Bilbotarren artean galdetuz gero zein den hiriburuko parkerik garrantzitsuena, gutxik izango lukete zalantzarik erantzuteko, eta, ziurrenik, izen bera emango lukete gehienek: Casilda Iturrizar. Hori izan baita, betidanik, bilbotarren parkea, eta, horrexegatik, hala bataiatu zuten aspaldi: Bilboko parkea. Zabalguneko berdegunea ez da, alabaina, Bilboko parkerik handiena, Txurdinaga eta Etxebarriko parkeak baino txikiagoa baita. Hala ere, horiek ez dituzten altxorrak ezkutatzen ditu Casilda Iturrizar andreari eskainitakoak, hala nola zuhaitz exotikoak, eskultura bitxiak eta iturri zibernetikoa, batzuk aipatzearren.
Adineko bilbotar gehienentzat Casilda Iturrizar parkerik zaharrena ere bada, hainbat izenekin ezagutu badute ere. Duela mende bat hasi ziren Ricardo Bastida arkitektoa eta Juan Egiraun ingeniaria hasierako proiektua sortzen. Udal arkitektoa zen Bastida XX. mendearen hasieran, eta, antza denez, parkea sortu baino askoz lehenagotik zuen egitasmoa buruan. Iturrizarrek 1907. urtean laga zion hiriari parkea sortzeko lur saila, eta, horren trukean, haren izenarekin baiatzeaz gain, emakumearen eskultura bat ere jarri zuten Jesusen Bihotzetik gertu dagoen sarbidean. Agustin Querol Kataluniako eskultoreak sortutako irudiak hainbat kokapen izan ditu parke horretan eta, gaur egun, urmael batean dago, marmol zurizko zutabe baten gainean.
Bastidak bost urte behar izan zituen parkea eraikitzen hasteko, eta, azkenean, 1920. urtean ireki zuten. Pergola ezaguna ere, 20ko hamarkada horretan sortu zuten, Bilboko berdegunerik handiena izandakoak izen jakinik ere ez zuenean. Hiriko parkea besterik ez zen orduan, baina Hiru Nazioen Parkea izendatu zuten orain dela 70 urte, 36ko gerra piztu eta 1937. urteko ekainean hiria Francoren aldekoen esku erori zenean Espainiako Errepublikaren aurka matxinatutakoei laguntza eskaini zieten herrialde faxistak omentzeko, hain zuzen ere.
AHATEEN ERRESUMA. Azken hamarkadetan, berriz, herritar gehienek Ahateen parkea deitu izan diote Casilda Iturrizarkoari, asteburuetako ohitura izan baita parkeko urmaelera bertaratzea ahateak ikusi eta, debekatuta egon arren, animaliei janaria emateko joatea. Etenaldi bakarra izan du ohitura horrek, hegaztien gripeak duela bi urte eragindakoa, hain zuzen ere, urtebetez parketik eraman baitzituzten animaliak. Halako izurriterik ez denean hamabostero garbitzen dute urmaela udaleko beharginek, animaliak zaindu eta elikatzea eguneroko lan mardula duten arren. Ahate arruntekin hasi eta beltxargekin jarraituta, tartean hamar hegazti espezie topa daitezke parkean, hegazterrenak ere bai.
Ehun ahate inguru eta milatik gora zuhaitz bitxi gordetzeaz gain, Casilda Iturrizar parkeak oso bestelako aukerak eskaintzen dizkie herritarrei; besteak beste, musika kontzertu eta askotariko ikuskizunetarako agertokia, saskibaloian aritzeko jokalekuak, korrika egiteko ibilbideak, umeentzako jolastokiak eta askotariko jaialdietarako bilgunea. Iturri zibernetikoa da parkean bertan egiten dituzten ikuskizunetatik zaharrenetarikoa, uretan proiektatutako argi izpiekin sortzen diren irudi bitxiak plazaratzen dituena. Horrez gain, uda garaian eta, batez ere, Aste Nagusian, musika eta dantza saioak antolatzen dituzte bertan. Era berean, urteotan, lasterketak, familien eguneko ospakizunak edota Betizu jaiak egin izan dira han.
Sasoian egoteko aukera anitz ere badauzka Casilda Iturrizar parkeak. Korrikalariek, esate baterako, maila desberdinetarako prestatuak dauden ibilbideetan aritzeko aukera dute. Bizikleta zaleek, berriz, zuhaitzen artean ibiltzeko eta Ibaizabaleko itsasadarraren aldamenetik doazen bidegorriekin lotzeko aukera dute. Arte Museoaren ondoan ere, gimnasia zirkuitu bat dago, baina, horien guztien gainetik, parkeak duen baliabiderik preziatuena, zalantzarik gabe, saskibaloi jokalekuak dira. Kale Nagusitik dute sarrera, eta, egunero, eguraldiak ahalbidetzen duenean bederen, jokalariz gainezka egoten dira. Lagun zein aurkari berriak topatzeko abagune aparta da Bilbao Basket taldearen jarraitzaileentzat.
Casilda Iturrizar inguruan altxatu dituzten zenbait eraikinek, halaber, aipamen berezia beharrezkoa dute: Sheraton hotela, Euskalduna jauregia, Zubiarte merkatal gunea eta, batez ere, Bilboko Arte Eder museoa. Parkearen ardatzetik aldendu gabe, beraz, erosketak egin, antzerkira joan edota Zuloagaren koadroak ikusteko aukera dute bisitariek Ahateen parkean.
PARKEAREN GIDA
Izena: Casilda Iturrizar parkea, bestelako izenez ere ezaguna da, Ahateen parkea edota Bilboko Parkea. Frankismoak Hiru Nazioen parkea izendatu zuen.
Nola heldu: Moyua, Euskadi eta Jesusen Bihotzeko plazek Bilboko mapan osatzen duten hirukiaren barruan dago parkea, muga nagusiak Kale Nagusia, Abandoibarra etorbidea eta Artetxe Kondearen zumarkalea dituela. San Mameseko metro geltokiak Sabino Arana kalean duen irteera da parketik gertukoena, Moyuatik ere gertu badago ere. Tranbiak Euskalduna izeneko geltokia dauka, parkearen sarreran bertan. Jesusen Bihotzean geltokia duten Bilbobus guztiak ere erabil datezke.
Parkearen sarbideak: Kale Nagusitik lau sarbide daude, eta Jesusen Bihotzetik ere sartzea dago. Sheraton hoteleko inguruak, bestaldean, parkearekin bat egin dute azken zabalkundeaz geroztik. Arte Eder museoaren aurreko Euskadi plazako obrak bukatzean, sarbide nagusienetariko bat izango da.
Parkearen datuak: Duela mende bat sortzen hasi zen Ricardo Bastida udaleko arkitektoaren adimenean eta handik bost urtera hasi zen eraikitzen, Juan de Egiraun ingeniariarekin batera. Pergola 20ko hamarkadan egin zuen Pedro Guimonek.
Eremua: Egin berri duten zabalgunearekin, 103.500 metro koadroko eremua hartzen du parkeak, eta, horietatik, 80.000 inguru, berdeguneak dira.
Zuhaitz eta landare aipagarrienak: Kanforondoa, Brakikitona, Atlaseko zedroa, Pago Gorria, Palmondoa eta Hagina.
Fauna: Ahateak, beltxargak, hegazterrenak.
Erabilera baldintzak: Ez dago bizikletaz edo patinetan parketik ibiltzeko inolako debekurik, oinezkoekin kontua izanez gero. Landetan jateko eta edateko trabarik ere ez dago.
Ordutegia: Casilda Iturrizar zabalik dago, eta inguruko kaleekin bat egiten du. Hartara, gauez ere bisitatzeko aukera dago.
Parkearen jabetza: Publikoa da, azken zabalgunea Bilbao Ria 2000 erakundeak eraiki badu ere.
Informazio osagarria: www.bilbao.net, Parkeak eta lorategiak atalean.