Suediaren eta Finlandiaren arteko mugan dagoen Haparanda herrian girotutako telesail honek Hans Rosenfeldten izen bereko eleberria du sustrai. Rosenfeldt ez da soilik idazlea; gidoilari eta zuzendari trebea ere bada, Bron/Broen (2011), Marcella (2016) beste telesail arrakastatsu batzuen atzean dagoen burua. Vargasommar-en ere, haren estiloan ohikoak diren tentsioa, giza konplexutasuna eta atmosfera trinkoa dario istorioari, baina zuzendaritza lanetan Jesper Ganslandt suediarra arituko da.
Hannah Wester protagonista Haparandako polizia agente ezaguna da; langile eta baliabide urriko komisaria batean jarduten du egunerokoan. Duela hogei urte Elin alaba era misteriotsuan desagertu izana bihotzean darama iltzaturik, eta bai berak, bai senarrak zailtasunak dituzte bizitzaren hariari berriz eusteko.
Mugaren beste aldean, Finlandian, aurkituko duen gorpuak, droga trafikatzaile odoltsu batzuekin lotura izan lezakeen kasu bat argitzera eramango du. Indarkeriaren zurrunbilo basatiak herria astindu eta aztoratu egingo du, eta bake itxurako gainazalaren azpian ezkutuan zegoena agerian utzi.
Trama nagusia garatuko den kokalekua ez da ausazkoa izango: ingurune horren testuinguru sozial, politiko eta ekonomikoak funtsezkoak izango dira Hannahk ikertzen duen kasuan. Iparraldeko noir generoan ohikoa den bezala, kokalekuak ez du pertsonaia nagusien azpitik jokatzen; funtsezko aktorea da, isilpean baina irmo narrazioaren arnas beretik bizi dena.
Thrillerra, drama eta umore beltza nahasten ditu istorioak, eta leialtasuna, mendekua eta justizia ditu gainean hegaka, istorioaren gainetik beti presente.
Pertsonaia inperfektuek ehuntzen dute istorioaren benetako muina; kontraesanez, zauriz eta isiltasunez beteak daude, eta gizatasun zartatuaren ispilu dira. Hannahren rolean Eva Melander suediarra arituko da, Border filmean egindako lan bereziagatik ezaguna. Haren interpretazioak barne gatazka eta kemena uztartzen ditu modu sotil baina indartsuan. Presentzia hipnotikoa izango du Eliot Paulina Sumnerrek ere —Coco Sumner izenez da ezaguna—, Sting musikariaren seme ez-binarioak, Kateren rolean. Modaren eta musikaren munduan arrakasta izan ostean, aktore lanetan murgildu da azken urteotan, eta iaz, esaterako, Ripley telesail zoragarrian azaldu zen.
Coen anaien itzala
Telesailak giro eta tonu berezia du. Coen anaien kutsuak zipriztinduta dago, bereziki Fargo-k eta No Country for Old Men-ek, non dena kasu hutsal baten itxurapean hasten den, baina ur tanta txikia dirudiena bizitzak hankaz gora jarriko dituen olatu bilakatuko den: pertsonaien egunerokoa astinduko duen indar ezkutua, istorioaren pizgarria. Coendarrek maiz erabiltzen dituzten osagaiak azalduko dira oraingoan ere: pertsonaia galduak, egoeren pisuaren pean makurtuak, norabide zehatzik gabe ibiliko dira trama korapilatsu honetan. Indarkeria gordinaren eta ustekabeko umore beltzaren arteko dantza sortuko da hor.
Azkenaldian Eskandinaviako telesail kriminalen artean sortu den proposamenik interesgarriena da Vargasommar: hotzaren eta iluntasunaren artean, distira propioz nabarmentzen da.
FITXA
- Sortzailea. Jesper Ganslandt.
- Herrialdea. Suedia.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Eva Melander, Eliot Sumner, Amed Bozan eta Nora Bredefeldt.
- Non ikusi. Filmin.
- Atal bakoitzaren iraupena. 45 minutu.
- Generoa. Thrillerra, drama.