'Caravinagre' irabazle

Haserre aurpegiko kilikia irudikatzen duen kartel bat aukeratu dute iruindarrek aurtengo San Fermin jaiak iragartzeko kartel ofizial gisa. Botoen % 29,7 lortu ditu lanak.

Iruñea
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Iwant you for San Fermin (Sanferminetan nahi zaitut) izeneko kartela hautatu dute Iruñeko aurtengo sanferminetako kartel ofizial izateko. AEBetako gobernuaren sinbolo ezaguna zen Osaba Sam irudiaren ereduaren egokitzapen bat da lan irabazlea, egilearen esanetan. Osaba Samen ordez, Caravinagre kilikia ageri da. Atzealde gris urdinxka bat duen kartelean, Kilikia zuri-gorriz jantzita eta maskuria gorderik duela irudikatu du egileak. Hatz erakuslearekin, berriz, jaian parte hartzeko desafioa botatzen dio ikusleari.

Bi hilabete eskas falta dira sanferminak hasteko, eta lelo ingelesa daraman kartela aukeratu dute iruindarrek jaiak iragartzeko. Guztira, 6.422 lagunek parte hartu dute bozketan, eta kartel garaileak 1.910 boto jaso ditu (botoen %29,7). David Alegria diseinatzaile grafikoak (Tutera, 1978) egin du lana. Kartelarekin, edonor festan murgiltzera gonbidatu nahi du egileak. «Jaian modu irekian parte hartzeko proposamena egin nahi izan dut», adierazi du.

Iruñeko Udalaren epaimahaiak aurretiaz aukeratutako zortzi kartelen artean aukeratu dute bozketan parte hartu duten iruindarrek. Gehienek Internet bidez eman dute botoa: 5.361 lagunek (%83,5). Kartel irabazlearen atzetik bigarren postuan sailkatu da Hemen dira kartela, 1.261 botorekin (%19,6). Hirugarrena, berriz, Kartoizko larrua izenburua duena izan da. Bozketan parte hartu dutenen artean 950 boto jaso ditu (%14,8).

Guztiek ulertzeko txantxa

Kartel irabazlearen egilea, David Alegria, pozik zegoen Enrike Maia alkatearekin batera Iruñeko udaletxean atzo egindako aurkezpenean. Azaldu zuen «erraz ulertzeko» egina dela Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsako Caravinagre kilikiaren irudi probokatzailea, Sanferminetako jairako gonbidapena eginez ageri dena. «Oso agerikoa da. Ez du azalpen handirik behar».

Sanferminetako kartel bateko leloa ingelesez onartu den lehenengo aldia da. Caravinagre-ren irudiarekin batera, kartelean I want you for San Fermin leloa ageri delako hizki larri eta beltzetan. Kartela diseinuaren historian oso ezaguna den Osaba Sam irudikatzen zuen kartelaren egokitzapena dela aitortu du egileak. Egileak txantxa bat egin nahi izan du proposamenarekin. «Kartel hartako ingelesez idatzitako leloa oso agerikoa zen. Ideia hori berreskuratu dut, eta esaldia bere horretan utzi dut mundu guztian ulertua izan dadin. Globala izan dadin». Leloaz gain, kilikiari «bizia» ematen saiatu da Alegria. «Benetako Caravinagre-k alde batera begiratzen du beti, baina hemen aurrez aurre begiratzen dizu, eta festara etortzeko esaten ari zaizu». Kartela ilustrazio digital bat da, eta irudiaren humanizazioan ere lagundu du kilikia zuri-gorriz irudikatu izanak. «Hasieran konpartsako jantziarekin jarri nuen, baina zuri-gorriz janztea proposatu zidan neska-lagunak. Erabat asmatu zuen».

Caravinagre kilikiaren irudia ez da arrotza sanferminetako kartel ofizialetan. 1947. eta 1997. urteetako sanferminak iragartzeko karteletan ere agertu zen. Irabazleak 3.600 euroko saria jasoko du, joan den urtean baino 600 euro gutxiago. Kartel garailea eta lehiaketan parte hartu dutenen artean, udalak hautatutako beste 102 kartel Rodezno kondearen plazako aretoan ikusi ahal izango da ekainaren 13tik abuztuaren 5a arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.