Burdinari lotutako herria

Euskal Herriko txokoak. Lesaka Laminaciones enpresaren etorrerarekin industrializazioa nozitu arren, nortasuna eta giroa gorde ditu Bortzirietako herriak.

Onin ibaiak bitan zatitzen du Lesakako herriaren erdialdea. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Lesaka
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Gaztelako errege Alfontso VIII.ak Hondarribiari emandako hiri gutunean agertutakoak dira Lesakako lehen aipamenak, 1203. urtekoak. Dena dela, hurrengo hamarkadetan ez daLesakaren izenik aitatzen. Horregatik esaten da XIV. mendean sortu zela Lesakako hirigunea. XV. mende bukaeran feriak jartzeko baimena lortu zuen herriak, eta burdinolak ere ezarri ziren. Feriei eta burdinolei esker, Lesakak garapen ekonomiko nabaria izan zuen. Hurrengo mendeetan biztanle kopurua igoz joan zen. Adierazgarria da 1786. urteko datua: 2.035 lagun bizi ziren Lesakan. Horrek adierazten du Bortzirietan jada garrantzi handiko herria zela Lesaka. Baina herria iragan mendeko 60ko hamarkadan hasi zen aldatzen, eta herri industriala bilakatu zen Laminazioak lantegia herrian kokatu zenean.

Garapen industrialarekin biztanle kopurua ere igo egin zen. Egun 2.800 lagun inguru bizi da Lesakan eta Bortzirietako bigarren herri populatuena da Beraren atzetik. 58 kilometro koadro eskaseko azalerarekin, Onin ibaiak Lesaka bi auzo garrantzitsutan banatzen du: Pikuzelaia eta Legarrea. Kondaira zaharrak dioenez, bi auzo horiek haserre zeuden, harik eta sute handi batek biak sua itzaltzeko elkarlanean jarri zituen arte. Une horren ospakizuna ibaiaren alde bietara zeuden karelen gainean dantzatuz egin zen. Egun, uztailaren 7an, San Ferminegunean dantzatzen den makil dantzak gertakari horretan ei du jatorria. Egun handia da uztailaren 7a lesakarrentzat. Iruñean ez eze, Lesakan ere ospatzen dituztelako santu beltzaranaren omenezko jaiak.

Olentzerok ere badu zeresanik herrian. Euskal Herriko beste tokietan ez bezala, hutsik egin gabe ospatu da Olentzeroren etorrera Lesakan azken mende eta erdian. Inauteriak ere ez dira atzean gelditzen, eta zaku zaharrek hartzen dute herria otsailaren bigarren asteburuan.

Ospakizunez landa, herriko arkitektura aberatsa da. Herri erdian dago Plaza Zaharra. Ez oso urruti, XV. mendeko Zabaleta dorrea. Onin ibaira hurbilduz, Abasenea etxea ikusten da. Errotatxorinea etxean, berriz, egurrezko armarria nabarmendu behar da. Berezia da, halaber, Kaskenea etxea; dorretxe gotiko izaten hasi eta etxe arrunt bilakatu zena. Tourko San Martin eliza herriaren goi kaskoan da,eta organo erromantiko garrantzitsu bat gordetzen du.

Gizakiaren lehen arrastoak, berriz, herritik Oiartzunerako bidean ikus daitezke. Aginako harrespilak, trikuharria eta tumulua dira horren lekuko. Halaber, Jorge Oteizak Aita Donostiari egindako oroitarria ikus daiteke bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.