ATZEKOZ AURRERA. Felix Lizarraga. Eskultorea

«Burdina beti egon da nire barrenean»

Erretiratu zenetik, burdinarekin eskulturak egitea ia «obsesio» bihurtu zaio Lizarragari. Luzaideko bolantei eskultura bat egin die, eta joan den asteburuan jarri zuten Luzaiden bertan.

Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Familiatik datorkio burdinarekiko harremana Felix Lizarraga eskultoreari (Iruñea, 1951). Lan ibilbidean bertze alor batzuetan ibili da, baina burdina «konstantea» izan da haren bizitzan. Erretiroa hartu ondotik, inoiz baino pieza gehiago sortzen ari da. Azkena, Luzaideko bolantei eskainia, Bolant Egunaren harira, joan den astean jarri zuten Luzaiden (Nafarroa).

Nondik datorkizu eskulturarako pasioa?

Betidanik izan dut harremana burdinarekin. Nire etxean, Iruñean, kaputxinoen errementeria zegoen. Errementeria horretan egin genituen familiako kideek lehen urratsak, eta bertan egin genituen burdinarekin lehen lanak. Nire lan ibilbidea ez da garatu burdinaren inguruan, baina bai nire denbora librea. Burdina beti egon da nire barrenean.

Artearekin harreman estua duzue familian?

Bai, nire anaia harriarekin ibiltzen da. Bertze anaia bat ere ibili izan zen, eta arreba pintatzen ibiltzen da. Denok iritsi gara arte mundura, alde batetik ez bada bertzetik.

Nolakoa da eskultura bat sortzeko prozesua?

Bi prozesu ezberdin dira sortzea eta egitea. Sortu nahi duzuna zer den badakizunean, erraza da egitea; zer eta nola sortu erabaki behar duzunean izaten da arazoa. Sortzea egitea baino hagitzez ere prozesu luzeagoa da. Egiten hilabete-edo eman dezakezu, baina sortzea obsesio prozesu bat da. Gaiarekin obsesionatu behar duzu, buruan beti izan behar duzu. Lan garrantzitsua da sortzea.

Zenbat kostatzen zaizu ideia pentsatzea?

Sei hilabete inguru. Bitartean, bertze gauza batzuk egiten ibiltzen naiz.

Eta ondotik egitea?

Hasi eta buka nik lantzen dut eskultura guztia, eskuz. Normalean, hilabete pasatxo ematen dut eskultura bakoitzean. Ez diot lanaldi guztia eskaintzen, nire bizitzan garrantzitsua den zerbait den arren. Egun batzuetan hiru ordu ematen ditut tailerrean, eta bertzeetan, hamar. Ez da erregularra.

Erretiratu ondotik ekin diozu berriro burdina lantzeari?

Orain nire gai bakarra bihurtu da burdina, ia obsesio bihurtzeraino. Baina ez bada obsesio bihurtzen, ezin duzu sortu.

Burdina da zure lehengai nagusia. Bertze materialen batekin sortzea pentsatu duzu?

Harria ere landu izan dut, baina beti bukatzen dut burdinarekin. Burdina lagun hobea da niretzat.

Bolanten eskultura bat egin, eta Luzaideko herriari oparitu diozu. Zergatik?

Nire bikotekidea hangoa da, eta berak lotzen nau Luzaiderekin. Berak beti opari bat egin nahi izan dio herriari. Emozionalki, biak hagitz lotuak daude Luzaiderekin, eta horregatik oparitu diogu. Bolantei omenaldi bat falta zitzaiela uste genuen, Luzaiden hagitz garrantzitsuak direlako, eta handik kanpo herriaren ezaugarri nagusia dira.

Joan den astean eraman zenuen eskultura Luzaidera. Zer harrera izan du?

Harrera hagitz ona izan da. Jende anitzek zoriondu nau, eta eskerrak eman dizkit. Hala ere, eskerrak eman behar dituena ni naiz; ohorea da nire obretako bat bertan egotea.

Hurrengo proiekturik baduzu?

Orain, laiekin lurra lantzen ari den nekazari bat egiten ari naiz. Bi pieza handi ere eginak ditut, eta non jarri pentsatzen ari naiz. Ideiak lantzen ari naiz, baina, ideiak etortzeko, lan anitz egin behar da.

Azkenaldian zerekin zabiltza?

Azkenaldian, Lizoaingo [Nafarroa] memoriaren txokoa sortzen ibili naiz, nire anaiarekin batera. Linazoainen, Agoizko errepidean, 36ko gerrako errepresaliatuentzako memoriaren txokoa egin dugu. Errementari baten eskultura ere egin dut. Iruñeko El Patio errementerian lan egin zuen nire aitak, eta, orain, aztertzen ari naiz ea aukera dagoen hango atean nik egindako eskultura jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.