Burdinaren sukarraren garaia

Europako burdin eskaeraren ondorioz, oso errentagarria suertatzen zen meategiak ustiatzea

Itsaso zakarra zegoenean, Orion eta Getarian itxaron behar izaten zuten itsasontziek. ZARAUZKO ARTXIBOA.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran, mineralen sukarrak jo zuen Gipuzkoako lurraldea. Asteasun bakarrik ez, Oiartzun, Mutiloa, Zerain eta beste hamaika meategitan kapital atzerritarra sartzen hasi zen. Gipuzkoa ez da bereziki meatzari lurraldea, baina garai hartan goia jo zuen. Frantziako, Belgikako eta Ingalaterrako etxeak lurraldean ezarri ziren, eta ahal zuten mineral gehien ustiatu zuten. Europako burdinolak mineral egarriz zeuden, eta oso errentagarriak suertatzen ziren Mollarri bezalako zamalekutik itsasoratzen ziren burdin tonak. Trenbideak, itsasontziak, ibilgailuak eta, oro har, industrializazioak eskatzen zituen lehengaien gosea ase beharra zegoen.

«Nahiz eta Gipuzkoako burdina ez izan oso kalitate onekoa, orduan mineral eskaera izugarria zegoen, eta horrek errentagarritasun handia ematen zien meategien ustiaketei», azaldu du Beatriz Herreras historialariak.

Compañia Mineral de Alava y Guipuzcoa enpresak bultzatu zuen Asteasuko Andazarrate meategiko ustiaketa, eta minerala handik Zarautzeraino garraiatzen zuen sistemaren eraikuntza. XIX. mendaren hasieran ireki zuen konpainiak Asteasuko meategi zuloa, baina mende bukaera arte ustiaketa ez zen maila gorenera iritsi. Atzerriko kapitala zen nagusi enpresan, Belgikakoa. Larraun, Leintz Gatzaga eta Errezilen (Gipuzkoa) eta Legution (Araba) ere beste ustiaketak zituen enpresak.

Arabako Aiuria, Nafarroako Bera eta Gipuzkoako Soraluzeko arma fabrikara bidaltzen zen Euskal Herrian gelditzen zen minerala. Hala ere, burdin kopuru handiena Euskal Herritik at zeuden industrietan erabiltzen zen, Erresuma Batuan eta Frantzian, batez ere.

1911. eta 1924. urteen bitartean ustiatu zuten Andazarrate meategia, nahiz eta 1927. urtera arte ez zen behin betiko Mollarriren jarduera bukatu. «Meategia itxi zutenean, gelditzen zen burdina itsasoratu arte ez zen zamalekua itxi», argitu du historialariak. 1912. urtean atera zioten etekin handiena meategiari: 13.000 tona baino gehiago itsasoratu zituzten.

Meatze jarduerak horren denbora gutxi iraun izana normala dela azaldu du Herrerasek. «Meategietan oso ohikoa da. 20 eta 30 urte bitartean irauten dute. Egoera berezietan, mineralen prezioa igotzen denean errentagarriak suertatzen dira, eta denbora batez ustiatzen dira».

Mollarriko zamalekua zen ustiatze prozesuko ibilbidearen azken pausoa, eta zutik gelditzen den azken hondarra. «Garraiatzeko sistemaren egitura guztia galdu da, ostiko batzuk bakarrik gelditzen dira».

11 kilometroko bidea zuen burdinak Mollarrira iritsi arte. Orduko hogei tona garraiatzeko gai ziren sistema horren bidez. Bi linea nagusi eraiki zituzten. Bata, meategitik itsasertzeko Mollarri zamalekura zihoan, eta hiru geltoki zituen erdibidean. Bestea, biltegitik ondoan dauden uhartetxoetara zihoan, eta handik zamatzen zituzten ontziak.

Metal eta egurrez egindako 112 dorrek eusten zuten kableetan zintzilikatzen ziren bagoiak. Airez iristen ziren, beraz, mineralak Mollarriko zamalekura. «Egun eski estazioetan erabiltzen diren teleaulkien funtzionamendu oso antzekoa zuten. Zamaketa geltoki bat zegoen, eta motor baten indarrarekin mugitzen ziren bagoiak.Burdinaz beteta jaisten ziren, eta hutsik igotzen ziren bueltan».

Asteasu eta Zarautz herriak ez daude bata bestearen ondoan. Hasiera batean minerala garraiatzeko zamalekua Villabona-Zizurkilgo tren geltokian egin nahi zutela azaldu du Herrerasek, mineralak trenez ateratzeko. «Azkenean, proiektu hura alde batera utzi zuten, eta aireko kableetan zihoazen bagoietan garraiatzea erabaki zuten. Kontuan hartu behar da mineralak ustiatzeko prozesuan zatirik arazotsuena eta garestiena garraioarena izaten zela», gogorarazi du Herrerasek. Hobe zetorkien itsasoarekin lotura zuzena zuen puntu batera garraiatzera, itsasoko garraioa baitzen garai hartan material horiek toki batetik bestera eramateko modurik eroso eta merkeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.