Imanol Uribe. Zinemagilea

«Burgosko Prozesuari esker, Euskal Herriko egoera politikoa ezagutu nuen»

Euskal Herriak bizi izan duen prozesurik garrantzitsuenetariko bati buruz hitz egingo dute gaur, Bilboko BBK aretoan. Eztabaidaren aurretik, Imanol Uriberen 'El Proceso de Burgos' filma jarriko dute.

Donostia
2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Abenduan 42 urte beteko dira Burgosko Prozesua izan zenetik, eta Zentsura At jaialdiak gertakari hura gogorarazi nahi izan du mahai inguru bat antolatuz. Imanol Uribe (El Salvador, 1950) zinegileak hartuko du parte, Teo Uriarte, Antton Karrera, Txema Montero, Cristina Almeida eta Javier Sadabarekin batera.

Gaur Burgosko Prozesuaren inguruan antolatu den mahai inguruan izango zara. Zer espero duzu?

Denboraren makinan bidaia egitea bezala da niretzat. Gainera, nire kasuan, bi arrazoi nagusigatik: batetik, nire lehenengo pelikula izan zelako, eta, bestetik, Burgosko Prozesuaren gaia iraganean geratu delako; jada ahaztu egin zaigun gertakari historiko bat da. Gaiaren inguruan hitz egitea oso interesgarria dela iruditzen zait; gainera, prozesua lehenengo pertsonan bizi izan zuten batzuekin berriro elkartzea oso polita izango da.

Nola gogoratzen duzu gertakari historiko hura?

Ni kazetaritza ikasten ari nintzen 1970. urtean. Prozesua interes handiarekin jarraitu genuen. Izan ere, nirekin ikasten ari ziren batzuk Burgosera egin zuten bidaia, gertutik ematera guztiaren berri. Hango azken orduak guri kontatzen zizkiguten, kazetari profesionalak izango balira bezala. Gertakari hark zer-nolako garrantzia zuen konturatuz joan ginen pixkanaka. Garai latzak izan ziren.

Eztabaida baino lehen, zure filma jarriko dute ikusgai. Zure ustez, 32 urte geroago, euskal gatazka zinemara eramateko era aldatu egin al da?

Nire filma gatazka handi baten zati txiki bat besterik ez da, gai konkretu bati buruz hitz egiten da. Hau da, ez du gatazka bere osotasunean orokortzen, baizik eta prozesu bati buruz bakarrik hitz egiten da. Aukera historikoa iruditu zitzaidan hil zorian egon ziren hainbat pertsonari elkarrizketak egin ahal izatea, kalera irten zirenean. Leku eta une egokian egon nintzela esango nuke. Kanpotik datorren pertsona batek horrelako zerbaiten berri duenean eta horren inguruko lan bat egiteko aukera duenean, aprobetxatzen saiatzen da. Urte asko pasatu dira, eta gaia zinemara eramatea betidanik izan da zaila; orduak eta orduak pasatuko genituzke pantailara begira gai honekin.

Lan gehiagoren falta sumatzen al duzu?

Bai, izan daiteke. Hala ere, horren guztiaren gainetik ekoizpen arazo bat dago: errealitatetik gertuegi dauden gaiak direla. Horrelako gaiekin zinema egitea oso zaila da. Nik, adibidez, bi urte pasa ditzaket pelikula bat egiten. Aldiz, gaur egungo errealitatea azkarregi doa, eta gerta daiteke proiektu batean ari zarenean zure ingurua guztiz aldatzea. Hau da, pelikula hasten duzunean egoera batean egon zaitezke, eta, estreinatzen duzunean, guztiz desberdina den beste batean.

Zerk bultzatu zintuen El Proceso de Burgos pelikula egitera?

Euskal gatazka ez nuen ordura arte Euskal Herrian bizi izan. Zinemaz baliatu nintzen gaiaren inguruan informazioa jasotzekoeta, azken finean, gaia ezagutarazteko.

Prozesuan zuzenean parte hartu zuen jendearekin izango zara mahai inguruan. Horien bizipenak entzuteko aukera baregabea, ezta?

Bai, oso interesgarria. Lehen aipaturiko denboraren makinan bidaiatzea oso aberasgarria izan daitekeela uste dut, eta, gainera, beraiekin elkartzeko aukera edukiko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.