'Clown'-ak Bilbora iritsi dira

Oihulari Klown taldeak 'Alfonbra magikoa' eta 'Ondoeza Klownikoak' ikuskizunak estreinatuko ditu

Oihulari Klown taldea Bilbon izango da, gaur. MANEL SALA.
2012ko abenduaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Etxeko txikiek barre egiteko aukera izango dute gaur, Oihulari Klown Gipuzkoako konpainiako pailazoekin. Izan ere, taldeak azken bi ikuskizunak estreinatuko ditu gaur, Bilboko Campos Eliseos antzokian.

Virginia Imazek (Donostia, 1962) zuzentzen du konpainia: eguneroko gaiak taula gainera eraman, eta umorearekin tartekatu ohi izan ditu betidanik. Zuzendariaren hitzen arabera, pailazoak «ispilu soziala» dira, eta «bizitza ulertzeko, ikuspuntu komikoa topatzea merezi du».

Gaur, Oihulari Klownek azken bi ikuskizunak estreinatuko ditu: Alfonbra magikoa eta Ondoeza Klownikoak. Lehenengoan, Inozentzio eta Katxixa liburutegi batera iristen dira eginkizun misteriotsu batek bultzatuta: Asper-poto munstroa harrapatzeko lagungarri izango zaien liburua aurkitzea. Istorioan, bideo-jokoak parodiatzen dira, eta irakurketa aisialdi alternatibo gisa aurkezten da.

Ondoren, Ondoeza Klownikoak ikuskizuna izango da ikusgai. Mediku kontsulta batek eta kanpoaldean itxaroten ari den Pauxak (Imazek antzeztua) hartzen dute protagonismoa. Istorio horretan ere, eguneroko gai bat jorratzen da: emakumeen eta osasunaren arteko harremana. Horrela, osasunak sortzen duen estresa eta neurosia umorearekin landuko dute.

OIHULARI KLOWN

Noiz. Gaur, 17:30ean.

Non. Bilboko Campos Eliseos antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.