean, argazkiak egiten eta bunkerrak kokatzen hasi zen; non dauden, zein egoeratan eta zein funtzio duten zehazten. «Funtzio militarra zuten, baina denborarekin jendeak beste funtzio bat eman zien. Ez ziren erabili gerrarako, baina baserritarrek eta auzoko haurrek erabiltzen dituzte kanpaleku gisa edo gordailu gisa». Hori ikusirik, berak ere beste erabilera bat eman nahi izan die: artistikoa. «Kalkulatzen da Beran 200 inguru daudela, baina nik 120 bat aurkitu ditut. Gehienak mendian gordeak daude; asko, oso estaliak». Bunkerrak aurkitzeko eta kokatzeko tenorean ez da bakarrik ibili, eta beratar askoren laguntza izan du. «Bakarrik hasi nuen proiektua, baina azkenean auzolanean egindako lana izan da. Auzoetara joan, baserrietako atea jo, galdetu, eta zenbaitek habiraino lagundu didate. Gure ondarearen parte dira eraikin horiek, eta jende asko etorri da laguntza eskainiz. Elkarlana izan du oinarri». Gogortzak proposatzen duen ibilaldia Ibardingo Gorria bentan hasiko da. Ibardin aukeratu du inguruan «bunker kontzentrazio handia» dagoelako. Gorria bentatik abiatuta Gartzin kaskora joanen dira. Zeharka usategietara jaitsi ondoren, bueltan Ibardin aldera itzuliko dira beste bide batetik. «Ordu pare bateko ibilaldian zortzi-bederatzi bunker ikusiko ditugu. Kanpotik eta barrutik ezagutuko ditugu. Non dauden, zergatik dauden inguru horretan eta zein funtzio duen bakoitzak aztertuko dugu. Badira bunker tipologia ezberdinak, eta ibilaldian lau tipologia ikusi ahal izanen dira».
Bost habia mota
Beran aurkitu dituen habiak mapa batean kokatu ditu Gogortzak. Bunkerren sailkapena ere egin du, eta bost mota zehaztu ditu. Lehena habia txikia edo fusil habia deitutakoa da, armadek metrailadorea sartzeko erabiltzen zutena. Barnean fusilari bat edo, gehienez, bi sartzeko tokia duena da. Horiek dira gehien agertzen direnak bere zerrendan. Bigarrena artilleriarako bunkerra da. Handiagoa da, eta morteroak botatzeko kanoiak sartzeko ziren. Beran horrelako hamar bat badira, eta errepideak eta gune estrategikoak zaintzeko eraiki ziren. Hirugarrenak gordailuak dira. Aunitz daude inguruan. Aterpe modukoak dira, eta hirunaka sailkatuak dira. Hiru zulo dituzte, eta sarrera bakarra. Armak, materiala eta jendea gordetzeko egin ziren. Laugarrenak komunikazio puntuak deituak dira. Beste bunkerrak kontrolatzeko eraiki ziren. Azkenik, antiaereoak daude, hegazkinen aurka egiteko makinak kokatzeko zirenak.
Bunkerra, kamera bihurtuta
Bere lana borobiltzeko, ibilbideko bunkerretako bat kamera ilun bihurtuko du Gogortzak, bere proiektu artistikoa zertan datzan azaltzeko. Gerrarako sortu ziren bunkerrei beste erabilera bat ematea izan da bere asmoa, eta sorkuntza artistikorako tresna bihurtu ditu. Bere esku hartzearen bidez, kamera baten objektiboaren ordezko izanen da eraikina. Prozesua kamera ilunaren funtzionamenduan oinarritu du. «Ehun edo kutxa beltz soil batekin, bunkerraren leihotik ikusten den paisaia gotorlekuaren barnealdean islatzen da, argazki baten moduan, baina alderantziz». Ustez gerra erabilera izan behar zuen azpiegitura arte bilakatuko du Gogortzak. Berrerabilpen bat eman nahi izan dio. Bunkerrak kamera bilakatuz, eraikinen arkitektura modu artistiko batean aztertu nahi izan du. «Ez da iraunkorra izanen. Hor jarriko dut momentuan, bisitan heldu den jendeak teknika nola den ikus dezan». Gartzin gainean dagoen bunkerrean eginen du lan hori.
Proiektu hori bera erakusten duen erakusketa herriko Gure Txokoa elkartean jarri du Gogortzak. Argazkilari lanetan ibili ondoren, paisaia eta bunkerraren barnealdea nahasten dituzten irudiak lortu ditu. Lan horren emaitza da abenduaren 11ra arte ikus daiteken erakustea.
Ezarian. Berako bunkerrak
Bunkerrak ezagutuz
Inguruko mendietan dauden gerrako bunkerrak ezagutzeko, bisita gidatuak antolatu ditu Berako Udalak. Gidari lanetan Asier Gogortza argazkilari eta kazetaria ariko da; Pirinioetako eraikinak sorkuntza artistikorako erabili ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu