Azken bolada honetan, komunikabideen bonbardaketa «zeobi» gutxiago isuri behar dugula esaten ari zaigu. Etxeko bonbillak amatatu, garraio publikoa erabili edota supermerkatuetan plastikozko poltsarik ez hartzea dira aholkuen artean entzun ditzakegunak.
Publizitateak ez du esan, baina nekazaritza ekologikoak ere zeobi isurketak murriztu ditzake, gai organikoa lurrean metatzen duelako eta petroliotik datozen produktu gutxiago erabiltzen dituelako. Alabaina, bonbardaketa honek ildoa markatzen digu, baina hein berean funtsezko mezutik desbideratu ere.
Mila gauza egin ditzakegu atmosferara zeobi gutxiago botatzeko, baina gizarte kontsumistaren barruan gaudenez, ia beti gure kontsumoa areagotuko dute. Eta ez zaigu burmuinetik ezta segundo batez ere pasatuko benetan beste eredu bat behar dugula planeta salbatzeko. Beno, gure bizimodua salbatzeko hobe esanda.
Gizakia agertu bitartean, planeta honetako izaki orok egoera desberdinetara moldatzen ikasi zuen, adaptazio ebolutiboa esaten zaion mekanismoa erabiliz eta munduko aniztasuna sortuz. Gizakiok bestelako mekanismoa garatu dugu. Laburrean esanda eta harira etorriz, 9.000 milioi tona zeobi isurtzen ditugu urtero, eta 5.000 besterik ez dira atmosferatik berriz ateratzen. Emaitza: 4.000 milioi tona gehiago daude atmosferan urtero.
Uste al duzu etxeko bonbillak aldatuz honi buelta emango diogula? Eguneroko eginkizunen bitartez norabidea, eta batez ere, zentzua, aldatzeko gai garela sinestuta bazaude, beste datu bat emango dizut: Europako nekazaritza osoa ekologikoaren parametroetara ekarriko bagenu, 60 milioi tona inguru harrapatuko genituzke urtean. Eta beste 3.940 milioi tonekin zer? Urtero urtero. Gure eta gure ondorengoen jarduera oso bestelakoa beharko du izan, baina segur aski aldaketa ez da publizitate instituzionalaren bidez etorriko, ez eta gure kontzientzia aldaketaren eskutik ere. Gure kamustasun historikoa zuzendu baino lehen petrolioa bukatuko da. Eta orduan gorriak ikusiko ditugu, baina agian gerta daitekeen onena horixe izango da, petrolioa ahalik eta azkarren bukatzea BENETAN beste energia iturrietan apustu egin dezagun.
Beraz, zeobiarekin kezkatuta gaudenontzat, bi bide irekitzen zaizkigu. Bata, oraingoz gutxiengo batek hartu duena, deshazkundearen eskutik eramaten gaituena, petroliorik gabeko mundura transizio leuna bilatuz. Bestea, oraingoz inork defendatu ez duena baina ia guztiok egiten duguna: kontrako bidetik joatea, petrolioaren amaiera aurreratze aldera, paretaren kontra abiatuz.
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65
[email protected]
Elikadura. Eko-tik
CO2 eta kontsumoa? Klima aldaketaren inguruko ohartarazpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu